Xabier Paya Ruiz.
ARKUPEAN

Entretenimendu Saila

2017ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko Jaurlaritza bateratuaren gobernuek gero eta gutxiago irauten zuten XXI. mende bukaeran. Gero eta alderdi gehiagok parte hartzen zuten gobernu-itunetan, eta bakoitzak hedabideetan saldutako promesak kosta ahala kosta sartu nahi izaten zituen legealdi berriko programan. Inkoherentzia eta kontraesanez betetako Frankenstein haiek gizaldi hasierako egonkortasun-akordioak oroitarazten zituzten, bai batzuek, bai besteek, elkarrekin eraikitzeko planak baino gehiago, elkarri ez erasotzeko paktuak ematen baitzuten. Kontua da urte hartako Euskal-nafar Autonomia Erkidegoko hauteskundeen emaitzak berrikuntza deigarria ekarri zuela: Entretenimendu Saila.

Ohiko 11 sailburuen ordez, lehendakari-andereak ezkerreko alderdi txiki baten baldintza bakarra onartu eta ordura arteko futbol taldeari dozenarako falta zitzaion alea erantsi zion: Entretenimendu sailburua. Twitterreko hamar letraguneko mezuen jarioak polemika luzea eratu zuen, lanorduetako txiolarien eta desorduetako trollen entretenigarri; Amets Arzallusek BERRIAko eguneroko bizpahiru zutabe eskaini zizkion gaiari, eta EITBko tertulietan gobernuzaleek erabakiaren gakoak filtratu zituzten. Ziotenez, Kultura Sailaren mesedetan hartutako neurria zen, azken hamarkadetan edozein gisatako jardueren zaku bihurtuta baitzegoen gobernu atala. Herritar askoren begietan, kulturako aurrekontuak errege hanpurutsuaren fabulako soinekoaren bertsio berritua ziren: bakoitzak bere neurriko xingolak eta botoiak ikusten zituen, eta ea zein ausartzen zen aldamenekoari argitzen larunbat goiz hartako ingurumenari buruzko hitzaldia edo igande eguerdiko ardo dastaketa ez zirela kultura. Gastronomia pentsamendu horren janzki gorena zen: nola ez ziren kultura izango Alfred Hitchcockek Donostian jan zituen txipiroiak, nola ez ziren kultura izango mende hasierako Game of Thrones telesail antologikoko aktoreek Bilbon jandako pintxoak, nola ez ziren kultura izango edozein herritako jaietako paella edo tortilla lehiaketak?

Gogoan ditut lehenbiziko prentsaurrekoan gobernuaren bozeramaileak egindako adierazpenak kultura eta entretenimendua bereizteko: «Gastronomia oro ez da kultura, baina kultura erraz uler daiteke jatearekin alderatuta: ahoratzen dugunak ez badu nutrienterik, sabela entretenitu baino ez dugu egingo; platerekoak gorputza elikatzen duen bezala, kultur sorkuntzak adimena elikatzen badu, kitzikatzen, xaxatzen, hunkitzen, astintzen... orduan bada kultura». «Eta orduan zer da kultura gastronomikoa?» galdetu zion asteburuetan egunkari salduenean orrialde bat zuen kazetariak: «industria». Nola bereizi kultura eta entretenimendua? Ordura arte Kultura Sailari egokitutako zenbait arlo Entretenimendu Sailera igarotzeak txio eta iruzkin uholde amaigabea piztu zuen: «Nork esango du euskal literaturako zein obra diren kultura eta zein entretenimendua?», «zortziko txikiko bertsoaldi gehienak entretenimendua dira», «ETBko programazioa errepasatuta, % 3 da kultura eta % 117 entretenimendua», eta iskanbila nabarmena sortu zuen Argiako blogariaren «udako jaialdi gehienak turismoa erakartzeko xedez sortu ziren, ez bertakoon lepo gaineko goseak asetzeko; hori zer da, kultura edo entretenimendua?», pesteak peste.

Zalapartak zalaparta, gobernuak aurrera egin zuen eta sail bakoitzak bere deialdiak argitaratu zituen. Sortzaile eta ekoizle pikaroenek bai Kultura bai Entretenimenduko diru-laguntzak eskatu zituzten, kontzeptuok elkarren aurkako ziren eztabaidari muzin eginda. Iritzilari ugariren harridurarako, ausart haien zenbait egitasmok baiezkoa jaso zuten alde bietan. Ahaztuko zitzaien, ziurrenik, kultur jarduerak eta eskolako irakasleak oso antzekoak direla, eta badirela aldi berean ezagutzak garuneratu eta bizipen gogoangarriak gozarazteko gai direnak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.