Joxerra Garzia.
ARKUPEAN

Alferrikako gauzen zerrenda gizentzen

2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Munduan alferrik diren gauzen zerrenda egina utzi ziguten gure aurreko guraso zaharrek. Erritmoa dela eta, aldiro hiru aipatzen dira, eta hauexek dira sarrien agertzen direnak: egurra basoan, egunez ilargia eta itsasoan euria. Beste hiru ere aipatzen dira behin edo behin. Bat, bitxi samarra, atsotitzen testuinguruan behintzat: gizonezkoen titiak. Beste biak, ziur asko gerora gehituak: aberatsaren indarra eta pobrearen arrazoia.

Munduan mundutar izateko bide bakarra tradizioa ezagutu eta gure gaurko premietara konplexurik gabe egokitzea baita, alferrikako gauzen zerrendari beste bi ale (edo, nahiago bada, item) eransteko proposamena egitera nator gaur: fundazio-patronatuak kultur egitasmoetan eta aholku batzordeak non-zernahitan. Zori onez edo txarrez, dezenteko eskarmentua izan dut nik bietan ala bietan.

Politikariek izan ohi dute horrelako erakundeetan agintea, baina jainkoek guarda nazatela egitasmoak oztopatu eta zapuztearen errua haiei egoztetik.

Hastear dugun 2016ko kultur hiruburutza, jakina denez, Donostiari dagokio, eta badirudi azken aldian, oso baina azken aldian, mamiari lehentasuna emateko aukera izan dutela. Bidean, ordea, zenbat denbora, diru eta kemen ez ote da alferrik galdu(arazi)? Eta, ondorioz, zenbat jende baleko (eta baletik gorako) ez ote da, oztopoak oztopo ideiak hala ere aurrera ateratzeko ahaleginean erre, edo alferrikako prozedura formal antzuetan ito? Eta hor dago Tabakaleraren ibilbide luzea (ezen ez oparoa) ere (orain txukunago ari dela dirudien arren, alor batzuetan behintzat). Non daude alferrikako gastu tzar horien erantzuleak?

Bertsiorik baikorrenean, honela izaten dira gauzak: norbaitek egitasmo interesgarri bat aurkezten du, eta hura aurrera ateratzeko fundazio bat sortzen da; fundazioa kudeatzeko, berriz, patronatu bat, sarri alderdien arteko oreka (edo adar) jokoan katramilatuta dena lardaskatzen duena. Are okerragoa da fundazioa egitasmo garbirik gabe sortzen denean, non edo han txabola (eraikin) zabal ederren bat sobratua geratu delako edo...

Fundazio-patronatuena negargarria da; aholku batzordeena, berriz, barregarria. Dozena erdi bat aholku batzorde ezagutzen ditut barrutik, eta beste hainbeste zeharka. Zuzenean ezagutzen ditudanen artean, euskararenak dira batzuk (Jaurlaritza, Donostia...), eta kulturarenak besteak. Euskararenak bazter utzita, kulturaren aholku batzordeei helduko diet hemen.

Izenak izen, horrelako bitan izan naiz partaide. Aurrena, Jaurlaritzako Kultura Saila EAJren esku zegoenean. Miren Azkarate buru zela, Ramon Zalloren egitasmoa gauzatzen ahalegin handia egin zen han, kulturaren alor gehienak inplikatuz. Gero, PP eta PSEren arteko Jaurlaritza osatu zenean, Blanca Urgell izendatu zuten sailburu, eta hark Antonio Riveraren esku utzi zuen legegintzako kultur politikaren ildo nagusiak zedarritzeko ardura.

EAJrenarekin kritiko samarra izan nintzen ni bere garaian, baina ondoren etorri zena jarrera kritiko hartaz damutzeko modukoa izan zen: lau urte, aurrekoek landutako dokumentuetan singularrak plural bihurtzen: Kultura ordez, kulturak; Herria ordez, hiritarrak; Plana ordez, proposamenak...

Kultur politikak izan litezke onak edo txarrak, gustukoak edo ez. Kultur politikarik txarrena, ordea, agintaldiro aldatzen dena da. Kulturak (eta hezkuntzak) epe luzeko planak eta jardunak behar dituzte, norabide aldaketa sarriak noraeza baitakar beti. Hauteskunde garaian esanak esan, bi alor horietan jarraikotasun gutxieneko bat hitzartzeko gauza ez diren politikariek ezagun dute kultura eta hezkuntza paratuak dituztela, buru-buruan, alferrikako gauzen euren zerrendan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.