Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Kantinerita...

2017ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Berriro ere bizkarrezurrean gora kilika sentitu dut Irungo alarde parekideko txilibitari, danbor jotzaile, zaldun, eskopetari —bai, ze gauzak, baita eskopetariak ere jai giro betean ikusi ditudanean. Festa kutsatu didate neuri ere. Eta hunkidura, urtero bezala handia, begiak betetzerainokoa. Izugarria baita nire iduriko emakume eta gizonok aurrera eraman duten borroka; zehatzago, bi hamarkadaren ostean aurrera daramatena. Oraindik ere, Irunen eta Hondarribian emakumeek berdintasunean parte hartzen duten alardearen alde paratzea normalitatearen aterpe goxotik kanpo ateratzea baita, posizio hartzea, norbere burua markatzea, besteak beste, herritar guztiena behar lukeen alkatearen agurretik baztertua izatea. Ez da broma.

Are, azken urteetan gurean eraman den borroka interesgarri eta handienetakoa delakoan nago, nahiz eta ezker zein eskuin, goi zein behe, auzi honi garrantzia kentzea izan den deseroso sentiarazi dituenen estrategia. Berdintasuna beste zelai batzuetan jokatzen omen da: enpleguarenean, adibidez. Edo indarkeria matxistaren kontrakoan. Enplegu duin eta berdintasunezkorako irismenak edota indarkeria matxistari aurre egiteak plazan erabakimenez eta burujabe jardutearekin zerikusirik ez balu bezala. Funtsean, horixe baita Irun eta Hondarribiko alardeen gatazkak tradizioaren mozorropean mahai gainean jarri duena: etxetik kanpoko eremuan, plazan, jendartea eta herria eraikitzen diren leku horretan, erabakimenez eta burujabe aritzeko eragozpena dela oraindik aludun jaiotzea bai, halakoxe sinple-. Ez dela zeure kabuz delibera dezakezun zerbait, baizik eta baimentze prozesu bat beharko duzula. Oraindik eta gehiago, plazako jardun hori jaiarekin lotua bada: batetik, jendarte zein herri izatearen argamasa diren sinboloen gune pribilegiatu direlako, eta, bestetik, arau hauste eta gozamenerakoak.

Azken urteetako borroka interesgarri eta handienetakoa dela diot Irun eta Hondarribian gertatutakoa sintoma eta aldi berean katalizatzaile izan delako. Sintoma, oraindik ere indarrean den sexu/genero sistemaren indar eta erresistentzia gaitasunarena. Katalizatzaile, Bidasoko herri horietan gertatu diren itsuskerietan ispilatuta ikustetik ihesi jaietan berdintasunerako urratsak egin diren hamaika herritan bizi izandako prozesuena Lekeitioko kaxarrankakoak azken albiste pozgarriak.

Beraz, bizkarrezurrean gora kilika nabari dudala egon naiz alarde parekideko txilibitari, danbor jotzaile, zaldun eta eskopetariei begira... harik eta kantinerari erreparatu diodan arte. Eta, orduan, hotzikara sentitu dut, bizkarrezurrean gorako kilikarekin zerikusi gutxi duen atsekabe dardara urdailean. Izan ere, horixe izango da alarde parekidean gizon eta emakume izendatuek elkarrekin trukatu ezin duten rol bakarra. Horixe da alarde baztertzailean emakumeek bete dezaketen rol bakarra. Batean zein bestean, ezinbestean, emakume gazteek betetzen dutena. Horixe da janzkera, makillaje, orrazkera eta gorputz jarrera zehatz baten bidez askotariko emakume izate moldeetatik (gorputz zein buruz) Emakumea (bat eta bakarra) eratzea. Feminitate egokia plazan egoteko modu bakarrarekin berdintzea: irribarrearekin, neurrikotasun, atsegintasun eta besteen begiradaren araberako baimentze prozesuekin.

Parekidetasuna iristeko, edo, hobeto, egungo sexu/genero sistema gainditu eta erabakimen zein burujabetza pertsonalen demokratizazioan sakontzeko prozesua luzea eta bihurria izango da. Bidean, kantinerak geure egitea tokatuko zaigu... Egin ditzagun, bada, geure: jolasteko, aldatzeko, itzulikatzeko... eredu eta molde izateari utzi eta norberetasuna lantzeko tresna gerta dakizkigun.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.