Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Beste kontakizuna

2018ko urtarrilaren 20a
00:00
Entzun
Gauzak oso hurretik begiratzen direnean lausotu egiten dira ertzak, askotan osotasuna, neurria eta forma bera atzemanezinak gertatzeraino. Horrenbestez, zaila izaten da momentuan momentu bereko gertakariei dimentsio eta esanahi zuzena ematea; are eta gehiago bizitza hipermediatizatzearen ondorioz etengabe gertakariak historikotzat izendatzen ditugun baina, era berean, jazo orduko ahanzturaren kainu-zulora isurtzen ditugun garaiotan. Horregatik, zalantzak sortu dizkit Hollywooden bultzadaz uholdea legez zabaldu den #MeeToo mugimendu/gertakariaren egiazko dimentsio eta esanahiak; hots, milaka emakume ahotsa ozendu, gorputz jarrera boteretu, eta gizonengandik sexuari lotutako gehiegikeriak jasan dituztela salatzen aditzearenak.

Dudak astindu, eta ausartuko naiz esaten oso sakoneko gertakariaren zantzuak sumatzen dizkiodala, mundu esaten diogun Mendebalde honetan bederen; sakoneko aldaketa ekar dezakeela emakumeen eta gizonen arteko harremanen eredura, hau da, gure jendarte antolaketaren oinarri nagusietako batera. Izan ere, ez dezagun ahantz #MeeToo zehatzetik gaindi, haren soka bereko hamaika gertakari izan direla, baita hementxe gertukoenean ere: askotariko bortxaketa eta abusuen salaketa publikoak, Ez, ezetz da! leloaren hedatzea ez ezik instituzionalizatzea... Azken batean, normaltasunaren estalkipean neutralizatuak egon diren ekintzei bestelako izenak jartzen hasi dira milaka emakumezko: kontatzen gogoz kontrara igurtzi dituztela tabernetan, felazioak egitera behartu dituztela bulegoetan, indarra erabiliz zakilkatu dituztela kale kantoi ilunetan ez ezik etxeko ohantzeetan... Eta hori guztia guztia gehiegikeria dela, abusua, bortxa.

Nago, pixkana, emakume eta gizonen arteko harreman ereduari buruzko narrazioan beste kontakizun bat ari dela sortzen, hein handi batean, feminismoaren urteetako ekarriari esker. Hau da, ipuina aldatzen ari dela, eta jada ez duela balio gizon etengabe zein mugaezinki sexu desiratzailearen, sentimentalki murritz eta ekintzaz aktiboaren pertsonaiak. Kontrara, emakume desiraz ernagaitz, maitasun sentimenduz gainezkatu eta ekintzaz pasiboarenak balio ez duen bezala. Kontakizunaren gatazka garaia honetan ere.

Alde horretatik esanguratsua da Catherine Deneuve eta Catherine Millet buru direla Frantziako iritzi publikoan ezagun diren ehun emakumek #MeToo-aren kontra plazaratu duten argumentazio ildoa, bete-betean bat egiten baitu arestian deskribatu ditudan pertsonaiek josten duten narrazioarekin. Nola uler daiteke bestela gizonek emakumeak «nardatzeko askatasuna» dutela aldarrikatzea eta hori sexu-afektuen inguruko jolasekin lotzea? Ez da dudarik, aldaketek beti azalarazten dituzte erosotasun/deserosotasun ispiluak, erresistentziak, eta beti izaten dira bihurgunetsuak.

Eta gizonek, zer diote gertatzen ari denaz? Feminismoak aspaldi irakatsi zigun ez dagoela emakumea esaterik, emakumeak behar duela beti, askotarikoak garen heinean. Printzipio berak balio du, jakina, gizonentzat. Horregatik, badira batzuk bortxaren defentsan gotortuak, hitzez zein ekintzaz bai, errepasatu bestela Interneteko eztabaida foroak, errepasatu hemerotekak. Badira beste batzuk eraso zehatzak gaitzetsi, baina arazoari dimentsio sozialik ikusten ez diotenak: gizatxar batzuen kontura mugatzen dutenak. Eta badira beste batzuk kokapen zabalagoa egiten dutenak, kontakizuna aldatzen ari dela ez ezik aldatu beharrekoa dela sumatzen dutenak. Baina horietako asko aztoratuta sentitzen ditut isilpean, funtsean, gertakari/mugimenduaren sakonean salaketa dagoenez, kikilduta, mesfidati. Ez da harritzekoa, kontakizun batetik besterako bidean gaude, tarteko eremuetan, ziurtasunik gabeko lur dardartietan.

Topikoak dio sexuaz ez dela hitz egin behar, praktikatu baizik. Une honetan, ekintzarik eraldatzaileenetakoa kontrakoa delakoan nago: sexuaz hitz egitea, emakumeek eta gizonek, maitaleek, lagunek eta ezezagunek, norberaren bizipen, min, gozamen eta desiren berri emanez, biluzik. Eta, batez ere, parez pare. Kontakizun berria denon plazer, ongizate eta askatasunerako izan dadin ez ezik, kontakizun horrek jendarte antolaketa justu eta demokratikoagoaren oinarriak jar ditzan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.