Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Ustelak

2018ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Twitterren ikusi du Amaiak Mediterraneoan pertsona migranteen salbamenduan dabilen Aquarius ontziaren bideoa, lanetik etxerako busean. Halaxe etorri zaio begien aurrera ezagun-ezaguna egin zaion aurpegia: gizonezko gazte bat da, larruazala begi-niniak bezain beltz eta soa sakon, oso sakon, munduko min guztiak jandako zuloa bezainbat. Bideoa geldiarazi, eta telefonoa begietara hurreratu du, harrituta, aurpegia hobeto aztertzeko eta argitzeko nondik nora ezagutzen duen.

Segituan egin zaio argia: bideoko gizon gazteak Moussaren antza dauka, izugarria, bizpahiru aste lehenago lagunekin parrandan atera eta ezagutu zuen senegaldarrarena. Bihotz formako betaurreko batzuk eskainiz hurbildu zitzaion. Merke-merke. Erosi egin zizkion, biharamunean semeak pozarren hartuko zituela pentsatuta, eta, batik bat, irribarre zabalaren gainetik sumatu zion so sakon eta minduak gupidatuta. Hala lotu ziren hizketan: 20 urte zituela, oinazez betetako bidaia luzearen ostean lau hilabete zeramala hemen, familia eta lagun guztiak Senegalen gelditu zirela, alboko herri batean bizi zela kide batzuekin, oso bakarrik sentitzen zela, kalean salmentan aritzea ez zitzaiola batere gustatzen, hiru urtez iraun behar zuela nola edo hala paperak eskuratu eta egiazko bizimodu bat lortzeko...

Pentsamendu zein sentipenak zurrunbiloan zebilzkiola aditu zizkion Amaiak horiek denak. Batetik, injustiziaren kontrako sena eta bizitzaren aldeko intuizio politikoa borborka zituela. Bestetik, kondeszendentziaz, pentsatuz Moussaren koitadutasuna ez zuela hainbeste bizi izandakoen ankerkeriak marrazten, baizik eta amesten zuen paradisuaren gezurrak. Alegia, une batez, bere burua Moussarena bezain errukigarri begitandu zitzaion gero eta malkartsuagoa zaion bizimodu prekarioan, Amaiak gero eta eskasagoak baititu lan baldintzak, gero eta handiagoak premiak eta zorrak, gero eta itoagoa denbora, bizitza. Nolanahi dela, elkartasun itzela ere sentitu zuen, Moussa etxera eramateko gogoa ernatzerainokoa. Eta, halaber, mesfidantza ikaragarria, kontatzen ari zitzaion guztia bera limurtzeko eta auskalo zer izugarrikeria egiteko engainua zela pentsatuz ikaratzerainokoa.

Antzeko zurrunbiloa sentiarazi diote egunotan Aquarius ontziaren bueltakoek. Batetik, azken boladan itzalita daukan bokazio matxinatzailea piztu zaio Europa zuriaren kontra, bere burua giza eskubideen eta bizitzaren berme autoizendatu arren, heriotzaren ertzean alderrai dabilzkiolako 629 lagun (629 bizitza, 629 gorputz zehatz eta ukigarri ). Bestetik, Korsikako agintariak, Kataluniakoak, Barkos, eta onartu behar du, baita Urkullu eta Sanchez ere, harreraren alde agertu izanak bere alde sozialdemokrata harrotu du, eta ebatzarazi dio oraindik badela esperantzarako marjinarik. Eta, aldi berean, jabetzen da marjinaren estuaz, 629 migrante hartzeak (eta zer esanik ez 60) giza eskubideen arloan txapeldun egiten zaituen garai eta lekuetan oso estua baita zoru etikoaren eta inhumanitatearen arteko tartea.

Baina, tira, nor dago kontraesanetatik libre? Lehengoan supermerkatuan ibili zuen barne borroka etorri zaio akordura Amaiari: Huelvako marrubiak eder, distiratsu eta merke arasan, eta bezperan albisteetan entzundakoa mailukadaka buruan; alegia, emakume marokoar jazarri eta esplotatuek bildutakoak direla marrubiok, haien minez gozatuak. Erosi edo ez erosi, hortxe auzia. Azkenean, hiru kiloko kaxa hartu, eta gurditxoan jarri zuen. Hain baitzeuden eder, distiratsu eta merke, hainbeste gustatzen baitzaizkio semeari... Eta, finean, zertan hobetuko luke ba emakume horien bizimodua berak marrubi kutxa horri uko egiteak?

Twitterreko bideoaren play-ari eman dio berriro. Kazetariak azaldu du Italiako Gobernuak helarazitako elikagaiak jaso dituztela Aquarius-en, zekaleak, batik bat, baina baita fruta ere. Hasi dira, ordea, ontziko ekintzaileek migranteetan artean banatzeko fruta garbitzen, eta gutxienez heren bat ustela... Horrek bere onetik atera du Amaia, sozialdemokrazia betirako akabatu eta erreboltarako sena piztu zaio atzera. Hiraren hiraz eztarria korapilatuta ailegatu da etxera. Hozkailua ireki du lasaitzeko zerbaiten bila. Orduantxe ikusi ditu: marrubi eder eta distiratsuen erdiak han atzeko zokoan, ahaztuta, ustelduta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.