Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Ipuin bat grebarako

2018ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Idoiak gogoan du nola 13 bat urte zituztela debatea egin zuten klasean. Gizon eta emakumeen arteko harremanei buruz eztabaidatu zuten, irakasleak hala proposatuta. Oilategi tankera hartu zuen segituan hark. Bueno, zuzen esatera, oilartegiarena, nerabezaroarekin batera boz burrunbatsuak, bizkar zabalak, bizar printzak eta jarrera desafiatzaileak estreinatu berri zituzten mutikoen builek estali baitzituzten gainerakoen ahotsak hots, neskenak eta oilartu gabeko mutikoenak.

Emakumezkoak gizonezkoak baino kaskarragoak ei ziren: ipurdi handiak zituztenez korrikan motelak, besoetan giharrik ez zutenez indarrik gabeak, sentimentuz beteak zirenez buruz tuntunak... Eta, batez ere, ebidentzia bat zen, salbuespen gutxi batzuk apartatuta, ez zutela taxuzko gauzarik egiten: ez trenik, ez autorik, ez etxerik, ez gobernatu, ez gobernatzaileen kontra altxatu, ez futbolean jokatu, ez meategietara jaitsi, ez makina berririk asmatu. Salbuespen gutxi batzuk apartatuta, goxoan goxo bizi ei ziren andreak, etxeko epelean, lan izendatzea merezi ez zuten gauzatxo batzuk egiten, ia-ia zer suma: lau gauza garbitu, otordu erraz bat gertatu eta amonarekin berriketan jardun.

Idoiak gogoan du nola irakasleak moztu zuen zalaparta, eta nola hartu zien kargu mutil-oilarrei. Nola esan zien baietz, egia zela, salbuespen gutxi batzuk apartatuta, ia ez zegoela trenak, autoak, gobernuak, kontragobernuak... egiten zuen emakumezkorik, baina ez zela gaitasun kontua, baizik eta hezkuntza zein aukera arazo bat, andrazkoek mendeetan debekatua izan zutelako hori guztia. Ikusiko zutela nola itzulikatuko zen hori dena urte batzuen buruan. Neskek txaloka eskertu zuten irakaslearen esku hartzea, eta beren buruari agindu zioten beren amez bestelakoak izango zirela.

Idoiak gogoan du nola lipar batez ama etorri zitzaion burura: nola une hartantxe garbantzuak izango zituen eltzean, oheak egin, etxea oreatu, arropak eskegi, mopa pasatu, neba txikiari pardela aldatu, aitonari gosaria eman, jantzi, garbitu eta enkarguak egiten zituen bitartean. Pentsatze hutsarekin hotzikara eragin zion amaren abelerak. Pentsatu zuen hori guztia batera egiteko jakituria, kalkulu eta antolaketa izugarria behar zela. Pentsatu zuen lanik bazen horixe zela lana. Pentsatu zuen, baina ez zuen esan; eskolan ikasitako guztiak kontrako ondorioetara zeramanez, pentsatu zuena tontakeria zela ondorioztatu baitzuen.

Idoiak, gerora, jakituriaren zorua eman dio orduko pentsamendu hari. Ez dira alferrik mundua bestelakotu duten 40 urte pasatu. Bere ezagutzaren parte egin du ulertzea egungo jendarte antolaketaren oinarria dela lan erreproduktiboa ezkutatzea eta baliogabetzea, lana dela ukatzeraino. Hots, zaintza lana, eta haren ardatz diren emakumeen ekarpena kontsiderazio sozioekonomiko eta politikotik ezabatzea.

Idoia, egun, irakaslea da eta debaterako gaia jarri die neska-mutiko nerabeei. Egun matxismorik ba ote dagoen galdetu die. Arreta berezia jarri du hitza hartzeko txandak orekatuak izan daitezen. Baina segituan berotu da giroa, eta, ohartu denerako, mutil oilarren bozak nagusitu dira gelan. Diote matxismorik ez dagoela, gertatzen dena dela neskak ahulagoak direla, eta horren froga gauza inportanteak, batez ere, gizonek egiten dituztela: kiroletako munduko marka handiak, trenak, autoak, etxeak, gobernuak, kontragobernuak... Arropa nork garbitzen dien galdetu die Idoiak, afaria nork prestatzen, etxea atontzen, gaixorik daudenean zaintzen... «Amak», erantzun dute gehienek. «Amonak», beste askok. «Aurorak», «Helenak», «Jennik», besteren batzuek. «Aitak eta amak», «aitona-amonek», bakarren batek. Galdetu dienean ea ez ote diren horiek direnik eta lanik garrantzitsuenak algaraka hartu dute.

Klasetik irtetean aspaldiko lankide eta lagun irakaslearekin topo egin du Idoiak korridorean. Betidanik ezkerreko militantzian engaiatutako pertsona da, hamaika egitasmo eta mugimendutan parte hartzen duena. Leun gerturatu zaio Idoiari, eta, isilik baina ozen, errieta hauxe egin dio: «Ez dut hau jendaurrean esango, baina, benetan diotsut, eta badakit zer esaten ari naizen: gizonak deialditik kanpo utzita hanka sartzen ari zarete».

Ikastetxeko gimnasiora sartu da Idoia, grebarako batzarra han egingo dute eta. Atezaintzan lan egiten duen Itziarren eta garbitzaile aritzen den Aminaren artean aurkitu du esertzeko lekua. Arnasa hartu du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.