Inaki Galdos
ARKUPEAN

Euskal oasia

2018ko urtarrilaren 23a
00:00
Entzun
Duela gutxi arte euskal oasia aipatzen zenean, Espainiako bigarren errepublikan hasi eta hurrengo urteetan gure artean bizitakoa izaten zen hizpide, gerra eta gerraostea barne. Batzuek EAJ eta karlisten arteko estatutu saiakera aipatzen dute, Indalecio Prietok ironikoki Gibraltar batikanista gisa bataiatu zuen hura lortzeko ahalegina, hain zuzen. Gerra garaian Jose Antonio Agirreren lehendakaritzapean frankistek okupatu gabeko euskal lurretan izandako jarduna eta giroa azpimarratzen dute beste askok, oso ezberdina beste toki batzuetan gertatzen ari zenarekiko. Azkenik, gerraosteko erbesteratuen antolaketa eta Agirreren Jaurlaritzaren gidaritza eta kanpo harremanetarako gaitasuna ere aipatu izan da oasi horren adibide. Hainbaten ustez ia-ia estatu izaera gauzatzea lortu zen urte korapilatsu haietan, baina EAJk huts egin zuen lortutakoari muzin egiten, Municheko Kontuberniotik aurrera batez ere. Kepa Anabitarteren iritzia da azken hau, kontuan hartzekoa, nahiz eta ez dudan bat egiten.

Egiaren izenean, euskal oasiaren lehen aipamenak lehenagokoak dira. Juan Mañe y Flaque (1823-1901) gogoratu behar da nahitaez, euskaldunon adiskide eta miresle eta El Oasis: Viaje al país de los fueros lan handiaren idazle eta kazetari katalana. Baina, aurrekariak aurrekari, ukaezina da orain arte euskal oasia gorago aipatutakoa izan dela gure artean batez ere, besteak beste Jose Luis de la Granja eta enparauen lanari esker. Orain arte.

Orain, Hegoaldeko hiru lurraldetako erkidegoan ustez bizi den ongizate-egoera goraipatzeko erabiltzen da metafora zaharra. Edo hobeto esanda, egoera hori ukatzeko. Bitxia baita gertatzen ari dena: egon egongo da, baina ez dut aurkitu agintari jelkide bat gure egoera oasi gisa deskribatzen ari den aipamenik. Horren parean, eguneroko ogia da alde guztietatik euskal oasia aipatzea, baina euskal oasia ukatzeko. Izan daiteke Vocentoko egunkarien editorial bat, Podemosen prentsa-oharra, ezker abertzaleko norbaiten txioa, PPko legebiltzarkide baten adierazpena edo sindikatu baten pankarta. Izan daiteke ustelkeria kasu bat edo lantegi baten itxiera. Mezua garbia da: ez dago euskal oasirik. Arrazoi borobil eta eraginkorra, parean aurkitzen badute benetan oasi urtsu, zarbatsu eta emankor batean bizi garela dioenik. Bestela, ahitzen ari den leloa.

Baina kontuz. Horrek guztiak ez du esan nahi autokonplazentziaren bekatuan erortzen ez direnik gure erkidegoko agintariak. Euskadilandia deitu zion beti dena ondo doanaren irudia eman nahi horri Eugenio Ibarzabalek Hermes aldizkarian, eta ez du ematen ez idazlea, eta ez aldizkaria oso susmagarriak direnik. Halaber, Deustuko Unibertsitateko irakasleak diren Iñigo Calvok eta Felix Arrietak berriki argiratutako artikuluetan ere garbi gaztigatu digute autokonplazientzian eta autokritika ezean erortzeak duen arriskuaz. Gure agintariek kontuan hartu beharko lituzkete irakasleon iritziak, batez ere konparazioak egiteko marko berri eta ausartagoak proposatzen dituztenean.

Agintean dagoenak beti izaten du egoera den baino politago marrazteko joera. Oposizioan dagoenak berriz sarri puztu ohi ditu gabezia eta arazoak. Ez oasirik ez Euskadilandia, gurean ez dago horrelakorik. Baina iruditzen zait, bekatuak bekatu, batzuek gehiago lortu dutela gizarteak bizi duen benetako egoera irakurtzea. Ez da erraza autokonplazientziaren eta autoestimuaren arteko mugak ezartzea, baina iruditzen zait sarri lehenengoa higatzeaz gain (edo higatu beharrean) bigarrena higatzen dutela hainbat oposizio moldek. Eta autoestimurik gabeko gizarte eta herriek aurrera egiterik nekez dutenez, autoestimua bermatzen dietenen aldeko hautua egin ohi dute herritarrek. Gehiegikeriak gehiegikeria.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.