ARKUPEAN

Elias, Antxon

Xabier Mendiguren Elizegi -

2018ko apirilak 18
Ia batera jaio ziren, Donostian, Elias Querejeta eta Antxon Ezeiza, 1934an lehena eta 1935ean bigarrena. Querejeta gerrako irabazleen familia batean jaio zen (aita Gipuzkoako Falangeko burua izan zen gerraosteko lehen urteetan, Murtziako gobernadorea eta Madrilgo Gorteetako kidea gero), eta Ezeiza, aldiz, galtzaileetakoa, baina esan liteke zinemarako zaletasunak elkartu zituela. Biek batera bi dokumental labur egin zituzten 1960 eta 1962an (A través del fútbol eta A través de San Sebastián). Hiriko kultur giroko animatzaile imajinatzen ditut, baina zinema munduan zerbait egitekotan, garai hartan, Madrilera joan beharra zegoen, ezinbestean, eta hara joan ziren biak. Antxon, Elias.

Bata zuzendari bihurtu zen eta bestea produktore, eta rol banaketa horretan elkarrekin egin zituzten Madrilen ere beren lehen film luzeak, 60ko hamarkada amaieran. Frankismoa indarrean zegoen oraindik, baina antifrankistek sare indartsuak zituzten kulturaren arloan, eta ezkerreko zinemaren erreferenteak bihurtuz zihoazen Madrilen donostiar biak. Antxonen konpromisoa harago zihoan, ordea: euskaldun matxinoei laguntzen ibili bide zen, eta horrek behartu zuen Espainiatik alde egitera. Mexikon eman zituen urte batzuk 1973tik 1978ra, eta pelikulak egiten jarraitu zuen han.

Frankismoaren ostean hartu zituzten bideak guztiz kontrajarriak izan ziren, hala ere. Querejeta Espainiako zinema progresistako produktore kanonikoa izan zen hamarkada luzez, Erice, Chávarri, Saura edo Gutiérrez Aragónen filmak ekoitziz, baita gero plazaratu ziren zuzendari interesgarrienetako askorenak ere: Medem, León de Aranoa... Ezeiza, berriz, ez zen Madrilera itzuli, Euskal Herrira baizik, ideia bitxi bezain zoro batekin: euskal zinema sortu behar zen, eta zinema horren oinarria ez zen izango egileen jatorria, produkzioaren lekua, gaien hautaketa edo estetika jakin bat; horiek guztiak kontuan hartu nahi zituen, baina funtsa (benetako iraultza) beste bat izango zen: euskal zinemak euskaraz egina behar zuen. Bera ez zen gauza euskaraz moldatzeko, beraz ezin zuen zinema nazional horren protagonista izan, baina bere zuzendari bokazioa sakrifikatu eta itzaletik saiatu zen euskal zinema sortu berria bultzatzen eta gidatzen, Ikuska proiektuaren bidez: bost bat urtez, hogei dokumental labur egin ziren, teknikari asko formatuz, industria baten ernamuina jarriz eta zinemagile ugariri beren abiapuntuko bultzada emanez (Montxo Armendariz, Imanol Uribe eta beste...).

Tamalez, euskal erakundeak martxan jarri zirenean, gure kultur arduradun berriek ez zuten izan Ezeizaren argikusmen bera, eta Ezeizarekin hasitako zinemagile gehienek ere ez zuten haren euskaltzaletasun edo eskuzabaltasun bera, eta denen artean «cine vascoa» egitea hobetsi zuten, euskal zinemaren kaltetan (Tasio, La muerte de Mikel eta abar).

Gaur egun, identitate borrokak borroka, gero eta normalago bihurtu da zinema euskaraz egitea, eta hemengo euskal zinema erdaraz egitea gutxienez arraroa iruditzen zaigu. Ezeizak eta Ezeiza bezalakoek egin dute hori posible, urteetako lanari eta egoskorkeriari esker. Madrilgo produktore izarrak, aldiz, ia ziento bat film ekoitzi zuen, baina horietako bakar bat ere ez zen izan euskarazkoa.

Horiek denak iraganeko kontuak direla esan liteke, urte batzuk dira, gainera, bai Antxon bai Elias hilak direla. Baina gaur, Donostiako Tabakalera paretik pasatzen bazarete, han ikusiko duzue, Gipuzkoako Foru Aldundiak guztion diruaz sortu duen zinema-eskola, Elias Querejeta izena daramana. Argi gera dadin 36ko gerrako irabazleen ondorengoek segitzen dutela, laurogei urte geroago ere, bataila inportante guztiak irabazten, gure agintari autonomikoen txepelkeriari esker.