ARKUPEAN

Paradisua infernu denean

Joxerra Garzia -

2016ko apirilak 2
Imajina ezazue burdinazko bola bat, mundua bezain handia, eta bola hartan inurritxo bat korrika txikian jira eta bira etengabean [20 bat segundoko isilunea]. Imajina ezazue zenbat denbora behar lukeen inurritxoak mundua bezain handi den burdinazko bola barru-bete trinko hori bere hankatxoen higaduraz erdi bi egiteko [20 bat segundoko isilunea]. Bada, denbora hori guztia pasatuta ere, eternitateko segundo bakar bat ere ez litzateke artean pasatu izango [20 bat segundoko isilunea]. Eta denbora horretan guztian infernuko sutan erretzen beharko duzue, baldin eta bekatuan hiltzen baldin bazarete [eternitate beteko isilunea]».

Zortzi bat urte nituen arestiko hitzok entzun nituenean, Irungo Lasalletarren ikastetxean. Ezin dut ziurtatu fraide beltzak hitzez hitz horixe esan zuenik, baina bai horren oso antzeko zerbait esan zuela, eta, batez ere, ni neu nola etxeratu nintzen egun hartan (ere): izuaren izuz koskabiloak (eta gogo aldartea) zimur-zimur eginda.

Behin baino gehiagotan galdetu izan dit semeak, begiak arranpalo, nola litekeen horrelako pitokeriak sinestea. Ez da erraza izu hori bizi izan ez duenari behar bezala erantzuten. Olentzero eta Errege Magoak aipa litezke, noski: txikitan nola sinisten dugun guztiz benetakoak direla, eta abar. Azaltzen zailagoa da, ordea, ume izateari utzi eta hala ere nola jarrai dezakezun horrelako ipuinak sinesten.

Kontua da guretzat Aiako Harria, sukaldeko mahaia edo osabaren ehize zakurra bezain erreala zela garai hartan infernua. Bestalde, orduko sermoilariak oraingoak baino trebeagoak ziren diskurtso bidez objektuak eraikitzen. Eternitatearena ez zen noski izugarriena izango, fraide eta apaiz jendeak izua baitzuen orduan lanabes nagusi, batez ere aste santuko misioetan. Bada horri buruz liburu ederrik; besteak beste, honako hauek: Aldi hartan eta Arantzazuren inguruan, Eugenio Agirretxerena; Oraingo gazte eroak. Gogoetak ETAren sorrera inguruko giroaz eta gaurkoaz, Joxe Azurmendirena; eta Euskaldun Fededun, Belen Altunarena... Kontuak kontu, kristau fedea galdu genuen arte infernuko suaren beldur bizi izan ginen gu, eta hori ulertu gabe ez dago ulertzerik garai hartan gu zer ginen.

Aste santuak santutik gero eta gutxiago duen honetan, Bruselako atentatuak direla eta berpiztu zait infernuzko eternitatearen kontu hori.

Atentatuen ostean, hedabide guztiak etengabeko kalaka antzu nardagarrian aritu zaizkigu, egunero-egunero eta egunean hogeitalau orduz, kaka esplikatzen.

Beste disparate latz askoren artean, atentatugile suizidak «koldarrak» direla ere entzun eta irakurri dut. Sutan jartzen naiz horrelakoekin, frankismoaren ondorengo ETA gaitzetsi nahi zuten batzuei ETAkideak «mertzenarioak» zirela entzun eta irakurtzen nienean bezala. Errealitatea den bezala onartu ezean, ez dago errealitate hori ulertzerik (eta are gutxiago aldatzerik). Baliteke ETAkide batzuk, beharbada asko edo are gehienak ere, fanatiko itsuak izatea, baina ziur nago ETAn ez dela inoiz inor dirua irabaztearren sartu.

Oraingora etorrita, zer arrazoi izan dezake Belgikan jaio eta (materialki dezente ondo) bizi den batek bere burua horrela suntsitzeko? Arrazoia koldarkeria dela esaten tematzen bagara, ez dugu behin ere deus ulertuko. Eta konponbidea aurkituko bazaie, aurrena arazoak behar bezala ulertu beharra dago.

Guretzat infernua bezala, oraingo atentatugile suizidentzat ere ez dago suntsitze trukean irabaziko omen duten paradisua baino errealitate errealagorik. Hori ulertuta ere, egoera gainditzen lanak izango genituzke, jakina; hori ulertu ezean, ordea, eternitate guztia horretan saiatuta ere ez diogu arazoari konponbiderik aurkituko.