benat sarasola
ARKUPEAN

Biolentzia historia bat

2015eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Euria. Goian-behean ari du azaroko eguerdi hotzean. Ari du Kursaal-en gainean, ari du Atano III.-aren gainean, ari du Victoria Eugenia gainean, baita, Intxaurrondo, Egia, Ibaeta, Aiete, Bidebieta, Altza, Amara, Gros, Ategorrieta, Antigua eta Donostia inguruko gainerako auzuneen gainean ere. Euri zaharra da Parte Zaharreko etxeen harria iluntzen duena, beste garai batekoa, Abuztuaren 31 kalea Trinitate kale zenekoa, Brokolo, Pello Expaiñ, Juana Bixenta eta enparauen garaikoa, Boulevardeko jende-saldoen partez murrailak zeudenekoa; eta kale horietako batean, Gazteluaren magalean, bada leku bat, hara biltzen direnek soziedade esaten diotena, non entzun ere egiten ez den kanpoan zarra-zarra ari duen euria, non giroa gozoa den, sutan daude eltze, kazola eta zartaginen epeltasunean.

Han bildu dira lagun zahar mordoxka bat, bizitzaren jirek eta, batez ere, politikaren birek, urtetan banatuta eduki dituztenak. Bazkalondoko odol alkoholez zipriztindua baliatu du J-k, EAJko militante betidanikoak, mahai luzearen mutur batean mahaiburu, aldamenekoari botatzeko: «urrats hartan ekibokatu zineten. Ekintza biolentoak egiten hastea...». Harriturik begiratu dio P-k, ETAren sortzaileetako bat bera, baina arrapostu beharrean alde batera biratu du burua, eta «ez hadi pipertu, T» esan dio albokoari ahopeka, «baina Sagarrarekin aldatu zuan kontua. Gauza bat ekintzatxoak dituk, errepikagailu bat lehertu han, ikurrinaren bat haizatu hor nonbait... baina pertsonak hiltzea, hori...». T-k, bere aldetik, besoa luzatu dio bizkarraldera ezkerrean duen B-ri: « Aizak, aspalditik diat kontu bat buruan hiri esateko. Rolando kafetegiaren kontrako eraso hori...». Izu-ikaraz begiratu dio B-k: «nola?». Ez du etsi, baina, Tk: «bazekiat biolentzia erabiltzea ez dela erabaki arina, eta bon, indar militarren kontrako ekintzak ulertzen dizkiat; zibilak akabatu daitezkeen atentatu bat egitea ordea...».

Gainontzeko mahaikideen kalaka apaltzen doa ezarian. Mahaiaren mutur batetik datorren harrabotsak zerbait larria adierazten die agidanez. Bk, bitartean, aldamenekoarengana makurtuta, esan dio belarrira E-ri: «diktadura batean ekintza armatuak egitea, tira, baina demokrazia formal batean...». Ez du denborarik galdu Ek erantzun ordez M-ri zerbait leporatzeko. Angel Berazadiren bahiketa eta hilketa gogorarazi dio: «barka, baina ez zuan zentzuzkoa izan abertzale bat jopuntuan ipintzea. Ez dituk gauza bera etsaiak eta arerioak». Begi bazterraz E-ri begiraturik, ez dio kasu handirik egin, baina kateari segida emateko besterik ez bada, F-rengana jo du. Yoyes hartu du hizpide. «Gure borrokalarien kontra hastea, damutuak izan ala ez, hori izan zuan akaberaren hasiera, hor pasa genian marra». Ez du ezustean harrapatu kontuak, baina erantzun ordez A-rengana biratu da: «Militar eta enpresarien kontra egitea, bale, baina jendeak bere bozen bidez aukeratutako hautetsiak akabatzen hastea, hori onartezina duk». Ailegatu da harrabotsa kasik mahaiaren beste muturrera. Oraindik, baina, A-k hitz parea du esateko R-ri: «T4-a...».

Bazkaldu bitarteko giro senitartekoa garraztu da ordurako, denak dira mingostuta; denak, salbu eta J. Orduan agertu da, baina, G, agindu bezala kafetara. Atearen aldamenean ikusi duelarik, begitartea aldatu zaio bat-batean J-ri. Festa zapuztu zaio berehalakoan. Ongi baitaki G-k leporatuko diola zergatik sartu zen espainiarren guda hartan, zergatik bidali zituen hainbeste gazte sarraski zentzubako hartara. Eta S-z hasten den leku-izen batek egin dio durundi buruan, beste behin, beste behin...
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.