garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Ospitalean

2016ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lasaigarriren baten errezeta hartuta ospa egingo zuelakoan, baina baita zera ere. Eskuineko aurpegi masaila inurrituta zekarren gizaseme izter zabala ospitaleko bigarren plantara igorri du kanpo kontsultetako guardiako sendagileak, arazo kardiobaskularrak artatzen dituzten geletako batera zuzen-zuzen, astebeterako bederen —etxetik pasa eta azpiko praka garbiak eskuratzeko aukerarik ere eman gabe, esan gabe doa—, eta tipoa fit eta fut hasi da, bere atzealdeari ohe ortopedikoaren gainean erortzen utzi, sakelako telefonoa atera eta hura jo eta su dantzatzen, behar baino ozenago. Bakarren bati lanak agindu dizkio zakar, hortzetako eskuila eta bizarra egiteko makina ekar ditzala, eta zigarreta paketeak ere bai, baina txintik atera gabe, demontre, gogaikarri horrek. Beste gainerakoei, balentria ikaragarria lortu duenaren tonuan eman die bere egoeraren berri, bereziki azkenari, algaraka eta espantuka, «joder, me ha salido un colesterolazo de puta madre, macho». Alegia, Zaldibiako mondejoen gisan bete zaizkiola zainak, eta odola garunera ezin iritsirik, iktusak eman diola, edo enbolia batek, edo batek daki zerk. Ez oso gogor, baina to. Eta etortzeko harengana, hotelean bezala dagoela bertan,«como dios» alajaina, eta animatzeko, futbol partida ikusiko luketela elkarrekin, gelako telebistari txanpon batzuk jaten emanda.

Alboko ohean ezinduta dagoen agureari etorri zaion bisitariak —alaba izan litekeena— okerreko begiz jo du gizaseme izter zabala. Egundokoak eta bost esango lizkioke, zaflakoka akabatuko luke, egia esan, eta ez telebista bahitu, futbola orroka transmititzen ari den katera aldatu eta ezin gorago jarri diolako boza, baizik eta, afaritarako emango dieten menua zein izango den jakin orduko —pure berdea eta jogurta—, lanak zakar agindu dizkion hari berriro hots egin, gustuko tabernatik pasatzera behartu eta ogitarteko handiena ere ekar diezaion eskatu diolako babalastoak; «el más guarrindongo» bota dio behin eta berriz, alegia paparrean koipe arrasto ezabaezinak uzten dituena, lingirda totala: patata tortilla, hirugihar frijitua eta gazta zaharra.

Andreak, bisita gehixeago luzatuz gero bere onetik aterako den beldurrez, aita izan litekeen agure ezinduari adore apur bat eman eta alde egin du, kopeta beltz eta matrailak estu. Biharamunean, arras bestelako panorama aurkitu du gelan, inondik inora esperoko ez zukeena: telebista isilik, zaharra lo eta ahoberoa goibelduta, burumakur, ohe aldameneko mahaian bizpahiru pilula hartzeko zain dituela. Atea ixtean, zer moduz dagoen galdetu dio ahapeka andreak, jakin-minez baino gehiago, kortesiaz, eta hark buruan dabilzkien kezka guztiak bota dizkio arrapataka, 39 urte eta zaharrek bezala bizi beharko ote duen aurrerantzean, gorputzari gozorik eman gabe, eta hura atzo halako ikara hartuta baina ez zitzaiola inor etorri, kale egin ziotela ustezko lagun denek, ustelak halakoak, eta oraingo bere bikotekideak ere antzarak ferratzera bidali duela, eta ez dela harritzekoa bestalde, maiteagoa duelako aurretik dibortziatu zitzaiona berau baino, adarrak majo jarri bazizkion ere —berak, ez emazte ohiak—, eta hori antzeman egiten omen da azkenerako, eta tar, tar, tar... Eta andre harrituari bihotza bigunduko zitzaiokeen, harenganako errukia nagusituko, harik eta malkotxo distiratsua erakusteaz batera, azken esaldi hura entzun izan ez balio: «eta hori guztia gutxi balitz, nire taldeak partida galdu zuen atzo. Miseria latzagorik!».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.