Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Musika futbola balitz

2017ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Auzoko taberna guztien ataurreetan zintzilikatutako banderek asteko egun seinalatua zela iragartzen zuten. Jendea ohi baino goizago azaltzen zen okindegira, ekitaldiko etenaldiko mokadurako ogirik falta ez ziezaion, eta harategiko ohiko tertulia nahi baino gehiago luzatzen zen arratsaldeko uste, asmo eta itxaropenen trukean: «Bulgarian fitxatu duten hori sekulakoa duk, portento latza!» zioenari laster erantzungo zioten «Eta halako fitxaketengatik ordaintzen dinaguna kontuan hartuta, ez genikenan hobe hemengo harrobia indartzea?».

Joxe Mari etxe azpiko tabernara jaisten zen halako egunetan; pantaila handia zuten, eta kafe konpletoa hartzea gustatzen zitzaion, batez ere atsedenaldian. Egun hartan Berna Etxean ez zen itzalik ere kabitzen. Joxe Mari atetik sartzean ekitaldi aurreko ohiko elkarrizketa arin horietariko bat ematen ari ziren telebistan. «Zein asmo duzu gaurko?» galdetutako kazetari pinpirinak erantzun hau jaso zuen: «Barruan dugun guztia ateratzera gatoz; zaleriak hori eta gehiago merezi du. Etxean aritzeak bereziki animatzen gaitu, eta gure esku dagoen guztia egingo dugu zaleei arratsalde ederra eskaintzeko; gainera, klasikoek bereziki motibatzen naute».

«Horrek ez zeukak putaidearik!» bota zuen Inaziok barraren bestaldetik. «Aste honetan bitan joan nauk Lezamako entseguetara eta Heidiren aitonaren etxeko txirrina baino desafinatuago zebilek!» erantsi zuen bezperako kontzertuaren kritika irakurtzen zuen bitartean. «Niri asko gustatzen zaizkidak Prieto eta Martinez... lehen biolina eta biola... horiek Neujahrskonzert-en jotzeko maila zeukatek» erantzun zion Benantziok bazterreko mahai batetik. «Hik zer jakingo duk!? Hi ateratzen haute Carmina Burana eta Radetzky Martxatik eta ez dakik sinfonia bat Nokiaren sintoniatik bereizten!» bota zion Inaziok pattarrari azken tragoa egin aurretik. «Hik Nokiaren sintonia deitzen duan hori Francisco Tárregaren Gran Vals piezaren zati bat duk, baboa!» aireratu zuen Francisco zerbitzariak ingurukoek baino ez entzuteko moduan. Kontzertua hastear zegoen, eta inori ez zitzaion okurritu saio aurreko ohiko fanfarroikeria-saldo hari segida ematea.

Kontzertuaren 90 minutuek iraun bitartean inork ez zuen txintik ere esan; Franciscok bazekien zer hartu nahi izaten zuen bezero bakoitzak atsedenaldian, eta prest izaten zituen pattar, apardun eta gosegarriak. Zuzendariak batuta azken aldiz jaitsi bezain laster, Manuel izan zen lehenbizikoa kritika egiten: «Richard Strauss-en Serenata op. 7 ez duk nire obra gustukoena, baina orkestrak ez ziok atera etekin guztia: desorekatuta ibili duk, adar ingeles eta fagoten laukoteak gainerakoen melodia estali baitik askotan. Eta Brahms-en Lehen Kontzertua jotzeko Steinway pianoa erabiltzea agian ez duk izan erabakirik onena». Tabernan bildutako gehienak ziren umetan edo gaztetan banda edo orkestraren batean jotakoak, baina Manuel musikari profesionala izandakoa zen; kontzertu berezietan San Mames Berrira edo Anoetara joan ohi zen. Joxe Marik, Inaziok, Benantziok eta gainerakoek sententzia ganorabakoagoak egin zituzten, eta Franciscok inork ez entzuteko moduko oharrak egin zizkion bakoitzari, mahaiak jaso bitartean. Tabernako pertsiana jaisten ari zela Jaime auzokidea ikusi zuen: futbolzalea zen eta Euskaldunako estadiotik bueltan zetorren: «Hori duk afizio arraroa! Ez sortzaile, ez eduki, ez interpretazio... lehia eta zoria aurrez aurre, besterik ez!» pentsatu zuen Franciscok zabor-poltsen garraio. Jaimek bekainekin agurtu eta aurrera jarraitu zuen, umetan futbolari buruzko heziketak garrantzi handiagoa izanez gero, mundua zein ezberdina izango zatekeen kalkulatu ezinda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.