Gaizka Aranguren.
ARKUPEAN

Igitaiaren kolpe zuzena

2014ko irailaren 30a
00:00
Entzun
Espainia eta Katalunia. Nazio izan nahi baina lortu ez duen Estatua, Estatu izan nahi duen nazio zati baten aitzinean. Uneotan, bakoitzak bere lekua hartu du.

Kataluniak lau haizeetara zabaldu du: -Nire etorkizunari buruz erabaki nahi dut. Espainiak erantzun dio: -Zu ez zara nor.

Kataluniak dio: -GU naiz. Subjektu banaiz.

Espainiak dio: -Konstituzioak onartzen dizkizun erabakiak hartzeko bakarrik zara GU. Espainiatik at Estatu propioa sortzea erabakitzeko ez zara subjektu. Horretarako subjektua bat da eta bakarra: Espainia. GU espainiarrak.

Espainiak dio: -Azken 36 urteetako GU espainiarra eraldatzeko erabakia espainiar guztiei dagokie. Are gehiago; horrekin ados ez dagoena ez da demokratikoa; izan ere, legearen ondorioa da demokrazia.

Hausnarketa sinplea da. Erabat ulergarria. Subjektuan dago gakoa. Nazioarteko zuzenbide subjektu den Espainia «apurtzeko» zilegitasuna «espainiar» guztiei batera baizik ez dagokiela.

Arazoa, beraz, ez da erabakitzeko eskubidea, subjektu politiko eta juridiko izatea ala ez.

Kataluniarrek erran dezakete:-Gu bagara subjektu juridiko eta politiko. Gure egitura administratibo propioak baditugu, gure instituzioak, gure…

Espainiak erantzunen die:-Konstituzioaren mugen baitan erabaki ahal duzuenari buruz bakarrik zarete subjektu.

Legea demokrazia baino lehenagokoa bada, Espainiak arrazoi du. Demokrazia edozein lege zilegiren iturburu baldin bada, ordea, demosaren iritzia nagusitu behar dela diotenek dute arrazoia; kasu honetan kataluniarrek.

Eta orain zer?

Lerro hauek idazten ari garenean, Espainiaren bertze beso bat gorputzaren batasunaren aldeko ebazpena emanen ari da, burmuinak aginduta. Estatu bateko justizia administrazioaren lehen betebeharra Estatu Arrazoia babestea, sustatzea eta justifikatzea da. Bere burua babestea, bertzerik ez. Konstituzionalak, minuturik galdu gabe, bildu eta aldez aitzin idatzitako ebazpena sinatu du.

Ondotik, agindu judizialei entzungor eginez, Generalitateak kontsultaren bide-orriari eusten baldin badio, horren arduraduna deituko dute epaileengana eta, legearen arabera, kontsulta deialdia bertan behera utzi edo desobedientzia delituaren aitzinean geundeke. Mas kartzelarako bidean.

Lege espainiarraren indarra. Hau da, kataluniarren iritzia kontra duela badakien Estatuaren indarraren legea.

Bigarren aukera eta, ematen du, bideragarriena, kontsulta deialdia bertan behera utzi eta hauteskunde plebiszitarioetara deitzea da. (Bigarren aukera honek lehenengoa ez du erabat baztertzen; izan ere, Espainiaren jarrerari argazki adierazgarria egiteko aukera emanen bailuke).

Dagoeneko alde biek —eta nazioarteko komunitateak— badakite Kataluniako biztanle gehienek independentziaren alde bozkatuko luketela azaroaren 9an, aukera izanez gero. Horregatik ez diete bozkatzen utziko.

Espainiak, logikoa denez, independentziaren aldeko emaitzarekin baino, nahiago du bozketaren aurkako jarrerarekin argazkia egin diezaiotela nazioartean. Kudeatzeko errazagoa da, zalantza izpirik gabe.

Gero, hauteskunde plebiszitarioak baldin badaude, beti da errazago zilegitasuna kentzea5-6 aukera desberdinen artean banatutako emaitzari, kontsultaren baiezkoa eta ezezkoaren artean banatutakoari baino.

Hortaz, xake partidak, badirudi, oraindik iraunen du. Oraingo jokaldietan jakinen duguna da nork nori janen dion dorrea eta noraino aterako diren damak.

Inperio ustelduen hatzaparretatik libratu nahi duten herrien ikuspegitik, naski, hobe dugu pentsatzea erregerik nahi ez duen errepublika kataluniarrak estrategia irabazlea duela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.