Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Ohiturak edo tradizioak

2017ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Keinu txikiak dira eguneroko bizitza aldatzen dutenak, ia oharkabean, astiro-astiro barrura sartzen zaizkigunean. Kontrakoa uste izaten dugun arren, gertakari handi eta entzute handikoek, egunkariek bost zutabeko izenburu nagusietan islatzen dituzten jazoera handi horiek eragin laburra izaten dute, txinpartatsua, baina hegakorra. Alta, aztura bilakatzen diren balizko txikikeriek egiazko aldaketa sortu ohi dute, benetan sakona, horietara egokitzeko gauza baldin bagara.

Garena alez ale osatzen da, eta denbora pixka bat behar izaten da metatzen doazen aztura berriek onerako edo txarrerako moldatu ote gaituzten, egokitzeko gaitasuna eskuratu diguten, edo, aldiz, jokoz kanpo utzi gaituzten.

Aristotelesek esaten zuen: «Eguneroko geure ekintzek egin egiten gaituzte. Bikaintasuna edo zintzotasuna ez dira, beraz, irabazitako dohainak, errepikatzen ditugun ohiturak baizik».

Nik ez dut gogoratzen zein egunetan erabaki zen Euroguneko herriek Euroa moneta bakarra hartzea; oso ongi gogoratzen dut, alta, 2002ko urtarrilaren leheneko goizean eguneroko ebakiak90 pezeta kostatzetik euro baterako jauzi estratosferikoa egin zuela. Eta ongi dakit hasieran harritu eta haserretu ninduena normalduz joan dela neure buruan eta nire poltsikoan. Ez dut gogoratzen noiz erosi nuen lehen eskuko telefonoa, baina badakit etxera buelta egin behar izaten dudala sega-potoa ahaztu egin dudala ohartzen naizenean.

Gauzak eta pertsonak ez gara dekretuz aldatzen, ohituraz baizik.

Gaurtik aurrera, Europako edozein txokotara goazela, telefonoa eta Internet etxeko prezio eta aukera berberaz erabiltzeko modua izango dugu; Bilbon eta Uztaritzen, berdin-berdin. Ohitura berriak ekarriko ditu horrek, edo nahiago bada, lehengo ohitura batzuk baztertzea. Herrien arteko muga fisikoak aspaldi desagertu ziren arren, muga digitalak eta kulturalak erausteak luzeago jotzen du, antza, usadio edo negozio-hobietan gotortzeko joera izaten dugulako. Zain eta muin borrokatu behar dira aldatu nahi diren azturak.

Bizi garen garai zurrunbilotsu hauetan maiz galdetzen diogu geure buruari zer berri gehiago etorriko zaigun, jo dezagun, hurrengo hamarkadan. Berriarekiko mirak liluratu egiten gaitu, eta ezinezkoa dela jakin arren, aurrera hartu nahi izaten diogu etorkizunari. Zein asmakizun berri ikusiko dugun, nola mugituko garen, nola mintzatuko gatzaizkion elkarri, eta zertaz. Aitzitik, gutxitan galdetzen diogu geure buruari zer den denbora-tarte horretan aldatzea nahi ez duguna, zeri eutsi egingo diogun, eta zergatik. Bi galdera desberdin dira, ez derrigor kontrajarriak, baina esango nuke bigarrenak, iraun egiten duten balio eta gurarien ingurukoak asko esaten duela gutaz, geure mundua ikusteko moduaz.

Ikusi, bestela, ondokoa. Usadioak agintzen du Erresuma Batuko Erreginak hitzaldi ofiziala egitea bertan gobernu berria eratzen denean. Emaitzak aldeko izango zituela uste izanda, May-ren gobernuak hurrengo hilaren 19rako, astelehenez, aurreikusi eta iragarri zuen hitzaldia irakurtzeko saio ofiziala. Orain, baina, iragarritako data atzeratu behar izango dela zabaltzen hasi da. Uler liteke, negoziazioak uste baino konplexuagoak eta luzeagoak izango direlako, baina bada beste arrazoiren bat tartean. Behin gobernua nola osatu erabakita ere, hiru egun gehigarri behar dira hitzaldia finkatzeko. Jauregiko hizkeran, «the Gracious Speech» esaten zaio mintzaldi horri eta ahuntz-larruaren gainean idazten da, lehortzen hiru egun osagarri horiek behar dituen tinta berezi batez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.