ARKUPEAN

Neskamearen ipuina

Pilar Kaltzada -

2017ko ekainak 29
Gurasoek kontatzen dute Extremadurako mendilerroko herri lehor hartatik Euskal Herrira iritsi zirenean, ura sobera zuen etxe bat aurkitu zutela Urdulizen. Hantxe lekutu zirela urte pare batez edo, eta itsasoa gertu, euria etengabe egiten zuen inguru baten, hango oparotasunak txundituta geratu omen ziren. Eta amak kontatzen du etxe-aurrea urez garbitzen zuela goizero eta ilunabarrero, ez zikina zegoelako, mahukatik ateratzen zen uraren jario mardulari begira hartzen zuen plazerarengatik baizik. Asko harritzen omen ziren ondoko baserriko emakumeak esaten zienean ura alferrik ez xahutzeko, ugari jasotzen dena ere noizbait bukatu egiten delako, deus ere ez baita debalde emana. Eta iragarri modura gertatu zenean, ur-emaria eskasten hasi zen udagoienean, lezio ederra hartu zutela esaten dute gurasoek.

Gurean maiz aipatzen da pasadizo hori, eta akordura etorri zait behin baino gehiagotan azken aste hauetan, aspalditxo irakurri nuen Neskamearen ipuina (The Handmaid's Tale, 1985) Margaret Atwood kanadarraren lanak eragin duen soka luzearen argitan, HBO etxea telesaila bihurtu eta emititzen hasi denetik hitzetik hortzera dabilelako.

Gizarte atzerakoi, malmutza eta iluna bilakatu da istorioa gertatzen den tokia, noizbait Ameriketako Estatu Batuak izan zena idazlearen fantasian Gilead bihurtuta. Presidentea eta Kongresuko kide ia guztiak akabatu dituzte, eta erregimen teokratikoa eratu dute balio atzerakoienak oinarri hartuta. Boteredunen zerbitzurako bilakatu dira emakumeak. Lan egiteko, soldata bat izateko, bikote-harremanak eta familia izateko eskubideak kendu zaizkie egun batetik bestera, eta gizon boteredunen jabetza bilakatu dira, ugalketa soilerako: umerik apenas jaiotzen den munduaren iraupenerako nahitaezko katebegia dira. Giro itogarrira da. Nobelan zehar ez da emakumeen izenik aipatzen, jatorri-izenik behintzat: protagonista Offred da, Fred-ena, nahieran bortxa dezakeen komandanteak errentan duen ondasun soila. Apetarakoa.

Atwood idazleak hamaika aldiz azaldu du distopia bat dela, fikzio bat, eta dio horixe dela idazlearen zereginetako bat: gerta daitezkeen etorkizun posibleen artean bat aukeratzea, eta horren gainean eraikitzea, dela atsegingarrirako, dela gogoeta eragiteko. Berak gaiztoena aukeratu omen zuen geuri zer pentsatua eragiteko. Eta esango nuke aise lortu duela helburu hori, istorioak aurrera eta atzera egiten duenean, protagonistak bere bizimodua nolakoa zen gogoratzen duenean, barruak mugitzen dizkizulako kontatzeko bere modu soilak, eta ohartu egiten zarelako, ñabardurak gorabehera, sinesgarri egiten zaizula bertan kontatzen dena.

Asmatu egin du idazleak piku egiten duelako zornaturiko zaurian. Urdulizeko baserri hartan gure gurasoek ura ez zela sekula agortuko uste izan zuten, euria egiten zuelako franko eta inguruak berdatuta zeudelako. Eta horrelaxe ikusten ditugu geuk ere geure eskubideen bazterrak, geureak behintzat. Munduan, alta, neska gazteak ezkontzera derrigortu egiten dituzte, neskato izateari uzten diote gure alabak jolas-parkean ari diren adinean, eta gurean zein unibertsitate-ikasketa egingo duten beste kezkarik ez duten bitartean, bi aldiz erditu dira, eta hirugarrena laster helduko da, senarra lehenago etxetik bota eta beste neska gazteago bat hartzen ez badu, behintzat. Eta ez du jakingo zer den txarrago: gauero bortxatuko duen gizon horren emazte izaten jarraitzea edo etxetik alde egitea, nora bueltaturik ez baitu emazte zapuztuak. Fikzioa? Ez, egunerokoa munduan milaka eta milaka emakumerentzat.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna