garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Aldarrikapen kutsuko jai horiez

2016ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Sasoi honetan eskolen arteko kirol neurketa ugari izaten baita, Hernaniko errugbi talde batekin egin genuen topo lehendabizi, igandean, Hendaiako itsas paseoan nagiak ateratzen ari ginela. Pauso arinean heldu zitzaizkigun atzetik, eta inguratuta eduki gintuzten 25 metro inguruko tartean, harik eta inbasio sentsazioak kikilduta, gure urratsa moteldu eta aurrea hartzen utzi genien arte. Mutilak ziren denak, sendoak, nerabezarora iritsi berriak. Erdaraz ari ziren barra-barra, alegia gaztelania hutsez, eta galdera bat eta bera sorrarazi ziguten gizonari eta bioi, urruntzen ikusten genituen bitartean: euskarari gelditzen ote zaion espazio naturalik gazteen paisaian. Ba ote duen zentzurik haientzat, eskola orduetako betebeharretatik at. Eta hala balitz, zein den zorioneko zentzu hori, non kukutzen ote den.

Apur bat geroago, eguzkiak dagoeneko goitik behera jotzen zuela, Txingudiko badiarantz abiatu ginen, bazkalaurreko itzuliak gosea kitzikatuko zigulakoan, eta Euskal Eskola Publikoaren Jaiarekin egin genuen tupust. Paseo osoan baina bereziki bestela ageri ez diren azpiegituren arrimuan (puzgarriak, toldoak, behin-behineko komunak), ezohiko mugimendua atzeman genuen, eguraldi onak ekarri ohi dituen turistak ez ziruditenak, saldoan: bikote gazteak, familiak, adiskide taldeak, neska-mutilak, jende tropelak tixert berdinak jantzita, egun seinalatuaren adierazgarri. Denek erakusten zuten harmonia onak bazuen asaldagarririk: erdara hutsez ari ziren gehientsuenak; Hernaniko errugbi taldea bezala, gaztelania hutsez (tarteka-marteka frantsesez zihardutenak salbu), eta gizonari eta bioi egoeraren ondorioz sortu zitzaizkigun galderak ez ziren bat eta bi izan, parrastada luzea osatzeko moduko kopurua baizik.

Adibidez. Ez ote den gaztelania muga madarikatuari ezikusia egin eta libreki dabilen bakarra. Euskararen erakusgarri behar zuena ez ote den gaztelaniaren aldarri bihurtu. Bestela esanda, Euskal Eskola Publikoaren Jaiak ez ote zuen espainol ahalguztidunaren inbasioa ekarri, euskararen aitzakian. Non ote zegoen Hegoaldekoen D eredua eta Ikas-Bi-ren elebitasuna —30 urteko ibilbidearen gorazarre gisa halako esku-zarta jaso zuena, bide batez esanda—, euskararen presentzia hutsaren hurrengoa zela kontuan hartuta. Asmoak asmo eta ametsak amets, Euskal (ez ordea, vasco) eta publiko inoiz joan ahal izango ote diren benetan eskutik, bereziki Euskal Herri osoaz ari bagara. Zer egin ote zitzaigun mingarriago, EHIGEren hasiera ekitaldiko diskurtsoan esandakoak —«gaur egun 6.000 ikaslek baino gehiagok ikasten dute euskaraz Iparraldeko eskola publikoan, gure hizkuntzaren etorkizuna bermatuz». Guk dakigula, Ikas-Bin euskara ikasten dute, baina ez dute euskaraz ikasten, eta are gutxiago komunikazio hizkuntza bezala erabiltzen. Bestalde, euskararen etorkizuna ez du gaur egun ezta Seaskaren murgiltze ereduak bermatzen, tamalez. «Euskal hezkuntza sistemaren oinarrizko ardatz egituratzailea gara, ez dagoelako beste sistemarik kalitatezko hezkuntza euskalduna bermatzen dienik ikasle guztiei», «Euskarak eskola publikoa behar du eta ez dago alternatibarik»... Hegoaldeko betaurrekoak erantzi gabe hitz egitekotan, zertarako etorri Hendaiara?— ala, beste behin ere eta gure zoritxarrerako, beste planeta batean bizi garela konturatzeak samindu ote gintuen. Aldarrikapen kutsuko festa hauen xedea benetan zein den, antolatzaileen oharrean lehen paragrafoak dioena ez bada: «Egitarau osoa bete da eta aurreikuspenak gainditu dira, eguerdirako amaitu baitira bazkariko 2.500 tiketak».

Porrotxek esango lukeen moduan, Ai ze mina Josefina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.