Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Bigarrenak

2018ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Telebistari begira daude sartu naizen tabernan guztiak, eta atea zabaldu orduko ohartu naiz zalapartaz. Zapuztu zait, bada, igande arratsalde euritsuan lasaitasunerako nuen itxaropena, pantailan esku-huskako txapelketaren finala ematen ari direla konturatu naizen bezain pronto. Itxura guztien arabera, oso berdinduta dago kontua: berdin egiten dute oihu gorri zein urdinaren aldekoek.

Jardun gogotsuaren erdian, baina, ozen entzun diot urliari ondokoa: «Bigarren postua ez da irabazten, bigarrena beti galtzea da eta». Gehienek baiezko keinua egin diote buruarekin, ontzat emanez haren jakinduria eta ustezko eskarmentua lehiakortasunaren auzi hauetan. Eta itzuli dira telebistara.

Ezustean pasatuko zitzaidan kontua ez balitz etxean bertan horren ingurukoa hizpide izan berri genuelako. Azterketa garaian daude gureak, eta elkarren notak emateaz gain, gelako guztien sailkapena egin dute, ia buruz, lehen, bigarren eta azken geratu direnekin zerrenda luzea osatuz. Bakarrak irabazi du, eta, beraz, beste guztiak galdu. Eta pentsatu dut ba ote dagoen bizitako lasterketa honetan jarduteko beste moduren bat, beste joko-ereduren bat, zeinean sailkapenak gupidarik gabe bazterrean edo Olinpoan ez zaituen utziko.

Charles Darwinen eskola-txostenak dio inteligentziaren mugara ozta-ozta iristen zela eta bere irakasleetako batzuek zalantza izan zutela bizitzan taxuzko zerbait egitera iritsiko ote zen. Bitxia da gero, baina antzeko sententzia bat idatzi zion bere kalifikazioetan Albert Einsteini bere irakasle batek, eta denbora alferrik ez galtzeko gomendatu omen zion. Jakina da, bestalde, Unamunok ez zuela Literaturako ikasgaia gainditu ikasle zenean, letretarako batere dohainik ez omen zuen eta. Ez dakigu irakasle horiei sekula damu ote zitzaien beren ikasleen epai zorrotza bezain okerra. Auskalo zer pentsatuko zuen gerora Milango Musikako Goi-Eskolako funtzionarioak atzera bota zuen Giuseppe Verdi izeneko ikasle horren karreraz jabetu zenean.

Bigarren sailkatzen diren guztiek ez dute zientzia hankaz gora jarriko, ez dute eboluzioren katebegien artean aparteko aurkikuntzarik egingo, eta baliteke sekula inoren bihotza ukituko duten musika-piezarik ez asmatzea. Darwin, Einstein eta enparauek bigarren sailkatzeko ere zail samar izango zuten irakasleen ustetan. Erraz esango zuten guztiek (guraso nahiz irakasleek, eta baita eurek ere) ikasle txar horiek ez zutela sekula ezer irabaziko bizitzan, are gutxiago arrakastaren txapelik.

Ikasturtearen azken txanpan nabarmenagoa da sailkapenetarako dugun joera. Zero emaitzako jokoan dihardugu: batek irabazi egiten duena derrigor galdu behar du beste norbaitek, patua horrela orekatuta geratuko zaigun esperantzan. Errazkeria izanik ere, ordena ematen digu, ulertzeko gakoa: alde baten arrakastatsuak, eta bestalde, ahal dela urruti, porrot egin dutenak. Urtea nola joan den galdetzen zaie ikasleei, eta urtea nola joan «zaien» galdetzen diote elkarri ikasleen gurasoek, egindako ahaleginaren zenbakizko rankinga osatzeko. Marra gorri bat dago 5 zenbakiaren inguruan: handik beherakoa porrota da, bigarren dibisioaren infernua, eta handik gorakoan, berriz, arrakastaren bidea hasten da, 7ra artekoa salbazioa da, eta handik gorako guztiak su-festa.

Nik bigarrenak maite ditut, eta are maiteago ditut sailkapenaren lehen postuetako edozeinetan sekula eseri ez direnak. Balizko heroien aldean, abantaila handia dutelako: oraindik garaiz daude onarpen hutsalaren pozoiarekin ez kutsatzeko, bizitzan nork bere postua, podiumetik behera, irabazteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.