benat sarasola
ARKUPEAN

Ebola nemesi

2014ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Bucky Cantor Newark-eko gazte bat zen, 1944ko udan Weequahic auzoko jolastokiaren zuzendaria, polio epidemia lazgarri bat hirian zabaldu zenean. Auzoan polio kasuak ugaritu ahala zirt edo zart egiteko atakan egokitu zen: auzoan geratu bere ardurapean zeuden gazteekin epidemiari aurre egiteko edo bere neskalagun Marcia zegoen udalekuetara joan Pocono mendietara, polioaren arriskutik urrun. [Kasu, spoilerra] Azkenean bigarren aukerari heldu zion, baina luze gabe polioa udalekuetako natura-ingurune aratzera ere ailegatu zen, Bucky bera gaixo ipiniko zela. Damu bikoitz batek jan zuen Bucky. Alde batetik, damu zen bere ardurari itzuri egin izategatik Weequahiceko gazte gizajoak umezurtz utzita izurritearen aurrean. Bestetik, polioa udalekura berak eraman zuela konbentzituta han polioak jota hil eta elbarri geratutakoen errudun sentitzen zen. Bere buruaren kontrako zurruntasun moral horrek jan zuen Bucky, hainbeste ezen Marciari emandako ezkon-hitza erretiratu zuen: «Marcia, ezkon hadi mutilatua ez dagoen gizon batekin, indartsua dena, osasuntsua dena, etorkizuneko aita batek behar duen guztia duena». Marciak ezkontzeko erregutu bazion ere behin eta berriro, nekatu arte esan bazion ere maite zuela bere elbarritasun guztian, Buckyk ez zuen atzera egin.

Horixe kontatzen du, gutxi-asko, Philip Roth-en Nemesis nobelak. Egiazki, Buckyren zurrunkeria eta seta morala irakurlea gogaitzera ailegatzen da, baina erantzukizun indibidualaren etsenplu muturrekoa da.

Zerikusirik ez azken egunotan ebola dela eta gure artean ikusi eta entzuten ari garenarekin. Eztabaida publikoan, antza, ardura duen gauza bakarra da nor den pagaburua, nor lintxatu behar dugun herriko plazan ebola gurera ekartzeagatik. Erantzunak askotarikoak dira baina denek ere berdin egiten dute: errudun bat behar dugu nola edo ahala eta errudun hori, jakina, kanpoan dago.

Hor dugu gobernua bere kudeaketaren erridikulua zuritze aldera Teresa Romero behatzez seinalatzen. Desmasia ero horren erdian gobernuaren tertuliano-kazetari-ordezkari bat ikusi nuen erizainaren jokabidea osasun publikoaren kontrako atentatutzat joz.

Ez da erabat ezberdina, hala ere, gainontzeko alderdien jokabidea. Denak ere prest egokiera aprobetxatzeko esku bete bozka lortzeko. Herritarrok ere antzera, norbait seinalatu behar eta tokatzen denari luzatuko diogu behatza batere erreparorik gabe. Elurte batengatik errepideak moztu dituztela, nola den posible elurra kentzeko makina gehiago ez mobilizatzea —Alemanian ez dira errepideak mozten eta abar—. Uholde batzuk direla eta etxe eta saltokiak igerileku bihurtu direla, nola den posible hogei metroko dikeak egin beharrean berrogeikoak egin ez izana. Itsasoko denborale batek kostaldea txikitu duela, nola den posible hiru edo lau espigoi gehiago eraiki ez izana. X gaixotasuna diagnostikatu didatela, nola den posible familia medikua lehenago ohartu ez izana.

Nemesis nobelaren amaieran Bucky Cantor Arnold Mesnikoff-ekin, iraganean haren jolastokiko umeetako bat izandakoarekin, mintzo da jainkoaren inguruan. Mesnikoffek kontraesanera darama Buckyren gnostizismoa bere erantzukizunaren nozioa jainkotiarra delako humanoa bainoago. Guk, agnostikoak-edo omen garenok, gertakizun guztiak eduki behar ditugu gure menpe halaber, ez dago zoriarentzat tarterik, baina Buckyren kontrara, erantzulea beti kanpoaldean bilatzen dugu. Zinez, ez diot opa Teresa Rodriguezi Buckyren zorrozkeria moraletik pixarrik, bai ordea gainontzeko guztioi haren zorroztasun moralaren alerik..
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.