Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Trastelekua

2016ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Etxearen txukunketari ekiten diodanekoa gertatzen zait askotan jendaurrera ekartzeko artikuluak idazten hasten naizenean —tira, egia esatera, bizitzari buruz pentsatzen jartzen naizenean, oro har—. Alegia, heltzen diodala agerikoari: eguneroko presatuan sofa gainean pilatutako arropa mendia jasotzeari, han eta hemen barreiatutako liburuak trabatik kentzeari, alabak jolas parke bihurtutako egongelan estropezurik egin gabe ibiltzeko pasabideak zabaltzeari, pasillo zokoan bizitza propioaren traza hartzen hasitako hauts bolak aspiragailuarekin xurgatzeari, komunean asepsia usaina lortu arte garbikari eta lixibak igurtzitzeari... Eta horrela, neke eta denbora inbertsio eramangarri baten bidez lortzen dut etxeak ordena berreskuratzea.Are, hainbatetan ohazala aldatzen dut, edo lore sorta bat erosten dut azokan ontzi polit batean paratu eta arasan jartzeko,edo koadro bat aldatzen dut lekuz, edo alabaren eskulanak sarrerako kutxaren gainean atontzen... Eta, horrenbestez, ordena berreskuratzea ez ezik, etxeak atsegintasun plus batirabaztea lortzen dut, bai niretzat, bai kanpotik datorrenarentzat.

Baina ageriko txukuntasun horrek badu ifrentzu zikina: neke eta denborak jasangarri izan zaizkidan, eguneroko presatuak nire bizi espazioetan traban jarritako gauza horiek denak jaso baino ezkutatu egiten baititut, armairu anabasatuetan, eta, batik bat, trasteleku are eta anabasatuagoan.

Nire kautan ederki asko dakit noizbait heldu beharko diodala trastelekua ordenatzeari, bestela, iritsiko dela eguna han pilatutakoak usteldu ez ezik gainezkatu egingo direna, nire bizi espazioak uholde geraezin batean itotzeraino. Horrenbestez, tarteka, neure burua adoretzen dut ohikotan ezikusiarena egiten diodan trastelekua txukuntzeari ekiteko. Ez dit askorik irauten, ordea... Atea ireki eta lanaren tamaina eta zailtasuna usaindu orduko ezintasun goibel batek jo eta indarrik gabe lagatzen nau. Hurbilen ditudan lauzpabost trasteak batu, eta espazio bat libratzera mugatzen naiz, etxearen hurrengo txukunketan oztopotik kenduko ditudan gauzak sartuko direla bermatzeko adina. Benetako arazoari izkin egiten diot, ordea: zer denbenetan premiazkoa, zer soberakina, zer apaingarria eta zer zaborra.

Bada, halatsu, ibiltzen naiz sarritan artikuluei heltzerakoan : sofan pilatutako arropa menditzarraren itxura duten albiste agerikoetan bermatuta, aurrez finkatutako, erabilitako eta funtzionatzen dutela frogatutako ideiei eutsita, neke eta denbora eramangarrien kalkuluetan. Zenbaitetan lore sorta bat erosten dut azokan. Baina badakit, agerikoak trastelekua ezkutatzen duela... Eta, tarteka, adoretzen naiz, eta erabakitzen dut atea irekitzea. Jakina, traste mordoa amiltzen zait gainera, ideia, gai eta, batez ere, galdera forman: zergatik hartu hitza, zertarako, zertan eragin, zenbaterainokoa da inpostura...Baina hasi orduko nekeak hartzen nau, eta jada jolas autokonplazientearen hatsa hartua duten ustezko autokritika ustez autoironikoekin espazio bat libratu orduko, ihes egiten dut trastelekutik. Hau da, zer den premiazkoa, zer soberakina, zer apaingarria eta zer zaborra erantzun gabe. Gaur egun eta hemen zertaz hitz egitea, zertan eragitea, zergatik eta nola den funtsezkoa argitu gabe —batzuetan erantzuna oso konplexua dela irudikatuz, beste batzuetan beldurgarriki sinplea dela susmatuta-.

Iruditzen zait iritsi zaidalaezinari aurre egiten saiatueta benetan trastelekua arakatzeko astia hartzeko momen- tua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.