garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Bikini operazioa

2016ko maiatzaren 12a
00:00
Entzun
Lehen bonba atomikoak, Manhattan proiektua bururaino eraman izana iragarri zuenak, ez zuen deitura bereizgarririk, lehertu zeneko basamortuaren erreferentzia ez bada. Probako saioa izaki, benetakoei utzi zien suntsiketaren ikur bihurtzeko ardura, egun batzuk geroago Hiroshima eta Nagasaki hauts bihurtu zituzten bi onddo beltzei. Baita memoria kolektiboan iltzatzeko arrazoia ere. Eta hauek bai. Hauek bazuten izena, zartako bakarrean erakutsitako poderio klasea bezain maskulinoa. Little Boy, batek. Fat Man, besteak.

Hiru munstro haiek Bigarren Mundu Gerran emandako eskola aski zehatza ez nonbait, eta beste bi leherketa programatu zituzten aro nuklear hasi berriaren lehen urteurrenerako, are perbertsoagoak —halakorik izan baliteke behintzat—, eta are maskulinoagoak, orain esan ohi den bezala, giharra erakustea baitzuten helburua; eraso nuklearraren ondorioak aztertzea baino gehiago, handiena nork zuen aldarrikatzea, bloke komunistaren aurrean. Neurri-neurriko izena komeni zitzaien bi bonba hauei ere, eta, nola ez, femme fatale ospetsuen izenez jantzi zituzten, fabrikazioz zekartzaten 20na kilotoiko kargaz gainera (Hiroshima birrindu zuenak bost gutxiago zituen). Bikini atoloia zuten jomuga.

1946ko uztailaren 1eko hartan, erabat surrealista omen zen Ozeano Bareko paradisu hartan erakusten ari ziren panorama. Jendez hustuta eta ia ehun gerraontziz inguratuta ageri zen atoloia, horietarik asko, alemaniarrei eta japoniarrei gerraren amaieran atzemandakoak. 5.000 aberek —nagusiki txerri, ahuntz eta arratoi— osatu zuten gerraontzion eskifaia. Gainetan utzi zituzten lotuta, denak preso, baina bazkaz ondo hornituta, zerutik eroriko zenaren zain. Eta hantxe joan zitzaien Gilda, Rita Hayworth-en irudia grabatuta zuela, emakume armek sor lezaketen deskalabruaren erakusgarri. Jarraian heldu zitzaien Bikiniko Helena ere —izendapenerako Troiako Helena izan zuten inspirazio iturri, greziar mitologiako heroi ugari galbidean jarri zituen hura bera—, hilaren 25ean.

Leherketa nuklearrek kiskalita hil ez zirenak hurrengo egunetan erori ziren zerraldo, han sortutako erradiazio jasanezinaren ondorioz. Gerraontziei dagokienez, berriz, ur gainean eutsi ziotenak, 85 inguru, kokapen sekretutan hondoratu zituzten, sobietar espioien esku gorrietatik urrun. Bakan batzuk, USS Independence kasu, San Frantziskora eraman zituzten atoian, erradioaktibitatez borborka, leherketan ondorioak bertatik bertara dokumentatzeko nahiz kutsadura garbitzeko teknikak estudiatu ahal izateko. Bost urteren buruan, Ozeano Barean urperatu zituzten hauek ere, beste gainontzekoak bezala.

Irakurritakoak irakurrita, ez iezadazue esan sasoi honetan haizatzen hasten den Bikini Operazioa delakoaren zentzua mudatu ez zaizuenik... Baina jarrai dezagun aurrera, pop umore merkea alde batera utzita.

Animaliei eragin zaien sufrikarioa aintzat hartzen duen estatistikarik ezean, eta beraz, egiaren zati bat besterik ez dela jakinik ere, horra Irradiazio Arriskua aztertzeko Europako Batzordeak proba nuklearren gainean zenbatutako eta zabaldutako datuak. 1945etik 1992ra bitartean, 61 milioi lagun hil da erradiazioaren ondorioz, minbiziak jota. Horietatik 1.600.000, haurrak. 1.880.000 umeki galdu direla estimatu da, halaber. Gaixotasunek gora egin dute, eta bizi kalitateak %10 behera...

Zifra berriagoak eta gaurkotuak eskainiko dizkidan iturriaren bila ari naizela, burutapen sinple eta inozo bat darabilkit jira-biraka: atomoa puskatzen ikasi genuenetik, gerrabezain garesti ordaintzen dela bakea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.