garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Hiru patologia

2016ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Etxe-bloke gorrixkako seigarreneko andre jubilatuak estilo zaharrean bota dio amua alabari, alegia ezezkorik ametitzen ez duen bazkari oparoa antolatuta, bi neska-mutilekin etor dakion aspaldiko partez. Eguneroko bizi-martxari erremediorik ez duen orbana atera izan balitzaio bezala hartu du alaba lanpetuak, zer esanik ez biloba nerabe pareak, eta, beraz, azken minutuan eta justuko denboraz heldu dira hitzordura; atea jo, diosala egin, berokiak erantzi eta zuzenean mahaira, konpromiso hutsez onartutako gonbitaren aurrean albait agudoen konplitu eta nor bere zereginetara itzultzeko helburuz.

Alabak, amaren berriketa baldarra ezin eraman duela zintzoki ametiturik, lelo itsaskor bat darabil bere kolkorako, tinko eta errepikakor, mahaia atontzeko lanetan antzeman duen ahaleginari esker ona agertzeko balio lezakeelakoan: «gaur ez naiz eztabaidan katramilatuko, gaur ez naiz eztabaidan katramilatuko, gaur ez naiz eztabaidan katramilatuko...». Eta halaxe iragan dira, harmonia on xamarrean-edo, zizka-mizkak irentsi eta haragi-zopa ezin beroagoa zurrupaka edan arteko solasak: zertan diren bulegoko arazoak, zer moduz ote dihoakion bizitza halakori, nolako nobedadeak ekartzen ote dituzten gazteek eskolatik, pareko bizilagunaren gorabehera astunak, eta hau, eta hori, eta hura, giroa epeltzeko balio izaten duten kontu arakatzaile horiek, harik eta anfitrioia, aulkia arrastaka atzeratu eta bigarren plateraren bila altxatu den arte.

Azpil bete bakailao dakar mahaira, arrautza-irinetan pasatutako bakailao frijitua, mimoz egina denean ume guztiek oso gustukoa izaten omen dutena, haren hitzetan. «Jan ezazue lasai», bota die neska-mutilei, «batere arantzarik ez du-eta». Haiena ez eta amaren arreta bereganatu du esaldiak. «Arantzak ez, emakumea. Arrainek hezurrak dituzte», esan dio begitara so, urrutiko gatzontzia eskatzen ariko balitzaio bezala.

Andre jubilatuari giza humero bat etorri zaio gogora, X izpi bidez ateratako plaka batean behinola ikusitakoa, eta kopeta ilundu du. «Nola izango ditu ba hezurrak!», egin dio alabari gogor, azpilean aurkitu duen zatirik susmagarriena hari emanda, «arantzarik eskasena ere ez diozu aterako honi». Baietz, besteak, ur handitan sartzen ari direla jabetzen hasita, baina arantzak arrosek izaten dituztela, eta arrainek hezurrak. «Bai eta zera ere!», amonak, «espinas esaten da, de toda la vida, aizu. Cuidado con las espinitas de la anchoa, porque tal y cual, entzun nion lehengo batean Argiñanori, eta hark ere ez badu ongi esateko talenturik, apaga y vámonos».

Txundituta begiratzen dio amak, entzun berri duen babokeria bere asmo irmoak hondoratzeko ezkutuko plan baten parte ote den susmatuz. «Gaztelaniaz, ordea!», erantzun dio azkenean, kasik erdeinuz, kasik zaunkaka, bizpahiru segundoko atzerapenez.

Batak zein besteak eskura zeukaten ogi koxkorra karraskatuz disimulatu dute amorrua. Zapuztuta sentitzen dira denak, zein baino zein. Amona, alaba sasi jakintsu mari tronpeta horrek ez diolako bakerik ematen, iloben aurrean ere lotsagarri utzi nahi izaten duelako beti, ezin asmatu duelako zer arraio ote duen bere kontra, eta noiztik. Ama, amonak ez diolako inoiz ezertxo ere ontzat hartzen, egoskor artaburu horrek amebarena baino jakituria eskasagoa duen arren bere gainetik jarri behar izaten duelako aldiro, baita bere seme-alaben aurrean ere. Eta ilobak, jaramonik egiten ez zaien lekura ekarrarazi dituztelako galdetu ere egin gabe, bost axola zaielako elementu zulatzaile horiei hezur, arantza ala espina esan behar zaien, eta oroz gainetik, ezbaika baino errazago konpon zitekeelako arazoa:arrainaren ordez, hanburgesak eskainita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.