Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Ehun eta ehun, berrehun

2015eko abenduaren 5a
00:00
Entzun
«Ikurrin gehiago, zerga gehiago eta askatasun gutxiago», horra Nafarroako Gobernuak bere agintaldiko lehen ehun egunetan egin duenaren (eta ez duenaren) balantzea. Hala zioen, behintzat, gaztelaniaz noski, Javier Esparza UPNko presidente jaunak duela gutxi, agintean zegoela ezagutzen ez genion sen poetiko ez batere kaxkarra erakutsiz. Garbi dago berari ere mesede egin diola agintetik oposiziorako jauziak, mamia mami bere balantzearen formulazioak aise gaindituko bailuke edozein literatur kritikariren azterketa.

Begien bistakoena (eta nire aburuz garrantzitsuena), paralelismoan oinarritutako egitura da. Egia da paralelismoa bigarren mailako baliabide poetiko-erretorikotzat jotzen dutela batzuek, baina, gero ikusiko dugunez, arrazoibide gisa oso eraginkorra izan liteke. Hori gutxi balitz, metonimia ere ikasi du gure poeta berriak, horko «ikurrin» hori «euskal usaina duen edozer» edo horrelako zerbaiten ordez baitago hor (gauzaren ordez, haren sinboloa).

Hitzez hitz esaten dena baino gehiago esatea da poesia, eta hori hagitz ongi lortzen du Esparzak. Bestalde, kontuan hartu UPNko presidenteak ehun egun pasatxo besterik ez dituela oraindik egin oposizioan, eta auskalo noiz dastatu zuen orain hurrena deserri horren garratza. Astia behar du, horixe da dena, eta nire aldetik, Kavafisen mailara iritsi ahal izateko adina denbora opa diot orain dagoen atakan, politikari txarra baino kaltegabeagoa baita poeta kaxkarra.

Formulazio poetikoak, ordea,arrazoibide ustelak mozorrotzeko erabiltzen dira sarri. Esaterako, pentsatzen duguna gordin esanez gero barregarri geratuko ginatekeela ohartzen garenean, mami ustela formulazio distiratsuan ostenduta emanez gero entzuleek gure mezu iruzurtia inozo-inozo irentsiko dutelakoan. Bide batez esanda: publizitatean, propagandan (eta baita kazetaritzan ere), irudiak antzeko funtzioa betetzen du sarri.

Esparzaren kasuan, egingo nuke honelako zerbait zuela buruan: «Nafarroa ostu digun Gobernu Basko honi ikurrina eta kontu identitarioak bakarrik interesatzen zaizkio. Bazter guztietan ikurrina jarri behar hori dela eta, oihal asko erosi behar izan dute, eta horretarakoxe igo dituzte zergak. Gainera, ikurrina begien bistan ikusi nahi ez dugun benetako nafarron (hots, bozak boz niretzat nafar gehienon) askatasuna bidegabekiro zapuztu dute, nonahi eta noiznahi ikurrina ikustera behartuta».

Horrexegatik sartu zaigu orain poeta, bere amorrua eta ezin ikusia gordin adierazi izan balitu bi urteko umeek ere barre egingo liotekeelako muturrera. Nire «itzulpena» ez da xalo-xaloa ere, baina, ziriak ziri, nekez uka daiteke «ikurrin gehiago, zerga gehiago eta askatasun gutxiago» leloan espresuki ageri ez dena dela garrantzitsuena: ikurrinaren eta zorigaitzen arteko kausa-ondorio erlazioa. Zorigaitz guztiek (zergek eta askatasunik ezak), diosku poetak, kausa bat bakarra dute Nafarroan: euskal izurrite malapartatua.

UPN agintean izan den bitartean zer egin duen kontuan hartuta, Esparza jaunak hobe zukeen Xabier Leteren harako «isilik egoteak zenbat balio dun» hura aintzat hartzea. Bide batez, oposizioan egunak luze baitira, euskara ikastea ere ez letorkioke gaizki, etsaiak zer dioen jakitea komeni delako beti. Jakin beza, halere, gaztelaniaz isilik egotea ere berdin-berdin estimatuko diogula.

Nafarroa aireberritzen ari den seinale dira Esparzarena bezalako zaunkak, eta nahi badu segi dezala lasai horretan. Nik neuk, berez Astigarragari dagokion atsotitza proposatzen dut, Nafarroan piztu den ilusioa adierazi eta aldarrikatzeko: «Ehun ta ehun, berrehun, ta biba Nafarroa!»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.