benat sarasola
ARKUPEAN

Bujumburan euskaraz

2015eko urtarrilaren 8a
00:00
Entzun
Ez da izan urte amaierarekin iritsi zaigun albiste sonatuena, ez eta, egiari zor, garrantzitsuena ere. Letra larriagoz agertu zaizkigu hegazkin istripuak, Troikaren tejemanejeak Grezian, edo gehiago hurbilduz, futbol patxangak eta neguaren hotza. Irakurri nuenean, ordea, ezin izan nituen egunkariko orrialdeak normalean pasatzen ditudan erraztasunarekin pasa. Donostiako udaleko albiste bat zen: «Euskara jakitea ez da beharrezkoa izango Euskararen Aholku Batzordean egoteko». Donostiakoa, bai, baina Euskadiren (barka, zutabekide estimatu Gaizka Aranguren, errimagatik da) txistularitasuna ezin hobeki irudikatzen duena.

Geroz eta argiago dut, zenbait pentsalari liberal autodenominatuk esan bezala, Euskal Herria premodernoa dela, intelektualki azpigaratua, halako joera irrazional kasik berariazkoa duena, zeren bestela nekez ulertzen ahal dira gisa horretako pasadizoak. Bilduk osatzen duen gobernuak eskatu zuen batzordean «bi hizkuntza ofizialak» dakitenek parte har zezaten. Euskararen batzordean «beste hizkuntza ofiziala» jakin beharraren zergatia, ez jakin, baina tira, erdaldunak ez sobera asaldatzea gaztigatzen duen politika zuhurrari jarraiki, akaso ez zen zentzuzkoena sinpleki «euskara jakitea» galdatzea, gauzak nola dauden ikusita giza eskubideen kontrako krimentzat jo zitekeelako. Oposizioko taldeek, baina, PP, PSE, eta EAJk alegia, aipatu batzordeko kide izateko soilik espainiera jakitea aski zela erabaki zuten.

PSEko ordezkariak argudiatu zuen euskara «dakitenek eta ez dakitenek» egin behar dutela bere. Bere egiteko moduak zeintzuk diren, auskalo: pegatina bat jartzea golkoan? Bi urtean behin Korrikan ateratzea? Mintzodromoan paripea egitea? «Es tan bonito el euskera»-ka ibiltzea? Ez da gauza berria euskararen kontuak ahotan dituzten erdaldun zenbaiten euskararekiko maitasun platonikoa: zenbat eta urrunago, hainbat maiteago. Euskararen batzordean euskaraz aritzeko galdegitea bezalako eskaera zoro, absurdu, irrazional, burugabea, muturreko, venezuelarra egin dutenak «euskararen talibanak» direla iradoki zuen halaber. Konparazione zoragarri batekin amaitu zuen espitx gogoangarria: euskararen batzordean ezin bazuten erdaldunek parte hartu, alkatea ere, igeldotarra izaki, ezingo litzatekeela Donostiako alkate izan argudiatu zuen ez si ez no. «Honatx nire logika» pentsatuko zuen, «ez bazaizu gustatzen baditut beste hamaika».

EAJkoak antzeko bidetik jo zuen. Euskararen batzordean euskaraz aritzeko galdegitea bezalako eskaera estranbotiko, kafkiar, xelebre, bitxi, eszentrikoa egitea bazterkerian erortzea zela esan zuen, modu horretan udaleko zinegotzi batzuk, hots, erdaldunak, zokoratzen omen zirelako. Azken boladan ikusi ditut zenbait buruzagi jeltzale, xenofobiatik ez oso aparte, Espainia eta Espainiako kultura gutxiesten, espainiarrak goitik begiratzen, «Gu ezberdinak garela» azpimarratzen. Historiaren kiribilak asmaezinezkoak dira sarritan, ordea: nork esango zien pasarte valleinclandar bateko pertsonaia nabarmen izango zirela? Euskobarometro berriki publikatuan ageri zen EAJk dituela boto-emaile esanekoenak, gertatzen dena gertatzen dela fideltasun erlijiozkoaz hauteskundeak iritsita boto-txartel zuri-gorri-orlegia —esate bat da— hartzen dutenak. Bada, jeltzaleen artean egoskorrenak jeltzale euskaltzaleak direla garbi dago; horiena bai egonarria...

Badakizue, honenbestez: aski dugu espainierarekin euskararen batzordeetan parte hartzeko. Euskarari dagokionez, Burundi-ko Swahiliaren Aholku Batzorderako uzten ahal dugu; seguru abegi onez jasoko dutela gure ergatiboa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.