Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ezkutuan datzana

2018ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Duela urte batzuk, lan-eskaintza on bat egin zidaten. Interesgarria zen, eman nezakeenaren ingurumarian kokatuta, eta ordaina bidezkoa zen, edo hala iruditu zitzaidan, behintzat. Aukera ona zen, ukaezina, eskaintza egin zidanaren ustetan, eta horregatik, erabat lekuz kanpo geratu zen «ez, eskerrik asko» esanez erantzun nionean. Asko harritu ninduen bere ondorenak: «zer esan nahi duzu?» esan baitzidan. Hitzik gabe utzi ninduen, zer jazo zen ulertu ezinik, esan nahi nuen hori aski argi jasota zegoelako hiru berbatan, tolesik gabe, erraz ulertzeko moduan emanda.

Neuri ere askotan gertatu izan zait eta kosta bada ere, ulertu dut munduari begiratzeko dugu modu oker horren gakoa: agerikoa zalantzan jartzen dugu, sinesgaitza egiten zaigu, eta ezkutuan datzanari, ordea, zilegitasun osoa ematen diogu. Susmagarria zaigu xalotasuna, eta askoz nahiago dugu ur azpiko korronteetan barrena sartzea, han egia, egia biribil eta berdaderoa, topatuko dugulakoan.

Ondokoa adibide bat baino ez da, baina aski argigarria, nire iritziz.

Joan den astean, Ines Arrimadak, Ciudadanos alderdikoKataluniako buruak, argi egin zigun esanez Martxoaren 8kogreba feministak arrazoi ideologikoak ezkutatzen dituela; horregatik ez du berak bat egingo, iruzurra delako. Mundu osora zabaldu den greba deialdiak ez omen ditu emakumeon eskubideak aldarrikatuko, eta kode sekretu bat deszifratu duenaren argitasunaz esan zigun, geuk ulertzeko, deialdi horrek beste zerbait sakonago ezkutatzen duela, mundua hankaz gora jartzeko plan ez-agerikoren bat, itxuraz. Eta zuzen dago, neurri batean bederen.

Berdin dio nondik begiratzen zaion: martxoaren 8an ordaindu nahiz ordaindu gabeko lanak eteteko deialdi horrek ez du ideologia ezkutuan gorde, eta alderantziz, oso agerian erakusten du. Hiztegiak ez du gezurrik esaten: «Garai, gizarte, talde, klase edo pertsona baten ideia-sistema, banakoaren nahiz taldearen jokabidea baldintzatzen duena», halaxe ematen baitu ideologia hitzaren azalpena. Eta ideologikoa da, ideologia nagusiak eragiten dituen askotariko miseriak salatzen dituelako, hatz handi batez seinalatzen dituelako. Argi erakusten duelako ordaindutako lanaren munduan gutxi eta gaizki garela emakumeak, eta ordaintzen ez direnetan, berriz, gehiegi.

Jakina da hitzak alferrik direla entzun nahi ez duenarentzat, eta maiz norberak aldez aurretik dakienaren, uste duenaren edo sinistu nahi duenaren barruan erretenik txikiena ere eragiteko gauza ez dira berbok.

Alferrik dira feminismoaren olatu desberdinek geure errealitatearen hondartzetara ekarri dituzten ebidentziak. Lehenak sufragioaren eskubideaz jabetu gintuen: horri esker, ordezkariak aukeratzeko eta ordezkari gisa aukeratuak izateko eskubidea dugu emakumeok. Orduan ere izan ziren zoro gonadun zalapartatsu horiek agerikoa ez zen beste zerbait pertsegitzen zutela-eta deabrutu zituztenak. Bigarren olatuak eskubide zibilak geureganatu zituen, eta argi-fokua zabaldu egin zuen, giza eta gizarte-fenomeno guztietako desberdintasunetan datzan harritzarra mugitzeko. Bertan ari gara oraindik, besteak beste, soldata-arrakalen putzu sakonean zertan orain sarturik ez dagoela diotenen itsuskeriari nola aurre egin ez dakigula. Hirugarrenak, noizbait, argi erakutsiko digu etengabe berritzen ditugun estereotipoetan datzala mendez mende iraun duen botere-sistema hau, zernahitan gutxiesten gaituena, geure burua gutxiesteko mekanismoak buru barruan iltzatu dizkiguna.

Hitzak alferrik direnean, ekintzen txanda da, agerira ekartzekoa. Behin eta berriro zer esan nahi dugun azaldu ordez, egin egitekoa. Atari zabalean, ez ezkutuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.