Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Zentzuratzea

2018ko otsailaren 27a
00:00
Entzun
Ez duzue sinetsiko, baina XXI. mendearen bukaeran Eusko Legebiltzarrak aho batez onartu zuen artean zentsuraren erabilera arautzeko lege bat. Egia da Espainiako alderdi handiek hemizikloan ia ordezkaritzarik ez izateak zeharo aldatu zuela euskal lurralde historikoetako politika, baina seguru nago mendearen hasieran pentsaezina izango zatekeela ezkerra eta eskuina adostasunera iristea, zer esanik ez, zentsuraren inguruko lege bat onartzeko.

Ezkerra, tradizioz, ez zen zentsura zalea. XX. mendeko ezkertiarrek, esaterako, nekez egingo zuketen ekitaldi bat debekatzeko aldarria, hizlariaren pentsaera, jatorria edo asmoa zeinahi izanik ere; hurrengo gizaldikoek, aldiz, ez zuten erreparorik, adibidez, Donostiako Zinemaldiaren aurkako elkarretaratzeak deitzeko, hautatutako filmen artean Israelgo zuzendariren baten lana sailkatzen bazen. Hortaz, mende bukaerarako ez zitzaien gaizki iruditu ohiko tresna bihurtutako boikota judizializatuko zuen urratsari baiezkoa ematea.

Eskuinak, aldiz, hasieran ez zuen hain gustura hartu zentsuraren gaia lantzeko proposamena. «Komunikabideetan azaltzen ez dena ez da existitzen» printzipioari jarraiki, lehenbiziko hilabeteetan ukazioaren estrategiari heldu zion: «guk kudeatzen ditugun guneetan ez da zentsurarik izan azken ehun urteetan gutxienez» esan zuen politikari batek zifra kontrastatu gabe, baina, egia esan, berrehun esanda ere ez zukeen hanka sartuko. Izan ere, gertuko eta gustuko komisario, zinegile eta idazleekin lan egitea ez zen soilik inguruko lagunen poltsikorako mesedegarri, bazen ere zentsura saihesteko bide errazena: kulturgileari komeni ez zen zerbait pasatzen bazitzaion burutik, beldurrak ez bazion epe laburrean ezabatzen, alderdiak argirik eta takigraforik gabeko bileraren batean kenduko zion, adierazpen askatasunaren urraketaren arrastorik utzi gabe.

Hortaz, zentsurak betiko fama txarra bazuen ere, zentsura kasuak erakundeen praktika artistikoaren garbitasunaren seinale bilakatu ziren: hain zabalduta egonik konnibentziazko eta komenientziazko antzerki-zuzendari, eskulturgile edo komisarioen hautaketa, zentsura salaketak askotan arduradun teknikoen jardunbide onaren eta politikarien inherentzien izebergaren punta izaten ziren. Susmo hori deuseztatzearren, hain zuzen, eman zion eskuinak baiezkoa lege berriari.

«Erakusketa-aretoak, zinemak, antzokiak eta liburuak zentsurarik gabe espazioak izango dira. Sorkuntza artistiko oro edozein zentsura edo debeku legetatik at geratuko da. Ikusleek, irakurleek, kultur kontsumitzaileek, oro har, ikuspegi kritikoa gara dezaten eta ez dakien inolako infantilizaziorik aplikatu, bere horretan jaso behar dute artistaren mezua, inolako deskafeinatzerik eta gehiegizko babesik gabe. Adierazpen askatasunaren mugak adostu arren, marra gorriok zorrotz bezain urrunak dira».

Legea berria izanagatik, 1948ko Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala zuen aipagai: «estatu demokratiko guztiek babesten duten adierazpen askatasunari jarraiki, gizaki orok du bere iritziarengatiko jazarpenik izan gabe bere ideiak azaltzeko eskubidea». Ez zioen ezer iritzien onargarritasunari buruz, soilik oroitaraziz inor ezin zela iritzia azaltzeagatik jazarria izan, mezu desatsegina, desegokia edo nazkagarria izanik ere. Nola mugatu orduan erabilera? Legeak bi muga baino ez zizkion jartzen adierazpen askatasunari: minaren printzipioa (inori minik eman nahi ez izatea) eta ofentsaren printzipioa (inor ofenditu nahi ez izatea). Bietan argi zehazten zen nahian edo asmoan zetzala muga, erraza baitzen norbaitek ofentsa edo mina sentitzea erakusketa, film edo liburu batean. Zentsuratzea zentzuratzea izan omen zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.