Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Sinistu edo ez

2017ko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Medikuarengana joan naiz, argibide eske. Ondoezik nabil aspaldi honetan, eguneroko zereginak aurrera ateratzea eragozten duen sintoma zehatzik ez badut ere. Gaizki ote nagoen galdetuta, ezetz esan diot, baina hori bera erantzundut ongi ote nagoen galdetu didanean. Izatekotan, zerbait lausoa izango da, azaltzen zaila baita. Medikuak, alta, berehala ulertu omen du, eta botika eta aholku batzuk eman dizkit.

Zortekoa naiz. Bestela izan zitekeen, noski, baina neure mediku hau atsegina da, entzuten dakiten horietako bat. Galdera zehatzak egiten dizkit, egindako kontsultarekin zerikusia dutenak, eta hori erabat ulergarria dela pentsa litekeen arren, nik eskertu egiten dut. Ez zaio axola, adibidez, kirola egiten dudan edo ez, larruazalean orbain bat atera zaidala esaten diodanean. Ez dit lo gehiago egin beharko nukeela aholkatzen, adibidez, eztarriko minez nagoelako bisita bizkorra egiten diodanean. Harira doa, bere lana egiteko behar duena eskatzen du, ez gehiago, ezta gutxiago ere. Entzun egiten du, eta behaketa zorrotza egiten du ebidentziak aurkitzeko, eta zalantzarik badu, esan egiten du, galdera egokien bitartez. Horrela sortzen da segurtasuna: ez du zerikusirik fedearekin, sinesmenekin edo apetarekin. Funtzionatu egiten delako objektiboa, giza-kontuak objektiboak diren mailan, betiere.

Errezeta poltsikoan dudala atera naiz kontsultatik, eta neure buruari galdetu diot zergatik ote den horren zaila ulertzea printzipio hau bera bizitzako beste zenbait arlotan.

Sinisten dut. Nik sinisten dizut. Guk sinisten dizugu. Auskalo zenbat aldiz esan eta idatzi dugun hori azken aste hauetan, Iruñean epaitzen ari den talde-bortxaketaren harira, eta joan den larunbaten emakumeon kontrako biolentzia salatzeko nazioarteko eguna izan zelako. Sinisten dugula esan behar dugu, fedea delako segurtasuna falta denean noraezean ez ibiltzeko behar dugun heldulekua, ahula dela jakin arren, nahiz eta ongi dakigun ez dela bidezkoa.

Oraindik sinesten dugula esan behar diogu bortxaketa basati bat salatu eta bere bizitza lau haizetara nola zabaldu den ikusi behar izan duen gazteari. Ze axola du nik edo zuk sinesten duzunak? Gutxi edo batere, baina horratx: sinesten dugunon fedea da basakeria honen guztiaren aurrean erabili dezakegun babesleku bakarra. Eta horregatik esan egin behar dugu, ozen entzuteko moduan, honek guztiak eragiten digun oinaze sakon eta sorraren kontrako ukendu tristea dela ohartuta ere. Derrigor erantsi beharreko pilula mingotsa, eztarrian maiz katramilatuta geratzen zaiguna.

Sinisten dugu esan dugu, baina zertan ez sinisturik ez dagoela ozen aldarrikatu behar dugu. Sinesten dugula esan behar dugu, «ustezko» manipulatzaile eta zuritzailerik gehitu gabe geure esaldi labur eta trinko horretan. Sinisten dugula zabaldu behar dugu hitzez eta ekintzez, sistematikoki geure hitzak eta geure ekintzak susmopean daudelako oraindik, ez esan eta egiten dugunarengatik, garenarengatik baizik: emakumeon hitz eta ekintzak fedearen esparru lauso eta labainkorrean kokatzen dituelako balizko justiziak; hau bai, «ustezkoa».

Amets egiten dut zertan sinesturik egongo ez den gizarte duin eta ez matxista hori noizbait iritsiko dela, baina urruti gaude oraindik.

Nik zertan sinisten dudan galdetuko zidatenik ez nukeen sekula esango. Uste bainuen, inozoa halakoa, norberaren sinesmen eta fedeak auzi publikorako zertan erabili beharrik ez dagoela, eta are gutxiago justiziaren beso okertuak zuzentzeko. Gizarte gaixo honek zerbait hobea merezi eta behar du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.