elixabete garmendia lasa
ARKUPEAN

Luxuzko pintxolandiatik

2016ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Luxu handirako azpiegitura falta da: adibidez, txalet berealdikoak alokairuan. («villas imponentes»). Isabel Muelak esana (Diario Vasco, 2016-10-23). Turismoko Zuzendaria izan zen Patxi Lopezen gobernuan eta Turismoko Sailburuordea da abenduaren bostaz geroztik Jaurlaritzan.

Xehetasun gehiago ere eman zuen elkarrizketa hartan dagoeneko EAEko turismoaren arduradun denak: nahiz eta geroz eta eros-ahalmen handiagoko turistak datozen, oraindik konparaziorik ez —dio— Eivissa, Katalunia eta Andaluzia bezalako helmuga top-ekin.

Egundoko txalet horiek bilatzen dituztenak izango dira —diot— Trumpen eskolakoak, xeke arabiarrak edo magnate errusiarrak. Halako bat ezagutu genuen udazkenean Donostian; ETBko albistegietan ere eman zuten nola Pasaiako portuan sartu zen mega-yate fantasiazko bat, munduko hamar itsasontzi luxuzkoenen artean omen dagoena: 230 milioi euro. Haren jabea, Andrey Melnichenko. Jarraipena egin zioten egunkarien arabera, Subijana, Berasategi eta Arzak sukaldarien jatetxean izan ziren magnatea eta haren emaztea Donostian egon ziren bitartean. Mirakontxako apartamentu batean hartu omenzuten ostatu: Kristoren txaleta falta!

Alokatzeko ez, baina saltzeko badauzka txalet garesti askoak Zurriolaren parean dagoen nazioarteko higiezinen agentzia batek. Eta, badaezpada, errusieraz ere jartzen ditu iragarkiak, Melnichenkoren bat parean pasatuta ere.

Oraindik ez dugu jaso Turismoko Sailburuordeak daukan egitasmoaren berririk, baina urrian emandako elkarrizketa horren arabera pentsa daiteke luxuzko turismoa behintzat bultzatuko duela. Villa imponente horiek non? Donostiaren auzo izatera kondenatutako Igeldon agian?

«Turismoarentzat, Basque Country gara». Hori Isabel Muelaren beste egiatako bat. Zein artista exotiko fitxatuko ote dute datorren urtean Basque Country marka munduratzeko? Ze, aurten, New Yorken bizi den artista hegokorear batek egin du lan hori: Yoon Hyupek. Basque Country-n behin izanda omen zegoen: Bilbon. Baina enkarguarekin batera eman zizkioten toki enblematikoen argazkiak —Bizkaiko Zubia, Guggenheim, Loiola, Haizearen Orrazia,Gasteizko Katedrala...— eta horrela osatu zuen Basque Country-ren skylinea.Euskal Herrian ez zegoen nonbait halako lana egin zezakeen artistarik.

Aurtengo abuztuan, Eneko Goia Donostiako alkateak iradoki zuen tasa turistikoa jarri behar ote den indarrean, Udalak turismoarengatik izaten dituen gastuak —garbiketa, segurtasuna...— neurri batean behintzat berdintzeko. Goiak hala erantzun zion hirian geroz eta ozenago entzuten ari zen turista kopuru gehiegizkoaren kontrako ezinegonari. Izan ere, Donostia 2016 bizikidetza derrigortu eta deserosoaren hiriburu bihurtu zen udan. Kontua da arazoa ez dela konponduko tasa turistikoekin. Turismoaren eredu osoa da kinkan dagoena. Eta horren oinarrian, gizarte eredua.

Miren Urkixo, EHUko irakasleak: «Hiriak eta herriak salgai daude, marka bat dira, eta enpresek ahal duten guztia egiten dute nortasun hori sortzeko. Eta herritarrek irudi bat erakutsi behar diete etortzen diren turista eta bisitariei. Egun, hemengo bizilagunak ikusle pasiboak eta figuranteak dira» (Irutxuloko Hitza, 2016-12-02).

Figuranteak, Pintxolandiari kolorea ematen dioten tripazorroak. Edo figuranteak, luxuzko txaletetan zerbitzatzeko staff-etakoak, horiek ere beharrezkoak baitira Isabel Muelarentzat. Nolanahi ere, kolonizatu gaitzatela munduko aberats zahar eta berriek, eta baita ez hainaberats den tropak ere. Mendiko aziendak burdina goriaznola, halaxe ari zaizkigu markatzen Basque Country-a bizkarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.