garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Haurtzaro madarikatua

2016ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Orain ez aspaldi arte, nire haurtzaroaz madarikatu besterik ez nuen egiten. Okasioa sortzen zitzaidalarik, izan irudi zaharren bat begien aurrean suertatu zelako, izan doinu ezagun bat entzuteagatik, iragana gogoratzeko tekla sakatzen nuen bakoitzean halako ozpindura bat nagusitzen zitzaion nire aldarteari. Ez dut uste inoiz erraz mintzatu naizenik etapa hartan ikusi eta sentitu izandakoaz, betiko arrastoa utzi zidaten gertaerez. Madarikazioak nire kolkorako gorde izan ditut gehienetan, bakardadearen isilean neure buruari demandatzen dizkiodan kontuekin batera murtxikatzeko. Lagun minei bai, haiei aletu izan nizkien tarteka, bereziki gaztetan, probetxuzko emakumea bihurtzeko trantsizioa egokitu zenean, eta ordu txikitan beti, garagardoaren konplizitateak lagunduta.

Gaur baliagarri litzateke bizipen haiek harrotzea. Guraso naizen heinean, beste batzuen haurtzaroan erantzukizun zuzena daukadan neurrian, funtsa luke transmisioak. Zaila da, ordea, «kontu zaharrak» diruditen horiek ateratzea. Nola, noiz eta zein hizketa motatan bota liteke, publikoki jakina, guardia zibilak ikusi orduko sortzen zaizkigun hotzikarak nondik datozen, bederatzi urte eskas eta etxeko baten autoa goitik behera metrailatuta ikusi nuela, eta halaxe bukatu zuela etxeko horrek berak ere, bitsadera baino zulatuago; eta bizilagunetako bat, handik gutxira, sekretek eraman zutela gure aurrean, igande batez, telebistan arratsaldeko filma ematen ari zirenean. Eta balaz zulatuta hildako senide horren bidez ezagutu genuen beste hark ere antzeko akabera izan zuela kartzelatik atera eta gero, gure etxetik oso gertu inguratu eta tirokatu zutenean. ETAkoak zirelako. Eta zer da ETA. Areago, zer ziren ETAm eta ETApm, zer ziren Autonomoak, Iparretarrak, zer zen orduko sigla mordo hura. Esan gabe doa «normal» ez zebilenari errezeloz erreparatzen zitzaiola badaezpada, salataria izan zitekeelakoan.

Gaur tabu den beste kontu batek ere, suizidioak, nerabezarora hurbiltzen ari nintzela egin zuen agerpena nire bizitzan, baina ez hura salbuespen gisa existitzen zela adierazteko, praktika zabala zela erakusteko baizik. Eta xera espliziturik gabeko gizarte hartan, zaflakoka ematen zitzaizkiola aginduak ume bihurriari, «garaiz hartutako masaileko batek oker asko zuzen ditzakeelako»; indarkeriari, beraz, funtzio terapeutikoa ere aitortzen zitzaion, gaitzak prebentzioz konpontzekoa. Eta zereginak jaio orduko banatzen zitzaizkigula, nire kasuan «neska zarelako». Eta berdin munta handiko betebeharrak ere, klaneko kideen ardura hartzea, alargun eta bakarrik geldituz gero, esate baterako.

Haurtzaroa bizitzaren arriskuetatik babesteko estadio gisa ulertzen hasi garenetik, eta herri gisa argudio batzuk debekatu zaizkigun honetan, kasik pribilegiatua sentitzen naiz egokitu zitzaidan garaia egokitu zitzaidalako. Dramak drama, gatazkak kalean zeuden, ageri-agerian, eta haurrak gizartearen parte ginen, ez aparte jaten ematekoak.

Josep Lluis Gomez Monpart irakasleari gatazka ona ere badela entzun nion oporren atarian, EHUk antolatutako Tirabirak ikastaroan, ageriko gatazkek indarkeria markoa non dagoen erakusten dutelako, eta marko horien barruan dauden alde nahiz ertzak azaleratzen dituztelako, pluraltasuna aberasten dutelako, ahaltsuena bere orbitaz haragokoak ukatzen saiatuko den arren.

Gaur lauki argitsu batetik ageri dena da mundua gure haurrentzat. Leiho horretan azaltzen den errealitate itxuraz gatazkarik gabea, ordea, indarkeria kultural, linguistiko eta sinbolikoa borborka isurtzen duen bake negatiboa baino ez da.

Nork esan behar zigun guri azken finean zorte onekoak izan ginela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.