mikel elorza
ARKUPEAN

Justiziarik ez

2018ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Ezer berririk ez duzula esango jakinda, nekosoa egiten da urtetan hainbat bider esandakoak, entzundakoak, irakurritakoak errepikatzea. Nekosoa idatzi behar dituenarentzat, areago hartzailearentzat. Baina hala eta guztiz ere, zenbait gauza esaten jarraitu behar.

Zuzenbide fakultateko asanblea bat dut gogoan, arrazoia ez; izan zitekeen inportantea, edo ez hainbeste, gauza «arinengatik» ere batzuetan protesta egiten genuen garaiak baitziren haiek, greba eta klase-uzteak ere. Baina badakizue, inoiz erratzen dela onartuta ere, beti paratuko naiz protestagilearen alde. Asanblea bat zen, beraz, eta ikasle suharrok hartzen gintuen eztabaida beroan orduko liderretako batek, iritzia oinarritu nahian, argudiatu zuen Zuzenbide ikasleak izanik, pentsatzekoa zela Justizian sinesten genuela eta Justiziaren egitea zela gure desioa... Iritzia ez, argudioa konbatitu genuen hainbatek —intimitate samarrean seguruenik, ez dut gogoan interbentzio jendetsurik, are gutxiago hotsandikorik—: Justizian sinetsi!? Utikan! Sinetsi, ezertan ere ez, eta Justizia, letra larriz idazten den hori, borrokatzeko ari ginen ikasten batzuk. Bizi genuen mundua ikusten hasiak ginen, eta Justizia, irudiak bestela badio ere, ez zen itsua. Eta ezpata handia eta zorrotza zeukan esku batean. Eta dauka oraindik. Eta bestean balantza, baina beti alde batera zamatua.

Urte mordoa joan da ordudanik, baina orduan ez nengoela oso oker —horretan, zeren eta beste hainbat gauzatan...— esango nuke. Justiziaren izaerari buruz, bederen; ez hainbeste hura borrokatzeko orduko asanblean geundenon asmo eta grinez. Asko zertan ari den ikusita.

Ekuazioa sinplea da, ez naiz ni orain igitaiari nondik heldu behar zaion esatera etorriko: sistemaren zutabeetako bat da Justizia —erakunde gisa, eta beraz jardun gisa—, eta hortaz injustua sortze beretik. Boteredunaren aldekoa erabat, boteregabearen mesedeko berme eta printzipio batzuen noizbehinkakoagerpenak nagusitasun orokorra sendotu baizik ez baitu egiten.

Altsasukoak ditut akorduan. Esan genezake, esaten dugu, auzi horrek Justiziarekinez daukala zerikusirik, eta hain zuzen ere Justizia dela eskatzen dena, datorren zapatuko manifestazio (espero) oso jendetsuan eskatuko duguna. Justu kontrakoa da, baina, nire ustez. Justiziarena da jasotzen ari diren ezpata-kolpea, hiru lagun 500 egunetik gora espetxean eta bizitza osoko kartzela-eskaerak barne dauzkana. Justizia da amesgaizto imajinaezina zirudiena errealitate bihur dezakeena —dagoeneko bihurtua duena baino areago—, zigor latzak berretsiz gero. Gertatuko balitz—eta astakeria nik inoiz ezagututako handiena bada ere, Espainiako Estatuan egun hori litzateke normalena—, Justiziaren babesa izango du erabakiak. Denik eta bidegabeena izanda ere, Justiziaren berme guztiak izango ditu. Ez baitaude, gure diskurtso eta pentsamenduzko eraikuntzetan bestela dela pentsa dezakegun arren, letra larriz eta letra xehez idatz daitezkeen justizia diferenteak. Egituretatik at aldarrikatzen den Justizia maizenik mendekua da, legea gogorrenean ezar dadin, edo legearen beste interpretazio malguagoa; nork eskatzen duen. Gure konstruktoetan izan ezik, Justizia da auzitegi eta epaitegietan egiten dena, eta esan bezala, ez itsua, ezpataduna, eta balantza beti alde berera zamatua. Azken hilabeteotako albisteak errepasatu besterik ez dago: hemen, Bartzelonan edo Madrilen.

Datorren astetik aurrerako torturaren azken txanpa horretan, beraz, nire desiorik handiena Altsasukoek Justiziaren atzaparrei ihes egin diezaiotela. Ez dadila justizia egin. Eta ahalegina hori hala gerta dadin. Hamaika aldiz esandakoak berriro esaten, toki guztietan esaten, ozen esaten: Altsasukoak aske!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.