benat sarasola
ARKUPEAN

Txalo mutuak

2014ko azaroaren 13a
00:00
Entzun
Ez gaitezen hain txalogile izan» eskatzen zuen Jose Ignazio Ansorenak, Iker Bidegorri ezizenaren pean, 1980. urteko hondarreko Oh! Euzkadi batean. Leonard Cohen Donostiako Belodromoan kontzertua eskaini berria zen. Ansorenari emanaldiak batere asebete ez, eta ez zuen ulertu nolatan jendeak jo zion hainbeste txalo; zer zela eta txalotu behar fazati hura.

Ez dakit Cohen zaharra nola ibili ote zen orduko hartan, baina Ansorenaren eskariak bere horretan darrai. Gauza gutxi iruditzen zaizkit ernegarriago txalo-jotzaile debaldekoak, palmeroak, baino. Beti gorako marearen txanpa hartzeko pronto, aurrea hartu duenaren arrastoan segitzeko prest. Halako zientoka ikusi dugu besteren (Herria, Alderdia eta beste hainbat letra larri) babesean ibiltzea hainbeste gustuko dugun inguruotan.

Sestaoko alkate xenofoboak, Josu Bergarak, migranteei errolda ukatu zien lehenik, eta iraindu eta mehatxatu zituen ez si ez no udalbatza batean. Sortu zen zalapartaren ondoren dimisioa beharrean prentsaurreko bat eman zuen. Han ziren, hutsik gabe, palmeroak. «Aurrera Josu!» oihukatzen zuten ahurrak ondo astintzen zituzten bitartean. Karro bete auzo lotsa sentitu genuen, EAJk —alkatearen alderdiak— ezer egin ez zuelako (ekintza gaitzetsi, militantzia ukatu, eta beste hainbat higiene-neurri) eragin zuen tamainako auzo lotsa hain justu. Ustelkeria kasuengatik dimisioak nonahi eskatzen diren honetan, eskandalagarria izan zen Bergararen alderdia zomorroarena egiten ikustea. Hondarribiko batel haietatik Sestaoko atoiontziok, agidanez. Zigortuko ahal dituzte herritarrek datozen hauteskundeetan halako ekintza doilorrak zuritzen dituzten alderdiak! Não todo malandro é maroto.

Tradizio politiko ororen kontua da, haatik, txalo-jotzaileena. Zaila zait ahazten nola —kasik atzo goizean— kantoi bazterretik txalotzen zitzaien ekintzaren bat egitera joaten ziren kale borrokalariei. Jendea poteoan tabernaz taberna eta gazteak korrika abiatzen zirelarik, tragoa nonbait utzi eta eskuak hautsi beharrean jotzen zuten txalo, akaso «aupa mutilak!» bat bota ere bai. Gazteok gero urtetan espetxeetan usteltzen ziren artean non zauden palmero horiek guztiak, ez jakin. Poteoan, seguru asko.

Alfonso Guerra-ren hura ere nola ahaztu: txalo egiten ez duenari ez zaiola entzuten. Ondo ikasi zuten haren lezioa Rafael Vera eta Jose Barrionuevo babestera kartzela atarira joan ziren palmeroek. Ezagun da, txaloa non, txalo-jotzailea han.

Hain hedatua dagoen joera horren kontra egin nahi izan du Pablo Iglesias Pableguk. Eskupekoei edo ate birakariei deklaratu dien ber gisan deklaratu dio gerra txaloari. Europako hauteskundeetako kanpainako mitin batean saiatu zen estreinakoz. «Nazka ematen didate txalo erraza bilatzen dutenek» jaulki zuen fermuki. Esaldia amaitu bezain pronto entzun zituen txaloak, jakina. Errazak edo konplexuak ziren, ez jakin. Luze gabe bideoa Interneten bueltaka hasi eta sare sozialetako iji eta ajeierantzuna eman nahi izan zien berrikitan Vistalegren, alderdiaren batzarrean. «Erronka joko dizuet... ez, ez, barrerik ez. Ez dut nire mintzaldiarentzat txalo bakar bat ere nahi». Inork eskuak batzeko imintzio txikiena egiten bazuen berehala hartzen zion kargu, txalo ez egiteko errieta eginez.

Ez zen Antonio Gramsci izango bi ekintza antagonikok esanahi bera izan dezaketela gaztigatu zuena. Horren adibide egokia izan zen Vistalegrekoa, zeren Iglesiasek txalo-jotzaileen menekotasuna eta obedientziari buelta eman nahi ustekoan txalo-jotzaile are menekoago eta obedienteagoak bildu zituen bere arrimuan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.