Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Ergatiboaren erreferenduma

2017ko irailaren 12a
00:00
Entzun
2028. urteko urriaren 1a: Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak eta Euskal Elkargoaren Kontseiluak data hori ezarri zuten galdeketarako. Fetxa seinalatuak hamaika urte lehenago Katalunian izandako emaitza ikusita, superstizio kontua zen Jesus Umearen Teresatxo Deunaren egunari eustea, baina halaxe erabaki zuten euskal agintariek. Rementeria lehendakaria Teleberrin boto-paperen testua irakurtzen ikusteak oraindik tarteka ematen zuten Vaya Semanita-ko atala zirudien, baina 1960ko hamarkadako hatxearen afera ezagutu zutenen bekainek ez zuten zirkinik ere egin: «Nahi duzu euskara ergatiborik gabeko hizkuntza izatea?».

Erreferendumaren deialdiaren biharamuneko TVEren albistegiak zazpi minutu eskaini zizkion nork kasuari. Alderdi Popularreko bozeramailearen iritziz, espainiar guztiek izan behar zuten botoa emateko eskubidea, ez soilik euskal herritarrek: «Konstituzioaren 3.3 artikuluak dio Espainiako hizkuntza-moten aberastasuna kultur ondarea dela eta ondare hori aldatu nahiko balitz, guztion artean erabaki beharko genuke». Zioenez, andaluzek edo madrildarrek, euskaldun potentzialak izaki, boza eta bozka izan behar zituzten euskarazko aditz iragankorren subjektuaren letraren etorkizunean. Alderdi sozialistari geratzen zitzaizkion ordezkari apurrak, bestalde, «inposaketarik gabeko gramatikaren alde» agertu ziren, eta Podemosek urriaren 1a «demokraziaren festa handia» izango zela zioen; beste gai askotan bezalaxe, honetan ere nabarmena zen ezkerrekoen arteko iritzi aniztasuna, eta alderdiek ez zuten posizionatu nahi, zatiketak ez ziezaien botorik galarazi. Alderdi jeltzalea eta EH Bildu apenas agertu ziren albistegian: biak bat zetozen aurkako botoa eskatzearekin, baina urte luzetako kapuleto-monteskokeriak ez zien utzi indarrak batzen ataka hartan ere.

Euskara hizkuntza zaila zelako ideia inoiz baino hedatuago zebilen gizartean. Gogoan dut Maite Artolaren tertulia horietako batean iritzi-emaile batek iradokia: «Erabilera eta ezagutzaren arteko distantzia gero eta handiagoa da, eta ez badugu hizkuntza errazten, nekez egingo dute kaleko zifrek gora». Gainera, Unescok iragarria zuen munduko hizkuntzen erdiak mende honetan galduko zirela, eta ergatibodunek ziurragoa omen zuten heriotza zigorra. Gipuzkoako barnealdean eta Bizkaiko kostaldean ez zeuden batere ados mehatxu harekin: «Erromatarrek eta arabiarrek ezin izan eben euskerea zapaldu eta unescotarrek be ez dabe lortuko!», oihukatu zion Hamaika Telebistako erreportariari Elantxobe inguruko atso batek. Izan ere, arnasguneetan ezezkoak gehiengo garbia zuen. «Ezetzari bai», «nik bihotza k» edo «ni kazalea naiz» tipoko eranskailuak ikusten ziren herriotako euskaldunen paparretan; pentsa, bazen «kazale eta hatxezaleen zazpi lurraldeetako bazkuna» izeneko txiolari talde bat ere, baiezkoak irabaztekotan «desobedientzia linguistikora» dei egingo zuena. Gasteizko trol ezagun batek burla ederra egin zien gantza erauzteko produktu ezagun batekin: «KH7, garbizaleen miraria». Hiriguneetan, izan ere, nagusi zen baiezkorako joera: erdaren eragin kutsakorrak intonazioari emana zion ergatiboaren funtzioa, eta aise ulertzen zuten elkar euskaldunek. «Karik gabe, askoz hobe», «RH ergatiborik ez» edo «zu erabaki» pegatinak arras ugariagoak ziren Donostiako edo Bilboko metro geltokietan. Euskal populazioa hiriburuetan biltzen dela jakinik, baiezkoak erruz beteko zituen boto-kutxak. Zorionez edo zoritxarrez, hiritarrak askoz gutxiago mobilizatu ziren urriaren 1 hartan. Estrategei ahaztu omen zitzaien Gure Esku Dago-ri aurreko hamarkadan gertatua: herrietan erraz aktibatu daiteke jendea, baina erronka hirietan dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.