Pilar Kaltzada
ARKUPEAN

Eskuak bete lan

2018ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Metaforak atsegin ditu; areago, maite ere maite ditudala esango nuke. Idazle kaxkar edo letra-juntatzaile soila naizen aldetik, ihesbide bikainak dira amarru txiki hauek: esaten asmatzen ez dudan hori irudietan biltzen dute metaforek, eta behin estalki berrian jasota, irakurleari bueltatzen zaio neure ezintasunaren zama gainean eramatearen ardura, edo arduraren zati bat, behintzat.

Maitale zaharren gisan, baina, maiz elkarri oldartu egiten gatzaizkio metaforak eta biok, eta errutinaren errazkerian erortzen gara, eta losintxa merkeetara ohituta dagoenaren antzera, elkarri barkatzen diogu nolabaiteko zabarkeria, tartean, zehaztasunik eza.

Eskuaren inguru-mariako metaforak, adibidez, behar baino maizago erabiltzeko ohitura dut nik eta itxura du antzera gertatzen zaigula askori. Eskua geure ahalen sinbolo gisa hartzen dugu, eta horrela, eskuz esku ari direnak kooperazioaren erakusgarri bihurtzen dira; eskuak bete esaten dugu eta ugaritasuna irudikatzen dugu, zerbait ona, oparo eta denontzakoa; eta berdin, eskura dugun guztia egingarri dela iradokitzen zaigu. Elkarri eskua ematen diogu lotura sendo eta apurtezinen metafora argia delakoan, eta ontzat ematen dugu guztiok, hitzik gabe hitz egitera ohituta dagoenari nahikoa baitzaio esku-keinu bat. Ohartu gabe, baina, horiek guztiek esangura askoz gehiago izan dezaketela, maiz uste denaren kontrakoa. Bostekoa luzatuz elkar agurtzearen jatorria, itxura denez, gaur egun ematen zaion edukazio oneko keinutik urruti ei dago: eskua emateak ezkutukorik ez zegoela frogatzeko modua omen zen, eta zehatzago, agurtzen ari ziren horiek armarik ez zekartela erakusteko modua zen. Eskua ematea ez zen komenientzia hutsa, elkarren ohartzapena baizik, hau da, bakean, edo behintzat elkarri labanez edo su-armaz eraso egiteko aukerarik gabeko enkontrua izango zela elkarri adierazteko modua.

175.000 lagun inguruk elkar hartu zuten joan den igandean giza kate bat osatuta Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuz. Metafora erraza da, sofistikaziorikbatere gabea. Aukeran, ez dut nik bereziki katearen irudia maite, baina maitale zaharrarinoizean behin axola zaizun zerbaiti ez erreparatzea pasa egiten diogun bezala, barkatu egiten diot honi errazkeria, orobat bete egiten nauelako, adierazi nahi dena ulertzeko zailtasunik gabe mintzo baita, eta horregatik da hain zuzen ere, indartsua eta barruak mugitzeko gauza.

Den-denak begien bistakoaizan behar duen atentzio urriko garai honetan, ezkutuan datzanari erreparazteko bidea ere badira metaforak. Niri, behintzat, ez zait oharkabean pasa adindun gizonarena izan zela hasierako eskua eta emakume gaztearena, berriz, azkena, eta pentsatu nuen hor bazegoela arreta jartzea merezi duen irudi bat, mugimendu sakonago bat irudikatzen duena, iragan eta orainaldian ez bezala, ordezkatze baten beharra agerian jartzen zuena.

Nik, behintzat, erreparatu egin nion kilometroz kilometro aurrera egin zezan olatu modukoa osatzen zihoazela eskuen saldoak, eta kantu egiten zuela jendeak, ez oihu; eta dantza egiten zuela jendeak, eta ez korri. Eta pentsatu nuen noizbait bide hau egingo badugu azken helmugaraino eraman, halaxe izango dela, itsasoa bare dagoen garaian olatuek kostaldea jotzen duten moduan, bata bestearen segidan, erritmo jarraiaz eta etengabeko mugimendu batez.

Zer litzateke bizitza metaforarik gabe? Objektibotasun aspergarriaren basamortua. Korrontearen kontran nabigatzen duten txalupa txikiak dira metaforak, askotan arestiko hau bezain errazak edo eskasak badira ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.