Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Zuri-beltzez

2017ko otsailaren 23a
00:00
Entzun
Amak kontatua dakit Donostian bazela La Gota de Leche izeneko zentroa, serorek gobernatzen zutena. Bertara joaten ziren familia behartsuak, seme-alaba txikiei esnea eman ziezaieten. Jatekoaz gain, mediku-errebisioa ere egiten zieten txikiei, eta amei higiene-aholku oinarrizkoak eskaintzen zizkieten, tartean eskolarakoak ere bai. Ez zen asko izango agian, nahikoa ordea, urgentziarik behinenak estaltzeko.

XIX. mendearen amaieran sortu ziren laguntza-zentro ongileak Frantzian, landa-guneetatik hirietara joandako jende-uholdearen erdian. Geurera mende berriarekin sartu ziren; Loiola kalean zegoen Donostiako zentroa, eta Wikipedian irakurri dudanez, Maria Cristina erreginak inauguratu zuen 1903. urtean.

Aitonak kontatua dakit familia jatorri duen Extremadurako herrira urtean behin joaten zirela ondoko herri bateko komentuko fraideak, eta etxez etxe, familia txiroetara beti, seme txikiak aterpetzeko eskaintza egiten zuten. Gurasoek semeak eman egingo zizkieten fraideei, sendiko bat behintzat miseriatik libratuko zutela pentsatuko. Jakingo zuten komentukoa ez zela bizibide erraza izango, baina aukeran etxekoek pairatzen zuten larritasuna baino zerbait hobea izango zen, edo horren itxaropena izango zuten. Aitonak kontatua dakit fraide horiek etxean geratzen ziren gainerako seme-alabentzako zapata-pare bana uzten zutela opari, galera ordezkatzeko edo.

Txikitatik ezagutzen ditut kontakizun horiek, etxean entzunda. Istorio zaharrak ahoz aho iraunarazten diren bezala heldu zaizkit niri pobreziari buruzkoak, zuri-beltzean, hain zuzen. Pelikula zahar bat bezala barneratzen joan zaizkit behartasunari buruzko irudiak, neure eguneroko bizimoduarekin batere zerikusirik ez duten iraganeko zantzuen antzera.

Oso bestelakoa da haurren pobrezia gaur egun, baina horrek ez du esan nahi ez denik, uko egiten badugu ere maiz.

Save the Children erakundeak argitaratu berri duen ikerketak dioenez, ordea, Euskal Autonomia Erkidegoan gora egin du haurren pobreziak azken urte hauetan. Ehun haurretatik bederatzi pobrezia larrian bizi dira gure artean, eta egoerak okerrera egin du azken behaketa egin zenetik. Guraso bakarreko sendi atzerritarren seme-alabak dira ia guztiak, eta baliabide-sare publikoak krisiaren kolpea zertxobait gelditu badu ere, ez da nahikoa izan desberdintasunen goranzko joera gelditzeko.

Ikusezinak dira haur behartsu horiek, ez ikusiarena egiten dugulako igortzen dituzten seinaleen aurrean. Salbuespenak salbuespen, ez ditugu kalean ortozik ibiltzen ikusiko, ezta espaloiren baten eserita eskale ere. Eskolarako bidean ikusiko ditugu, eta kosta egingo zaigu jakitea gosaldu ote duten, bart gauean etxean berogailua piztuta lo egin ote duten, edota bizkar-zorroan maileguz hartutako liburu guztiak ote daramatzaten.Alde handia dago amak eta aitonak kontatutakotik gaur egungora, baina horrek ez gintuzke batere lasaitu beharko. Alde hori, izan ere, erreten handia baita geure ongizatearen eraikuntzan, pitzadura latza, desberdintasunei bidea errazten diena.

Txirotasuna zuri-beltzean ikusten den pelikula zahar bat dela pentsatzen dugu maiz, horrek lasaitu egiten gaituelako: deserosoa baita pobreziari aurrez aurre begiratzea, eta are deserosoagoa lazeriak haurren begiez ikusten dugunean.

Txirotasuna ez da zuri-beltzez margotzen, ez hemen, ez inon. Pobreak ez dira besteak, geu bezain «geu» baitira, bertan jaioak, bertara etorrita, bertan etorkizun hobe bat izateko eskubidez desjabetzen ari badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.