Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Konpontzaileak

2017ko urriaren 19a
00:00
Entzun
Etxeko galdara maiz gelditzen da. Ez dakigu zehazki zer duen urte mordoxka izateaz landa, baina gauzei beti azken edo azken-aurreko aukera eman behar zaiela eta, tematu egiten gara egoera luzatzen, azken hatsa noiz emango zain. Orain arteko konponketek ez dute ezertarako balio izan, hilabete parean edo berriro gelditzen baita, eta denbora-tarte horretako bake-aldia oso gutxi da, ia ezdeusa, etxeari epel eusteko.

Azkenekoa, ordea, desberdina izan da. Konpontzaile berria eskutsik heldu zen gurera, aurrekoek ekarri ohi zuten parafernaliarik gabe. Eskuak poltsikoan sartuta, makina zaharraren inguruan jirabira hasi zen; belarria jarri zuen gainean, isiltzeko esan eta xuxurlatuz ari zitzaiola iruditu zitzaidan. Halakoan, esku hutsez, kolpe txiki bat eman zion atzealdean, eta bat-batean, ur beroko tutuetatik jarioaren soinua aditu zen, musika leuna geure belarrietarako. «90 euro», esan zuen jarraian. Harritu gintuen gehiegi zelakoan, eta hitz lauz argitu zigun kolpea doan eman ohi duela, baina 90 euro eskatzen dituela non eta nola eman behar den berak bakarrik dakielako.

Gustura ordainduko nioke hori edo gehiago Katalunia eta Estatuaren arteko oraingo mataza askatzeko gakoa ezagutzen duen konpontzaile trebeari. Agertu bitartean, ordea, gero eta gehiago ari dira txirikordatzen hari-muturrak. Erabakitzeko eskubidearen aldarriarekin hasi zena, oinarrizko eskubideen defentsara igaro da bortizkeriaren indarrez erantzun zaion une beretik. Independentzia aldarrikatzetik demokraziaren baloreak eskatzera joan da, eta une honetan hautu politikoa izatetik duintasunaren defentsa egitera mugitu dira joka-eremuaren marrak. Lerro hauek idazten ari naizelarik, espetxean dira ANC eta Omnium erakunde herritarretako presidenteak, baina nork daki ez ote den gogoeta labur hau eguneratu gabe lagako duen besterik jazo bitarte horretan.

Miru zuria behar da, kolpea non eta nola eman behar den dakiena, artez eta moldez, orain arte ez bezala jokatzeko gai dena. Nekeza da imajinatzea Espainiako Gobernuaren jauregietan edota haren ondo-ondokoak diren hedabideen erredakzioetan horrelakorik izango denik. Mailua besterik ez duenarentzat, arazo guztiak iltze dira, atera, erauzi beharreko gaitzak. Noizbait beste moduren bat erabiliko dutela uste izateko zantzu handirik ez dago, gainera. Ez da oso urruti joan behar horretaz jabetzeko, zoritxarrez, besteak beste geurean behin baino gehiagotan jasan izan digulako estilo baldar horren ondorioak.

Mundura begira gaude, handik etor daitekeelakoan argia egiten lagunduko duena, eta fedea agortzen hasi bada ere, komeni da handik begirik ez kentzea. Esango nuke ez dela orain arteko burdin-bisaia baino erakutsi ez duen Europa zahar hura izango, ezintasuna gainetik daramalako, bere buruaz beste egin duelako egun biz behin, burokraziaren aldareetan oinarrizko eskubideen bermea erretzen duen aldiro.

Beste bat izango da, ernamuinetan dagoena, ahots desberdinak entzuten dakien Europa bat edo, oraingoz heldu gabea. Ohartuko dena, noizbait, Kataluniako aldarrikapena ez dela kideen barne-auzien tiraderetan gorde behar, bereak dituen balioen defentsaren lehen lerroan baizik.

Bitartean, kolpeka ari direlarik, espero dezagun laster emandako egoera zurrunetatik haragoko berbak ezagutzen dituzten konpontzaileak agertzea. Garrasika baino, xuxurlatuz ulertuko baitugu elkar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.