Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Biluzik

2016ko irailaren 15a
00:00
Entzun
Makina bat urte igaro diren arren, ongi gogoratzen dut gure alabetako batek egin zidan galdera: «Zer gertatzen zaie gizonei emakumeen gorputzekin?».

Hondartzan geunden, eta oraingo urte-modua izango zen, udako gorputz-erakustaldia ia derrigortu eta erabat orokorra den garaiaren amaieran. Zehazki irailean ote zen ez dakit, baina hor nonbait, galdera egiteko moduak iradoki baitzuen zalantza ez zela berria edo bat-batekoa, eta alderantziz, denboratxoa zebilkiola buruan su baxuan egosten.

Norberaren biografia mugarri partikularren segidak osatzen du, baina batzuk ia oharkabean pasatzen dira. Emakumeontzat bada bat bereziki ahaztua, udako hondartzarako bisitek gogorarazi didatena: bainujantzitik bikinirako jauzia egiten den garaia, hain justu ere. Nire eskarmentuaren arabera, gizonek ez dute haurtzaro eta gaztaroa bereizten dituen une horren batere oroitzapenik izaten; beraientzat, une hori ez da existitu ere egiten. Neska-emakumeontzat, alta, marra gorri bat bezalakoa izaten da, atzera bueltarik ez duena. Etxean eta eskolan esana ziguten «emakume» egingo ginela hilekoa lehen aldiz izatean, baina eskarmentuak erakutsi dit askoz lehenagotik ohartarazten gaituztela horretaz gizarte patriarkalaren hari-muturrek, ia jaio orduko. Eta esango nuke konturatzen hasten garela, jakitun bihurtuta, besteak beste hondartza edo igerilekuetan, non agerian geratzen den gizonek emakume-gorputzekin duten harreman gaizberaren objektu hutsa garela. Geure gorputzak ordura arte ezkutuan gorde ei dituen arriskuak azalera ateratzen hasten dira, eta une horretara arte ezjakin iritsi bagara, edo jabetu ez bagara, bat-batekoa izango da erorikoa, egoera berriaz ohartaraziko gaituztelako begirada eta komentarioek.

Zerbait aldatzen hasten da une horretan. Baliteke aurretik zerbaiten zantzuak hartuz joatea. Adibidez, alabak galdera egin zidanerako ikusi egingo zuen zenbait gizonen begiradek era guztietako emakumeen gorputzak goitik behera eskaneatzen zituztela. Zalantza hura agertu zuenerako, entzun egingo zituen ahopeka edo garrasika mutilek neskei esaten zizkieten era guztietako gordinkeriak. Edo norbaitek ohartaraziko zion bere bularraldean agertzen hasita zeuden koxkorren tamainaz. Ohartuko zen, bestela, nerabe-talde zalapartatsua hareatzara iristean neskek talde solidarioa osatzen zutela elkar babesteko arropa, prebentzio handiz, eranzten zuten bitartean. Ez dakit zein seinale zehatzek elikatuko zuten geure alabaren ezinegona, baina zerbait nabarituko zuen «zer gertatzen zaie emakumeen gorputzekin?» galdetu zuenerako.

Mutilei sekula ematen ez zaizkien aholkuak iristen hasten dira bainujantzitik bikinira igarotzen den udan: bularraldea estaltzeko, arropa bustia aldatzeko toallaren atzean ezkutatzeko, edota ez jartzeko mutilak bakarrik dauden taldeen ondoan. Gero etorriko dira gainerakoak: etengabe hanka sartzeko, erruan erortzeko eta kulpak pilatzeko aukerak infinituraino zabaltzen direla gogorarazten dizkiguten abisuak. Bakarrik bazoaz, zeurea da errua, bakarrik zoazelako. Emakume-taldea elkartu baduzu bakarrik ez joateko, zeuk probokatu duzu, emakume-taldean joatea gizonentzako deia delako. Goiz erretiratzen bazara, zeuk bilatu duzu gaitza, goizegi denean babes nahikorik ez dagoelako; beranduegi bazoaz, ordea, burugabea zara, berandu dabilena ur sakonetan sartzen ari dela jakina delako. Bikinia janztean gorputza gehiegi erakusteagatik erruduna zeu zara, eta «burkinia» jantzita gorputza ezkutatzeagatik ere, emakumea da probokatzailea.

Ordura arte ohartu ez bazen, orduantxe, ulertzerik ez zituen begirada horien pean jabetuko zen geure alaba emakumeon biografia osatzen duten mugarri pribatuak gertakizun publiko direla gizarte honetan. Bizitza deserosorako jauzia egingo zuen, harriduraz. Biluzik denok berdinak garela esan ohi zuen gure amona zenak, baina galdera egin zuenerako, gure alaba txikiak bazekien hori ez dela egia. Zenbat eta ageriago, orduan eta desberdinago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.