garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Barre-terapia

2016ko apirilaren 28a
00:00
Entzun
Duela gutxi, saltoki birtual ospetsu batean kuxkuxean ari nintzela, liburu bitxi batekin egin nuen tupust. Sendagileari luzatu ohi zaion kezkarik topikoena izenburu hartuta —c'est grave docteur ?Larria al da?—, mediku kontsultara heldutako pazienteen «perlak» zekartzan egileak —Michel Guilbert jauna, era berean doktore—. Urte luzetako jardunean bildutako gaizki esanak-edo genituzke harribitxiak. Adibide bat jartze alde, «Hezbola birus sonatuak» izan ditzakeen ondorioez galdetu omen zion behinola bakarren batek, Ebolaz ari zelakoan. Eta besteren batek, gau osoan zurrutari eman eta eman aritu ostean, alimaleko simaurra harrapatu omen zuen, aitzur antologikoa inondik ere, ospitalera eraman behar izan baitzuten goizaldera, «koma idilikoak» jota. Hirugarren bati tentu handiz aztertu omen zioten heste lodia, baina ez kolonoskopiaz edo koloskopiaz, «teleskopio» baten bidez baizik (batek daki nondik sartuta, bide batez esanda), eta halaber, ba omen zen «serum filosofikoa» eskuratzeko errezeta eskatzen zionik ere, begi gorrituak garbitzeko edota konjuntibitisa sendatzeko baliagarria omen zitzaiolako oso. Ez nuen azken perla honen ondorengo azalpena irakurtzerik izan, baina serum fisiologikoaz ari zela esango nuke, eta iritziak debalde ematen hasita, gaizki esandakoa zuzen jotakoa baino zentzuzkoagoa ere izan zitekeela. Bederen, bista kaltetzen duen gaitza axolagabekeria den kasuetarako, eta zurrumurruak dioenez, epidemia hedatuenetakoa da gaurko mundu garatuan.

Antzekotasun fonetikoan oinarritutako beste oker batzuek barre merkea eragin zidaten —ezin aipatu ditut adibide horiek, ez behintzat nahi nukeen moduan, euskarara ekarrita zentzua galduko bailukete—. Eta guk konprometituok, geure literatura osatu eta aberastu asmoan antzekorik nekez egin ahal izango genukeen arren —besteak beste, medikuarenera joanik erdaraz mintzatu behar izaten dugulako gehienetan; eta euskaraz aritzeko aukera dugunean ere, trabatu egiten garelako, halabeharrez sinesgarri agertu nahian: «amona itsutzen ari da, por una no se qué macular que le ha salido ezkerreko begian, aizu» —,mereziko luke hala eta guztiz ere, generoari heltzea. Alegia, gauza bat esan behar eta arrunt bestelakoa botatzea oinarri duen generoari, aski ezaguna baita, osasungintzaz gaindi batik bat. Izan ere, zer ez ote genukeen bilduko, demagun, politikak eta teknokraziak hartzen duten alorrari erreparatuko bagenio. Eta zer-nolako bazka emango ligukeen zentzu beretik baina alderantzira begiratzeak. Esan nahi baita, gaizki esanak baino, are okerrago definitutakoak bilatuko bagenitu. Edo izena eta izana inolaz ere bateratu ezin dituztenak, elkarren antagoniko izaki... Hementxe bat: AHT, Abiadura Handiko Trena. Egia zorrotzari zor, AHT Arpilatze Handiko Txikizioa beharko luke deitura, zulo, tunel edo zubi bakoitzeko ezustekoek eragiten dituzten epe atzeratzeak eta xahutzeak kontuan hartuta (Hernani-Astigarraga zatiak bi milioi eta erdi euroko gastu apartekoa eragin du honekero, geldirik daramatzan 16 hilabetean, eta ez da arazo burokratikoek gelditu duten bakarra ). Edo bestela, AHT Adarjotze Handietarako Tramankulua. Definizio honek ere hobeki emango lioke, Gasteiztik beherako edo Hendaiatik gorako jarraibiderik izango ez duenez. Halaber, trenbidea bukatuko dutenean, (lanak hasi eta hogei urtera martxa honetan), Tiranosauroaren fosil modukoa izango delako garraioaren negozioan, goi mailako teknologia baino errazago.

Bai, doktore. Lapsusa da gizarte honen gaitzik epidemikoena, gripea bera baino are hedatuagoa. Barre egin beharko ote genuke?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.