EUSKARAREN NORMALIZAZIOA. NORANTZ EGIN?. BIDEBERRITZEN

Etsipena

Castillo Suarez -

2016ko urriak 1

Etsipena. Hitz horrek laburbiltzen du sentitzen dudana aldaketaren gobernuak hizkuntza politikari dagokionez egindako aldaketa txikiaz hausnartzen dudanean. Atzera eginda, desengainurik handiena ekarri zidan Euskararen Legea aldatzeko adostasunik ez egon izanak, funtsezkoa baita lege aldaketa hizkuntza politika eraginkor bat nahi bada. Legezko hutsune administrazioetan euskara —eta gaztelania— arautzeko foru dekretu batekin beteko dute, baina, definizioz, dekretu bat beti izango da lege baten mendekoa. Horretaz gain, edo horren gainetik, euskalgintzak ezin izan du lege berri baterako aldarri sendo bat egituratu. Egia esan, horrek kezkatzen nau batik bat. Euskalgintzaren egoera Nafarroan.

Nire ezkortasunari kontra eginez, egia da hezkuntzan lortu dela eskaera historiko bat betetzea: eremu ez euskaldunean D eredua eskaintzea alegia. Erantzuna nahiko testimoniala iruditu zait, nolanahi ere. Izan liteke D ereduaren aldeko kanpainarik egin ez duelako gobernuak, baina kanpainari onenak egiten dira, hain zuzen, kanpainarik ez denean behar. Bestalde, iruditzen zait ikastolei ez zaiela eman behar duten babesa. Uxue Barkosek kanpainan hamaika aldiz esan zuen kontuan izanen zuela ikastolek egindako lana. Baina, Geroa Bai gobernuan egonda ikastolek egin dituzten ekitaldietan ordezkaritza maiz bigarren mailakoa izan da. Eta formak ez dira hutsalak. Formek, maiz, sakoenean dagoena adierazten dute ongi argi. Eta ez dut publiko-hitzartu eztabaidan sartu nahi, niretako ez baita eztabaidarik: bi sareak behar ditugu, ahalik eta sendoenak biak. Baina iruditzen zait ikastolek gehiago merezi dutela. Eta ez dut ukatzen publikoek ere behar dituztela baliabide gehiago, baina badute oso garrantzitsua den gauza bat: babes instituzional sendoa.

Nafarroako Gobernuari egin zaion kritikarik zentzuzkoenetako bat izan da izendapenekin kontserbadorea izan dela oso, eta, meritu lehiaketen ordez, izendapen libreen bidea hautatu duela, UPNk bezala. Uste dut legegintzaldi hasieran Euskarabidean arduraren bat hartzeko desira zuten asko pozik egongo direla haiek ez hautatu izanarekin. Izan ere, oso jardun motela du Euskarabideak. Egia da berreskuratu direla diru-laguntza deialdi batzuk, baina euskaltegiei eta hedabideei banatu zaien diru kopurua ez da nahikoa. Gutxi iruditzen zitzaiguna UPNrekin gutxiago da Geroa Bairekin. Egia aurrekontuak direnak direla, gizarte babeserako baliabide asko behar direla, baina ez gara kopuru handiez ari. Eta Euskarabideak ez ditu behar dituen ez giza baliabideak, ezta baliabide ekonomikoak ere.

Euskararen plan estrategikoa da Euskarabidearen egitasmorik garrantzitsuena egun. Nafarroako Gobernuak ateak zabaldu dizkie euskalgintzako kideei eta euskararekin lotura zuzena edo zeharkakoa zuten ordezkariei. Hori gauza handia da. Nafarroako gizartearen eskaerak jasoko dira. Baina afera da nola erantzungo dien Geroa Baiko gobernuak plan estrategikoak ezarriko dituen helburuei. Hori da nire kezkarik handienetako bat. Baliabideak izango/jarriko ote dituen plana gauzatzeko edo tiraderan geratuko den plan hori. Planeko bilkura batean Patxi Zabaletarekin suertatu nintzen, eta hizketan aritu ginen: zer da garrantzitsuagoa, lege estatusa aldatzea, edo hizkuntza politika aldatzea? Ez ginen ados batak bat aukeratu zuelako eta besteak bestea. Eta seguruenik galdera zen okerra, ezin baita bata bestearen azpian jarri.

UPNren gobernuek ekarri dituzten lehorte urteetan toki-entitateen esku egon da euskara normalizazioaren lidergoa. Horien eta euskalgintzaren esku, noski. Nafarroako udal eta mankomunitatea askotan aldaketa egon da, eta aro berri honetan erabaki egokiak hartu dira —Maider Beloki Unzu Iruñeko zinegotziaren jarduna da adibide on bat—. Batek daki zer gertatuko den Nafarroako Gobernuarekin heldu den legegintzaldian. Baina iruditzen zait toki-entitateek badutela ezaugarri inportante bat: autonomia. Euskalgintzari dagokionez, arrazoi ezberdinak egon litezke bere egungo ahulezia azaltzeko: gizartean oro har dagoen desmobilizazioa, urteetan pairatu duten itotze ekonomikoa, Kontseiluaren gorabeherak e. a. Alde horretatik, iruditzen zait udal, mankomunitate eta batzarren esku egongo dela euskararen biziberritzea hein handi batean, eta funtsezkoa izanen dela horien eta euskalgintzaren arteko elkarlana. Hau idaztea erraza da; askoz ere zailagoa da egikaritzea.

Goizeko buletina

BERRIAren papereko edizioaren gai nagusiak biltzen ditu egunero (astelehenetan salbu). Goizean goiz iristen da zure posta elektronikora.

Albiste gehiago

Donostiako Ramontxu Berri tabernan egondako 683 laguni egin ziete proba, atzo ©Gorka Rubio / Foku

Hego Euskal Herrian, 492 positibo

Berria

Pertsona bat hil da Nafarroan, uztailaren 15etik lehena. Uztailaren 27tik abuztuaren 3ra Galdakaoko Muguru tabernan izan ziren 420 laguni PCR proba egingo diete, eta Donostian PCR-ak egiten jarraituko dute Ramontxu Berriko bezeroei.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakaria, iragan astelehenean, Gasteizen ©Jaizki Fontaneda / Foku

«Erantzukizunerako» deia egin du Iñigo Urkulluk

Joxerra Senar

Sare sozialetan zabaldutako ohar batean, Eusko Jaurlaritzako jarduneko lehendakariak ohartarazi du «denen artean ahal den guztia» egin behar dela lehen olatuan bizitako egoera dramatikora ez itzultzeko.

 ©ARITZ LOIOLA / FOKU

Eragile guztiekin biltzeko eskatu dio oposizioak Eusko Jaurlaritzari

Olatz Esteban Ezkati

538 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian, iragan astean halako bi. Ospitaleratzeak ere bikoiztu egin dira egun batean: 103 pertsona daude erietxean.

 ©RAUL BOGAJO / FOKU

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

BERRIAlagunei esker eskaintzen dugu balioz osatutako informazioa. Egizu ekarpena gure eginkizunarekin segi dezagun.

Izan zaitez BERRIAlaguna