garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Polizia

2017ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Txingudi eta Bidasoa ingurua bizitoki hartu genuenok ederki dakigu zer den polizia. Sarri oroitarazten zaigu zein duen definizio erreala, izaki uniformatu horiek ia egunero eta noiznahi topatzen baititugu, Santio zubian gora edo behera egin nahi izaten dugun aldiko, kasik.

Hala, poliziek, uniformearen kolorea eta besagaineko bandera zeinahi dituztelarik ere, zubiaren erdi parean tinko jartzen zaizkigunean, eta lanetik etxera, edo haurren bila eskolara, edo hondartza aldera paseora, edo amorantea bisitatzera, edo erosketak egitera joan goazen jendeak trabatu, inbutura behartu eta kontrolera makurrarazten gaituztenean, ederki dakigu zertarako dauden, zein den haien funtzioa. Sobera jabetzen gara ez daukagula txintik ateratzerik, ez klaxona jotzerik, ez barrenak lasaitzeko purrustada botatzerik, motelegi doazen zaharrei edo txirrindulariei egin ohi zaien moduan. Otzan eta esaneko agertu beharra dagoela haien albora iritsita, baita zure onetatik atera zaituztenean ere, eta haserretzekotan, lerroa errespetatu gabe ondotik aurreratzen saiatzen den miserableari egin diezaiokezula zaunka eta keinu, baina ez poliziei, ez guardia zibilei, ez jendarmeei, ez CRSei.

Inguruotara ohitu denari esan beharrik ez dago, zenbat eta presatuago ibili, orduan eta aukera handiagoak daudela haiekin tupust egiteko; zenbat eta zentzugabeago iruditu, orduan eta luzeagoa, orduan eta gogaikarriagoa, izango dela trantzea.

Zeharkatu nahi den pasabidea ez delako Hendaia eta Irun batzen dituen zubia, gu guztien gainetik eta oroz gora dauden bi estatu omnipresente bereizten dituen banalerroa baizik, bidearen albo banatan Gipuzkoa eta Lapurdi dioten panelak jarrita eta aduanak eraitsita geure kontzientzia apur bat limurtuko badigute ere. Eta polizia ez delako bakea bermatzera, gaizkiari bidea oztopatzera, herri xehea terrorismotik babestera edota justizia zaintzera heldu, zeu de facto zer zaren —espainol edo frantses—, nora sartu nahi duzun —Espainiara ala Frantziara— eta noren baimena behar duzun —dagokion estatuarena—ahantz ez dezazunziurtatzera baizik. Gogoan izan dezazun begien aurrean ageri zaizun zirkunstantzia, polizia kontrola, ez dela salbuespen egoera, status quo higiezinaren aldarria baizik. Honez gero ondo barruraino errotuta dagoen egia da, bestalde, dena esan behar bada. Belarria luzatu besterik ez, inguruotako biztanleen hizketa parrastari: «Los gabachos» hau, eta «en Espagne» hura. Hitz erdirik ere ez euskal herritarrari edo euskaldunari, festa giroko folklorerako ez bada.

Ficoba erakustazokaren ondoko biribilgunean, Santio Zubiaren erdian, Behobia eta Pausu arteko bidean nahiz autopistako bi ordainlekuetan kontrolak jarrita auto ilara luzeak eta motroilo ikaragarria eragiten dituzten bakoitzean, argi baino argiago uzten digute haiek ez direla gu guztion onerako ari, estatuaren intereserako baizik. Geure mesederako ariko balira, haiek eragindako nahaspila konpontzeari eta trafikoa zuzentzeari ekin beharko lioketelako, hasteko eta behin.

Polizia kontrol hutsal interesatu horietan nahi baino gehiagotan harrapatua, gogaitua eta isilarazia izan den herritar honek haluzinatu egin zuen aurrekoan, EH Bilduk, Bidegi kasuko irregulartasunak eta Ertzaintzaren EAJrekiko morrontza agerian uztearren, Guardia Zibilera laguntza eske jo zuela jakin zuenean. Lapurdira aldatu zen gipuzkoar honek, esan bezala, momentuz ez daki zein dabilen despistatuago politikagintza molde berri honetan: berau herritar inkonformista gisa, ala alderdi abertzalea, arauetara egokitu behar duen aparatu gisa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.