Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Glototerapia

2018ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Ez duzue sinetsiko, baina XXI. mendearen bukaeran oso gaizki ikusia zegoen euskaraz ez mintzatzea. Urteetako ahaleginek emandako fruituei esker, ez zen Euskal Herrian euskaraz hitz egiteko gai ez zen lurtarrik... tira, beno... baziren kasu isolatu batzuk, isolatuaren isolatuaz, psikologo eta psikiatren aztergai bihurtu zirenak. Ez zen kopuru deigarririk salbuespen kasuen artean, baina zientzialariei arreta emanik, BCBL ikergunean atal berezi bat sortu zuten hizkuntz patologia ezezagunak aztertu, tratatu eta, nagusiki, sendatzeko: glototerapia.

Ikergunera jotzen zuten hiztun gehienen gaitza primum verbis phobia izendatutakoa zen: latinezko izenak iragarri bezala, izua eragiten zien lehen hitza euskaraz egin eta hartzaileak hizkuntza berean ez erantzuteak. Estatistika eta iritzi publikoa alde izanagatik, probabilitatearen zirrikitu txikia karkaba bihurtzen zitzaien, eta aurrez ezagututako tabernetan edo vending makinetan baino ez zuten hartzen kafea, berbarako (edo, hobeto esanda, ez-berbarako).

Beste gaitz nabarmenduetako bat illegitimus orator perturbatio izenekoa zen, edo euskara jatorrean, hiztun zilegitasungabearen nahasmendua: txikitatik euskara ikasi arren eta hizkuntz gaitasunaren egiaztagiri guztiak lortu arren, jatorriz ingurune ez hain euskaldunetako hiztun bakan batzuek beren burua gutxiesteko joera kontrolagaitza garatzen zuten. Beren euskarak ez zuen tararik, aratz-aratza zen, baina hiztunek gutxiespen automatikoa sentitzen zuten euskaldun ustez euskaldunagoen presentzian. Eta, bide batez, gaitz horrek bazuen aitzakia gisa balio zion beste patologia pare bat: larrienari linguamuggle sindromea deitu zioten, Harry Potterren liburuetako terminologia baliatuz, XX. mendeko euskaldun zahar eta berrien izendapen baztertzailea oraindik erabiltzeko mania berezia zuen jendearen gaitzari. Ez hain larria, baina gaitz okerragoen sintoma izaten zen, bestalde, domus nostrae patologia, «zuen etxean nola esaten duzue?» galdera erdal jatorriko familietako euskaldunei etengabe egitea eragiten zuena: guk erbinudeari «ogigaztaia», guk gurpilari «errubera»... Eta ezin ahaztu, noski, aditu askok gaixotasuntzat onartzen ez zuten propensio ad culpa pro administratione edo Maialen Lujanbioren hizkuntzaren gaitz ororen erantzule unean uneko eta tokian tokiko gobernua egiteko joera.

Aurreko gaitz guztiek modu orokorrean eragiten zioten hizkuntzari, baina baziren soilik modu jakin batean edo atal batean garatzen zirenak. Bilbo eta Gasteizko ospitaleetan ez zen hain arraroa euskalki fantasmaren sindromeak jotako jendea ikustea larrialdietako itxarongelan: besoa ebaki eta gero oraindik besoa sentitzen duenak bezalaxe, hiztun haiek sekula izan ez zuten euskalki baten hutsunearen presentzia edo presentziaren hutsunea sumatzen zuten bat-batean. Galdetzen hasiz gero, ez zekiten zein zen euskalkia, ezta nolakoa ere, baina hutsune nabarmena zutela zioten, euskaldun osoa izateko euskalkia izatea ezinbestekoa zela iradokitzeraino. Sindrome haren bilakaera omen zen bernakulosia edo euskara batua euskalkiz mozorrotzeko saiakera desesperatua zekarren birusa: muxutxuek, administraziyuba, kotxiye, ttelefonuñe... jatorra behar zuen hark egundoko algarak eragiten zituen euskalkia mintzatzen zekitenen zirkuluetan. Eta halako zirkuluetan batzen ziren nagusiki batuaren intolerantzia diagnostikatua edo diagnostikatu gabea izaten zutenak: euskalkian hazitako zenbait hiztuni, alfabetatzea euskara batuan egin arren, ezinezkoa egiten zitzaien euskara batuan hitz egitea. Bazekiten arazoak zenbait ate ixten zizkiela, baina nahiago zuten ETBko albistegiko esatari izatearen ametsari uko egin eta lasai bizi.

«Nik ezin dut sinetsi hizkuntz ohiturak aldatzea erretzeari uztea baino zailagoa izan daitekeenik» zioen XXI. mendeko bertsolari batek; zorionez, gaitz gehienen behin betiko sendagaia ez aurkituagatik, psikiatra eta psikologo guztiek esaten zuten sendatzeko biderik azkarrena hitz egitea edo egiten jarraitzea zela, hau da, glototerapia bera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.