garbine ubeda goikoetxea
ARKUPEAN

Ustelkeria

2017ko martxoaren 29a
00:00
Entzun
Aspaldi honetan, harrigarriak eta bakanak dira ustelkeria kasurik nabarmendu gabe argitzen diren egunak. Komunikabideetara jo eta nagusikeria praktikatzeko molde zahar berriren baten informazioak ernegatzen gaitu aldiko: senideak kontratatuz eta ezertxo ere ez egitearen truke dirutzak irabazi dituenarenak, arma trafikoan edo dena delakoan itsu mutu gor egiteagatik eskupeko oparoak jaso dituztenenak, diru-sari zifratsua nahikoa ez eta hileroko soldatari txartel beltzen plusa lotsak gorritu gabe erantsi dietenenak, diru zuriketan eskola aparta erakutsi dutenenak, denen sosak interes oso partikularren arabera desbideratzen dituztenenak... Mota guztietako abusuetara ohitu gaituzte politikari nahiz administratzaileek, inguruotan eta munduan barrena.

Ustelkeria kasuak azaleratzen zaizkigun hein berean ugaltzen dira gobernuek praktika zikinon aurka egiten dituzten promesak ere. Neurri zehatzak hitzematen dituzte, tresna eta protokolo bereziak indarrean jarriko direla agintzen, halako jokamolderik berriro gerta ez dadin. Denak hutsalak, ordea. Antzerki hutsa.

Esan liteke sistema bera dela ustelkeriaren motorra. Esan liteke kontratazioen gurpil zoroa bera dela iturria, non batzuek, izan enpresa edo administrazio, ondasunak eta zerbitzuak erosten dituzten, eta beste batzuek, izan kudeatzaile edo politikari, mugimendu horietarako baimenak ematen dituzten.

Esan liteke halaber, sistemak sistema eta neurriak neurri, posizio pribilegiatua norberaren alde profitatzeko grina berezkoa duela gizakiak, beti aurkituko dituela xixkatzeko edo iruzur egiteko bidea eta aitzakia, bere kolore politikoa edozein dela ere; salbuespena ez dela praktika horretara makurtu den goi-karguduna, aukera izan eta bere buruari eutsi diona baizik, kontrakoa sinetsarazten zaigun arren.

Kurioski, azalpen bitxiak ematen zaizkigu gero (okerragorik ez esatearren), aurreko batean Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak ustelkeriaren gainean egindako ikerketa estatistikoan ondorioztatutakoa eta librea omen den prentsan irakurritakoa kasu: «Lurraldeka erreparatuta, ustelenak katalanak dira». Hain zuzen, azterketak hartzen duen denbora epean —2015eko uztailetik hasi eta 2016ko irailera bitartean— ustelkeriagatik prozesatutako gehienak, alde handiz gainera, Kataluniakoak direlako. Garrantzitsu deritzote, nonbait, errudun horien lurraldetasuna ondo nabarmentzea. Ez, ordea, Kataluniari arreta berezia zergatik jarri ote zaion zehaztea, dagoeneko zinez zaila baita sinestea toki guztietara zorroztasun eta zintzotasun berberez erreparatzen denik.

Despotismoak, lapurretak, adiskidekeriak, arbitrariotasunak eta gainerako abusuek galga bakarra daukatela esango nuke: boterea erdiesten duenari denbora mugatzea. Izan bankari, politikari, alderdi buru edo administrazioko goi kargu, jende xumeen gainetik emango duen epeak estua behar luke izan legez, botere mota batetik besterako jauziak ere hesitua beharko lukeen bezala. Eta batzuek, debekatuta behar lukeen hori ofiziotzat daukate, bizi osoko planteamendutzat. Tximeletak balira bezala ikusten ditugu, hain pinpirin eta hain arin, publikotik pribatura eta pribatutik publikora, orain alderdi politiko bateko buru, edo ordezkari, edo administrazioren batean presidente, eta orain energia alorreko enpresa batean agintari, edo telekomunikazioetan gidari, edo sosek barra-barra zirkulatzen duten erakunderen batean nagusi; ondasun metaketan beti, mugarik ezak eskura jarri dien ahalmen ez bidezkoaren kudeatzaile. Agintean betikotzen diren horiek berak dira gainera, jendaurrean zintzotasun lezio apartenak ematen ikusiko ditugunak. Gibela behar da gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.