benat sarasola
ARKUPEAN

Koinatu garaiak

2014ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Jordi Llovet irakasleak maiz esaten zigun boutadea zen, azkeneko urteetan aldarri egitea gustuko zuen klasizismoaren arrandiaz: «kontua Bouvard et Pécuchet-ekin amaitzen da!». Gustave Flaubert-en azkeneko lana, bukatzeke utzi zuena, da berau. Maisuaren arabera han amaitu zen zinezko literatura, zinezko musika Johann Sebastian Bach-ekin, zinezko pintura Diego Velazquez-ekin edo zinezko saskibaloia Michael Jordan-ekin amaitu zela dioena legez, hortik aurrerakoa errepikapena dela, ez denean joko estilistiko edo manierismo huts. Egiazki, jakin bagenekien ez zuela Llovetek benetan hori pentsatzen, besteak beste Franz Kafka-ren espainierazko editore edo Virginia Woolf-i buruzko lan ederren egile delako, baina probokazio hori botatzea gustatzen zitzaion Enrique Vila Matas edo Roberto Bolaño-ren literatura garaikidearekin liluraturik fakultateratu ziren, ginon, gazteen aurrean.

Irakurri genuen noizbait, bada, aipatu nobela. Obra arraro eta bizarro fama, historiako originaletakoa izatearena, ongi merezia du, baiki. Alabaina, Flauberten aurreko obretan topatzen ditugun kontuak ditugu han orobat; oroz gain, burgesiaren eta haren ohituren zein moralaren kritika gupidagabea. Azken batean, liburuan kontatzen diguna klase sozial horren tentelkeria eta topiko-zaletasuna da, bi pertsonaia—bi bonhomme dio Flaubertek— aski baldarren bidez.

Bouvard eta Pécuchet lagunekin akordatu nintzen koinatutasunaz (cuñadismo) estreinakoz entzun nuenean. Koinatu izateaz, #kontzeptugisa, alegia. Koinatuak betiko lixtoak dira nolabait, dena jakin ustean dena erabakitasunez esaten duten morroi ernegarri horiek. Egoera tipikoa honakoa litzateke gutxi-asko: familia bazkari horietako bat egokitu zaizu, senideren batek krisiaren gaia atera eta berehala hasiko da koinatua, paparra tente, «se veía venir»-ka. Espainiako ekonomiaren oinarriak ahulegiak direla, eraikuntzaren booma, politiko guztiak inutil totalak direla, bikoiztasunak ekidin behar direla, Berrikuntzan inbertitu behar dela, errotik aldatu behar dela estatuaren egitura, eta blablabla. Betiko kalaka hori, debaldeko topiko festa ezin gogaikarriagoa. Gaia edozein delarik ere, koinatua beti izango duzu pronto lixtoarena egiteko, kopeta zimurtu eta nagusitasunez lezioa emateko inork halakorik eskatu ez izanagatik. Familia oturuntzetan baldin badute jatorria koinatuek, egun, sare sozialak dira beren habitat naturala. Dela Siriako gatazka, dela ebolaren krisia, @koinatua hor izango duzu «esaten nuen nik»-ka. Bezperako Wikipediakoa, biharamuneko koinatuaren pontifikazioa.

Fenomeno berria dirudi, gaurko likidotasunari eta informazio jario etengabeari atxikia. Susmoa dut, baina, egungo koinatuak ez ote diren, azken buruan, Bouvard eta Pécuchet behialakoak. Flaubertek liburuaren bigarren zatian, besteak beste, Topikoen hiztegia idatzi zuen, garaiko topikoak jaso zituen biltegi ironikoa. Itsasoa: Infinituaren irudi, pentsamendu sakonak eragiten ditu. Emakumea: Sexu ahuleko pertsona. Ostrak: Garestiegi daude. Tabakoa: Tabakalerakoa ez da kontrabandokoa bezain ona. Euskal Herria (Basques): Hoberen jaten duen herrialdea. Tsarra: Tzar ahoskatzen da.

Gaurko koinatuak Moyes Mois ahoskatzen dela zuzenduko dizu. Euskal Herria asmakuntza bat da (koinatu espainiarrak) edo Espainiak Europako kohesio funtsengatik biziraun du (koinatu baskoak, koinatu alemaniarrak). Zigarreta elektronikoak? ba, laster debekatuko dira. Ostrak, Arcachonekoak onenak. Femenino dena ahula da (R.A.E). Itsasoa: Itsaso gara, «un espacio infinito».

A!, eta koinatuez idazten duten, dugun, koinatuok, noski; Lenore azpiespeziekook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.