mikel elorza
ARKUPEAN

Zera bukatuko zen!

2018ko martxoaren 28a
00:00
Entzun
Lanak ez gintuen aske egin, kontratudun esklabo baizik (eta batzuk kontratudun esklaboen kontraturik gabeko esklabo). Eta teknologia berri deitutakoekin bide beretik goaz. Aske egin gintzaketela zirudien, ekoizpen-bideak gure esku jarriko zituztela pentsatzera ere iritsi ginen, baina esklabo jarraitzen dugu. Hori bai, esklabo konektatuak. Lehen ere salatua dut sarea eta beraz komunikazioa mendean hartua dituen sistema, konpainia handiek ezartzen dizkiguten eta derrigorrean onartu beharrean gauden lan egiteko moduak. Batik bat lan egiteko modua bizitzeko modu bihurtua dugunetik. Behiala tailerreko ugazabari onartuko ez geniokeena txintik atera gabe onartzen diegu Googleri, Appleri, Adoberi, Microsofti, Oracleri... Baina, tira, alde batetik, tailerretako ugazabek ere azken urteetan ez dute oztopo handirik langileei eskubideak Simtronak odola baino gehiago mehetzeko, kontratu gero eta hutsagodun esklabo bihurtuz. Eta bestalde, sareak dakarrena ez da errealitatearen isla baino, eta errepikatu egiten ditu, forma berriekin bada ere, molde zaharrak.

Eta beraz, ergelkeria da epai etiko/apokaliptikoak egiten ibiltzea teknologia berrien inguruan, ahaire harpetarra hartzen duten diskurtso teknofobikoak egitea, nahiz eta doinu ustez natul batekin egin. Oro har gure bizimoduen inguruan egiten ez dugun epairik ez, behintzat.

Nahiz eta onartu beharra dagoen bizitzen bezainbat nozitzen ari garen algoritmoen diktadurak tarteka goia jotzen duela. Modu proportzional batean telefonoa zenbat eta adimentsuagoa gu gero eta ergelago garela sinestera ez naiz iritsiko, baina edonork esanen luke gure bizimoduen leihoak zabal-zabalik utzi ditugula eta askotan geure edukiak bainoago, gu geu gaudela hodeian. Bizimodua pasahitz eta gakoez bete digute, baina gure barruetara sartzeko leihoak libre utzi dizkiegu. Uneoro gure berri ematen diegu —robotei,ez pertsonei—, eta haiek —pertsona batzuek, ez robotek— trukean mundua eskura jartzen digute, batzuetan, eta desirak betetzen dizkigute, oso gutxitan, eta maizenik hala dela sinetsarazten digute, baina berez eskuraezin diren gauzak desirarazten dizkigute. Dena ezin modu sofistikatu eta modernoagoan, hori bai.

Eta okerrena: harreman komertzial hutsa dena harreman emozionaltzat saltzen digute. Tira, saltzen ez dugu esango, zerbitzatu egiten digute. Krudelagoa: guk geuk deskargatzen dugu.

Saretik kanpoko munduakzeren eta bada, izan, bada— eskaintzen duena ez da, nolanahi ere, itxaropengarriagoa. Algoritmoaren diktadura ez ezik, Espainiako Estatuan auzitegietako diktadura bizi (eta batez ere nozitzen) dela aspaldi esana dugu. Katalunian pairatzen ari dira, diktadura hori gainera demokrazia eta askatasunaren eredu gorena dela laudatzen duen abesbatza mediatiko eta politiko izugarriarekin. Zer irakurri eta entzuten den, ez sinestekoa da. Eta ez da izango lehenago entzun eta irakurri ez ditugulako handiak. Hamaika ikusteko jaio ginen ez dakit, baina entzun eta irakurritakoek dozena aspaldi utzi zuten atzean!

Eta derrigorrean aipatu behar diktadura ez ezik genozidioa ere bizitzen ez, hiltzen ari den herri kurdua. Afrin. Beste hainbesterekin batera gorde beharko genukeen izena, idatzi gabeko lotsaren historia unibertsal horretan, errelatua egiteko hautagai gutxi —bestela hain kezkatuak— duen historia horretan. Gero etorriko dira adierazpenak, deitoreak, filmak... Hildakoen hautsa ere erabat garbitua gera dadinean. Horrorea parke tematiko egiteko tenorea irits dadinean.

Igande honetan —aberri eguna?— berriro irakurri ahalko dugu frankisten garaipen egunekoa, 39ko apirilaren 1ekoa: «Cautivo y desarmado el Ejército Rojo...la guerra ha terminado». Bukatu?!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.