Idurre Eskisabel Larrañaga.
ARKUPEAN

Pozari eusteko galderak

2018ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Poza da behazuna arintzeraino sentitu duguna. Poza da geure begiek besteenetan ispilatzen dutena, besteenek geureetan. Poza da elkarri esaten dioguna, supermerkatuko kutxetan, institutuko patioan, bulegoko kafe makinan, parkeko zurubietan, tailerrean, spinning-eko klasean, ospitaleko korridorean, tabernan, irakurle taldean... Poza da Martxoaren 8az ari garela gure ezpainek behin eta berriz ebakitzen duten hitza, aspertzeke, maizteko kezkarik gabe. Poz ikaragarria eman baitigu, ezustean, kalean elkarrekin topo egiteak, elkarren ondoan gaudela jakiteak, aurretik amona, ama, ahizpa, alaba, laguna, ezaguna, ezezaguna, eta, are, aurkaria, ikusten genuen lekuan gogaidea sumatzeak, kidea atzemateak. Poz senezkoa, gardena, elaborazio eta sofistikaziorik gabea, erraietakoa. Indartzailea.

Eta pozak, zorionez, ez dizkigu galderak eragotzi. Ezta handienak ere. Esate baterako, zer gertatu ote den eklosio honetarako. Ez da erraza erantzun osoa, baina baditugu zio posible batzuen zantzuak: adibidez, mugimendu feministaren hamarkada luzeetako lana, agenda soziopolitiko ekonomiko eta kultural handiek periferian kokatu arren, temoso aritu dena, atertu gabe. Hankaz gora jarri duena politika beraren ulermena, hain zuzen ere, erakutsiz zuztarreko eraldaketen funtsa ez dagoela ohiko epika arranditsuetan, baizik eta egunerokotasuneko bizipenetan, kale bazter, sukalde, logela eta komunetan.

Irakatsi duena eraldaketaren funtsa dagoela norbanako bakoitzari jakituria, irizpidea eta erabakimena aitortzean; teoria oro-hartzaile eta zurrunetatik harago, bizi praktiketan, norbanako bakoitzari ahotsa eta agentzia ematean. Eta horretan oinarrituta, proposatu duena greba eta protesta olde bat bakoitzak bere irizpide eta erabakimenaren arabera zizelka zezakeena, eskuin zein ezkerreko politikari hegemonikoen augurio beltz eta kontrol nahiei erronka joz. Azken batean, sinetsi duena emakume, talde edota herri bakoitzaren egiteko, eta, batez ere, ondo egiteko gaitasunean.

Pozak eragotzi ez digun beste galdera bat: zergatik kasu honetan ere Bidasoa izan den arrakala bat, zergatik izan da Ipar Euskal Herrian errekastoa Hego Euskal Herrian uholde izan dena? Edo, gurea bezalako errealitate azpiratuan, zuzenago, galdera horren gaingaldera: zergatik izan da Frantzian hain txikia eta Espainian hain erraldoia? Ez da erraza erantzun osoa, baina bateko zein besteko adiskideekin urgentziazko kontrastea eginda, hona bi hari mutur posible: batetik, azken urteetako dinamika mediatikoaren eraginez, Espainiako Estatuan, eta, ondorioz, Hego Euskal Herrian emakumeek erabat geure egina dugula erasogarritasuna; emakume gorputz izateak indarkeria matxistaren jopuntu pribilegiatu egiten gaituela haren adierazpen guztietan. Aldiz, Frantziako dinamika mediatiko, sozial eta politiko nagusian emakumeen kontrako egiturazko indarkeriak ia ez du agerpenik, ez da izendatzen eta diagnostikatzen, norbanako eroen kontutzat hartzen dira halakoak, etxekoen arteko aferatzat gehienetan. Badago beste edonon bezainbeste, baina ez da.

Bestetik, Frantziako Estatuan administrazioaren zerbitzu eskaintzaren ildotik, eta, halaber, jendarte loturen lausotze goiztiarragoaren ondorioz, emakumeek beren gain sentitzen duten zaintzaren zama, ziur aski, arinagoa da eta laburragoa denboran besterik da, eta beste eztabaida luze baterako bide, jendarte indibidualizatuago batetatik eratorritako zaintza eredu horrek bizitzaren alde edo kontra egiten duen, hots, xede feministen alde edo aurka.

Nolanahi dela, nago arestian aipatutako bi hari mutur horiek baita ere baliagarri direla Martxoaren 8 eder honetako eklosioa ulertzeko: nago emakumeen kontrako egiturazko indarkeriaren bizipen kontzientea beldur eta gertagarritasunaren forman ere jada bortxa baita, eta zaintza lanaren derrigortasun eta gutxiespena izan direla orain arte geure buruak elkarren hain arrotz bizi genituen milaka emakumek feministak garela batera aldarrikatzeko. Hau da, bizitza erdigunean jartzen duten bi ardatz, eta bizitzaren alde egingo badugu egungo antolaketa politiko, sozial, ekonomiko eta kulturala zuztarretik eraldatzea eskatzen digutenak. Desberdinkeria zehatzak konpontzetik harago, horixe baita feminismoa: bizitza lehenestea.

Horixe partekatu dugu Martxoaren 8ko uholdean, horrek txertatu digu behazuna arintzerainoko poza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.