Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Euskalkien denda

2017ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Anandak 9 urte bete zituen martxoan eta etxeko guztiek ondo zekiten zer tokatzen zitzaion udaberri hartan. Guztiek zekiten asko zuela izapidetik, ez zuela askorako balio errituak, baina amona Iratxeri ilusio berezia egiten zion eta inor ez zen ausartzen hari kontra egitera: «zaharren kontuak».

Gauza da XX. mendean haurrei jaunartzea eginaraztea bezain ohikoa zela XXI.ean, 10 urte egin aurretik, norberaren ilobei edo besoetakoei euskalki bat erostea. Bazeuden, noski, euskalkia askoz lehenago barneratzen zuten haurrak Euskal Herrian, baina herri txikietakoak ziren, eta ekonomiaren bilakaerak metropolietan metatu zituen demografiaren piramide inbertituaren zango-makilak; eta Florida, Kasilda Iturrizar edo Kristina Enea parkeetako euskarak apenas zuen lurralde historikoetako hizkera-moldaeren markarik eta, ostera, ez zitzaion falta erdarek kutsatutako prosodiarik edo premiagabeko mailegurik. Beraz, aitondu eta amondutako millennial euskaldun zahar askoren apeta izaten zen belaunaldi praka-txikiei pedigree linguistikoa ordaintzea.

Halaxe joan ziren amona Iratxe eta Ananda Kirmen Uribe kaleko 6. zenbakiko Euskalkien dendara. Laugarren adinekoentzako audifonoak saltzen zituzten frankizia horietako bat ematen zuen kanpotik, baina erakusleihoko kolore urdin eta arrosek umeen genero bereizketa zapaltzaile zapalgaitza islatzen zuten. Ate automatikoak ireki bezain laster, euskalkien salmentarako elkarrizketa potentzial guztien algoritmoan oinarritutako Amets saltzaile androginoaren holograma agertu zitzaien. «Euskalki bat nahi dugu» esan zion amonak argizko izakiari, garagardotegi batean garagardo bat eskatzen duenaren inkontzientzia berdinarekin. «Nolakoa nahi duzue?» erantzun zion makinak, eta laster zehaztu zuen amonak ilobak ahoan eroso jantziko zuen bat nahi zuela. «Hartu hau, gipuzkera; gehien saltzen duguna da» esan zuen ikus-entzunezkoak, azpil baten gainean pilula urdin bat agertzen zen bitartean. «Gipuzkera estandarra, esatari eta iritzilari gehienen aldaera» esanaz jarraitu zuen: «zerbait zorrotzagoa nahi baduzu, Segurako aldaera probatu; Colgateren babesa du, txistukari markatuek hortzen esmaltea gehixeago kaltetzen dutelako». Anandak biharamuneko pilula hartzen duen serorak bezala irentsi zuen gipuzkera, eta ez zitzaion batere gustatu; bera bereziagoa zen. «Probatu hau, bizkaiera» bota zion hologramak, azpilan beste euskalki bat jarrita: «hau subalternoagoa da, kolaboratzaile exotiko eta film bikoiztuetako gaizkileena, baina euskaldunen gehiengoak pentsatuko du beraiek baino soldata hobea duzula, eta hortzek ez dute txistukariekin sufrituko». Hura ere ez zen Anandaren gustukoa. «Ez duzu araberarik?» galdetu zion neskatoak, 9 urteko gasteiztar petoa izaki. «Andui hori aspaldi desagertu zen, baina zergatik ez duzu probatzen lapurtera? Euskalki jasoa da, are exotikoagoa batzuentzat, eta gehiengoak pentsatuko du ongi kantatzen dakizula» gaineratu zion Ametsek, baina Anandari ez zitzaion lapurtera gustatu. Nafarrerak ere kale egin zuen, eta zubererarekin ia konortea galdu zuen, hatxeak ahoskatzeko arnasa noiz hartu behar zuen asmatu ezinda. Aukera guztiak agortuta, amona Iratxe eta Ananda zapuztuta atera ziren Kirmen Uribe kaleko 6. zenbakiko Euskalkien dendatik. «Euskalkirik gabeko euskalduna, euririk gabeko uda» idatzi zion whatsapp bidez amona Iratxek amona Janireri. «Lasai, maitea, ziur EGA atera eta administrazioan lan egiten duela» erantzun zion emazteak. Anandak, tamalez, ez zuen nori galdetu zergatik zuen hain leku txikia euskalkirik erosten ez zuten hiztunen hizkerak bertako irrati-telebistetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.