Xabier Mendiguren Elizegi.
ARKUPEAN

Lehorrak eta bustiak

2018ko ekainaren 13a
00:00
Entzun
Joan den asteburuan amaitu zen Bilboko Liburu Azoka, pare bat astean Areatzan, liburuen postuak jartzeaz gain, hainbat aurkezpen, sinatze-saio eta beste hainbat ekitaldi antolatu dituena; besteak beste hiru sari-emate, estimatzen ditudan hiru idazlek jaso dituztenak: Atea saria eman diote Karmele Jaiori, Urrezko Luma Joan Mari Torrealdairi eta Zazpi Kale saria Ekaitz Goienetxeari.

Euskal idazleak sarao batetik soirée batera, subentzioen lepotik esne-bitsetan bizi garela pentsatu duenarentzat, Joxantonio Ormazabal zenaren pasadizo bat: lagunen bati sariren bat eman ziotela jakiten zuenean, zera galdetzen zion beti, irri pikaro bat begietan: «Eta sari hori zer duk: bustia ala lehorra?». Bustia zen dirutxoren batez hornitua baldin bazetorren, eta lehorra, ohore eta aipamen hutsa baldin bazen. Hamarretik bederatzitan, «lehorra» izaten zen erantzuna; halakoxeak izan dira hor goian, adibide moduan, aipatu ditudan hirurak, baita han eta hemen ematen diren beste hainbeste ere: Kritika Saria zaharrenen artean, Beterriko Liburua aspaldi samarretik, edo Zilarrezko Euskadi, edo Bilbo bertako Farolillo de Papel, edo Nafarroako Ikastolen Juul, edo Nafarroako liburu-denden elkartea ematen hasi dena, edo… Sari emate ekitaldira joateko bidaia ere bere poltsikotik ordaindu beharko du idazleak, batzuetan lanegun bat libre hartuta horretara joan ahal izateko, eta bueltan, gainera, lagunak trago batera gonbidatu beharko ditu, sariaren kontura.

Horrek ez du esan nahi, inondik ere, diru gabeko sariak eskertzen ez direnik. Aitzitik, asko poztu ohi gara gutaz oroitzen direnean, gure liburu batek hunkitu edo dibertitu duen irakurle batekin topatu ohi garen guztietan bezala. Idazletza ofizio normal bat balitz, soldata bat daukana, eta horrez gain, noizean behin, sariren bat baletor, busti nahiz lehorra, ez nuke ezer esango. Kontua da idaztearen ofizio hau dela, diferentziarekin gainera, nik ezagutzen dudan pobreena, kaxkarrena, prekarioena, miserableena. Lan normal batek urtean 1.800 ordu baditu, horiek guztiak erraz sartzen ditu idazle batek liburu oso bat pentsatzen, hausnartzen, dokumentatzen, prestatzen, idazten, berridazten, zuzentzen, promozionatzen...Dirutan, berriz, lan normal batek batez beste 30.000 euroko soldata gordina baldin badu urtean (eta aparte gizarte segurantzara enpresak egindako kotizazioa), idazle batek, urte osoa kostatu zaion liburu horrekin, batez beste, 1.000 euro inguru irabazten du salmentak ematen dituen royaltietatik (autonomoetan lau hilabete kotizatzeko ere ez). Salmentez gain, posible da hitzaldi batzuk ere sortzea batean edo bestean. Halakoekin urtean beste 1.000 euro atera ditzake idazleak, bataz beste berriz ere. Hortaz, nola moldatzen dira idazleak, bizitzeko? Gehien-gehienak, beste lanbide batean arituz eta denbora librean idatziz; eta profesionalak izatea erabaki duten heroiek, hamaika lan eta enkargu bilatuz, beren sormen librearekin zerikusi gutxi izaten dutenak.

Ez nabil inori errua leporatzen. Nik neuk sektorean lan egiten dut eta ez daukat irtenbide magikorik proposatzeko. Itzultzaile eta ilustratzaileek lan bakoitzeko hainbeste kobratu ohi dute, baina idazleei salmenten arabera ordaintzen zaie, eta gure irakurle-kopuruarekin hutsaren hurrengoa izan ohi da emaitza. Sari «bustietan», probintziako eta hiriburuko aurrezki-kutxa bana zegoen garaian, denek izaten zituzten beren literatur lehiaketak, lustrea ematen zuelakoan. Orain, denen artean kutxa bat eta sariketa bakarra. Berriki hasi da Jaurlaritza, urtero proiektu batzuk bekaz saritzen, eta hobe eredu hori zabalduko balitz, erakunde publiko nahiz pribatuen artean. Edonola ere, idazlearen lanaren kontzientzia zabaldu beharko litzateke, baita haren kostuarena eta ordainarena ere. Duintasunagatik esatea asko bada, errespetuagatik sikiera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.