Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Garai geldoak

2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Argazki zaharra agertu da etxean, aitona-amonena. Kopia bat da, originala gurasoen albumean gordeta baitago aspalditik. Zaharra da oso, joan den mendekoa, eta kolore arreak ditu, ez denborak higatu dituelako, jatorriz hala zirelako baizik. Amona eserita dago, eskuak gurutzatuak dituela magalaren gainean. Atzean, aitona, zutik, eskua haren sorbaldaren gainean jarrita, aurrera begira, serio. Handiegia du jantzia duen jaka, eta esango nuke ez zuela berea, propio egun eta argazki horretarako norbaitek utzia nonbait, familiakoren batek agian, edo argazkilariak berak.

Amonaren gona ez da oso argi ikusten, baina esango nuke ez zela egunero erabiltzen zuen trapua izango, hark ere eskatua edo utzia izango zuela argazkia egiteko une horretan erabiltzeko. Mahai txiki bat dago haren ondoan, koadroa osatuz, eta loreontzi txiki bat dago gainean.

Bere soiltasunean, bi figura horiek asko adierazten dute. Esaten didate garai baten argazkiak argazkilariek egiten zituztela, eta esperientzia hori ez zela oso ohikoa izango, zerbait berezia izango zela sendian, bizitzan behin edo birritan baino egiten ez zen zerbait, motiboren bat zuena.

Garai hori aspaldi desagertu zen, eta lekuko mutu batzuk baino ez dira geratzen, hitzik egin gabe ere asko esaten digutenak. Musika entzuteko, musika jotzen zen tokietara joan behar izaten zen garai horretan; ikasteko, eskola edo komentuetara, eta irakurtzeko, liburuak gordetzen ziren toki bakanetara (eskola edo komentuetara, eskuarki). Ñabardura gutxi batzuk gorabehera, geure aitona-amonen esperientzia ia berbera izango zuten haien aita-amek edo aitona-amonek, geure belaunaldietara hurbildu arte, garai zaharrak garai geldoak ere baziren eta.

Joan den igandeko Aberri Eguna zela eta, adiskide batek urtez urte bere etxean gorde izan ziren egunkari zatiak erakutsi zizkidan.

Alderdi abertzaleen manifestuak eta prentsak horien inguruan idatzitako kronikak daude bertan, geure etxeko argazkian bezala, garai geldoen arrastoak. Paper zati horien bidez idatzitako istorioak hutsune gehiegi ditu Historia deitu ahal izateko, baina lerro-buru nagusiei erreparatzea nahikoa da denbora honetan gurean zer jazo den antzemateko: deialdi bateratu gutxi agertzen dira, nork bere aldekoak ia guztiak; elkarri zer edo zer leporatuz ia beti, eta guztietan betetzeke dauden aldarrikapenak nabarmentzen dira.

Ez dakit nire alaben seme-alabek inoiz geurean agertu den argazki zahar horren parekorik topatuko ote duten beren etxean. Izatekotan, ez da paperean izango, originala digitala izango baita, auskalo non biltegiratuta egongo diren hamaika mila irudi esangurarik gabekoen artean galduta. Kolore biziak izango ditu, ez denborak biziarazi dutelako, erabilitako filtro eta amarruei esker, errealitatea nahi dugun koloreko margotu dezakegulako.

Beti edo ia beti, emaitzarik ikusgarriena gordetzen dugu egiazki halakoxea ote zen gehiegi erreparatu gabe.Geuk sortzen ditugu gorde nahi ditugun oroitzapenak, geuk itxuraldatu egiten dugu inguratzen gaituena, eta gure errealitatea geu garenaren lekuko bilakatu dugu, ez alderantziz.

Lagunaren kaxa horretan geure historiaren parte bat dago, geure etxeko tiraderan agertu den argazkian bezala. Alde handia dago handik hona. Denbora geldo horiek bizkortu egin dira, eta iraganaren lekuko zahar horiei begira ari naizela zalantza sortu zait, asmatuko ote dugun gerora zerbait esango duten oroitzapenak gordetzen.

Jakingo ote dugun, gure aitona-amonek bezala, une berezien froga gordetzen, ondokoek irakur dezaten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.