Inaki Galdos
ARKUPEAN

Kereila

2017ko irailaren 19a
00:00
Entzun
Bi urte luzez zain egon ondoren, azkenean ezagutu dut Iñaki Badiola Realeko presidente ohiak jarri digun kereila, besteak beste, garai haietan Gipuzkoako Foru Aldundian ogasun eta kirol gaietan erantzukizunak genituenei. Egia esan, niri oraindik ez zait iritsi aipatu kereila, epaileak erabaki duelako momentuz behintzat ez dagoela niri deitu beharrik galdeketarik egiteko.

Laburbilduz, Badiola jaunak leporatzen digu Realari zorrak ilegalki barkatu izana, bera iritsi aurreko Realeko arduradunekin epaitegietan bide penalean jarraitu ez izana eta Realari diru-laguntzak modu okerrean eman izana. Ez da hau kereilaren edukiei buruzko azalpenak emateko tokia, baina esan dezadan oso lasai nagoela benetan prozesu honek izango duen ibilbideari buruz. Are gehiago, harro ere banago Realaren historiaren urterik ilunenetakoetan egindako urratsekin eta hartutako erabakiekin.

Politikan eman nituen hemezortzi urteko ibilbidean oso une ederrak bizi izan nituen eta jende izugarri interesgarria ezagutu. Une oso gogorrak ere bai asko, orduko giro pozoinduaren ispilu. Baina, 2007ko irailaren 6an bere etxean ezagutu nuenetik, Iñaki Badiolarekin eta bere inguruan sortutako giroarekin bizi izandakoa aparta izan zen, sekulako amesgaizto surrealista.

Ez dut ezagutu inoz hainbeste gezur esan duen pertsonaia publikorik. Ia eguneroko ogia zen orduan guretzat, Badiolak bere adierazpenetan aipatutako enpresa edota jokalariren baten deia jasotzea, presidenteak eurei buruz esandakoa gezur hutsa zela argitzen. Hedabideetan egiten zituen iragarpen handinahiko gehienek ere hutsaren hurrengoa irauten zuten, errealitatearen iragazkian geratu aurretik.

Baina hori guztia kezkagarria izanik, Gipuzkoako jendartearen zati handi batekin gertatzen ari zenak izutzen ninduen ni bereziki. Garbi esanda, erabat abduzitu egin zuen lurraldeko jende asko. Etsigarria zen ikustea zein sutsuki defendatzen zuten pertsonaia hau euren esparruetan (enpresetan, unibertsitartean...) oso jantziak ziren hainbat gizon eta emakumek. Apaiz bat ere izan genuen milaka pertsonen aurrean Anoetako belodromoko pulpitoan, bere Jainko berria (Badiola) goratzen eta deabrua (ni) infernuetara kondenatzen. Zenbait kazetariri buruz ere zer esan...

Denborarekin aukera izan nuen mundu horretan murgildu zen hainbat jenderen testigantzak jasotzeko: nola antolatzen ziren, nola mugitzen ziren foroetan (twitterra hasi berria zen), eta abar. Badiola politikarako jauzia ere hasi omen zen prestatzen eta horretarako ez zu(t)en ideia hoberik izan bere burua laudatzen hastea baino, horretarako apropos sortutako identitate faltsuekin. Donostiako alkaterako edo lehendakarirako al zen hautagai hobea? Eztabaida interesgarria ordenagailu berdinetik bi identitate ezberdinek ordu txikietan izateko!

Jakina da hori guztia amaitu, erori egin zela, eta, azkenean, bere Realeko administrazio kontseilua osatu zutenak ere desmarkatu egin zirela Badiolakpresidentzia galdu ondoren hartutako hainbat erabakitatik. Dagoeneko hainbat epaiketa galdu ditu eta orain dator gure txanda.

Baina kontua ez da hori. Kontua da aztertzea zer gertatu zen urte haietako Gipuzkoan horrelako pertsona batek lortu zuen arrakasta lortzeko. Gogoratu beharko dugu garai haietako Gipuzkoan ez zela Realarena arazo larri bakarra. Bistan da porrot handi eta kolektibo baten emaitza izan zela. Erakundeetan geundenena, baina baita beste era bateko oposizio dinamikak sortzeko gaitasunik erakutsi ez zutenena ere, eta ez naiz eragile politikoez ari soilik. Nik onartzen dut nire neurrian erruduna naizela. Ez, noski, Iñaki Badiolak bere kereilan egiten didan prebarikazio akusazioarena, baina bai amesgaizto hura aurreikusi ez izanarena eta beste era batera ez kudeatu izanarena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.