Jule Goikoetxea.
ARKUPEAN

Demokrazia pribatizatzen

2014ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Europar Batasunak demokrazia indartuko zuela agindu zuten, gobernantza sareek herritarren burujabetza irmotuko zutela. Mende erdia igaro da ordudanik eta herri subirautza ez da demokratizatzen ari Europan, guztiz kontrakoa, pribatizatzen ari da eta herritarrak ahaldundu behar zituzten gobernantza mekanismoak biderkatu egin dira, ez demokratizatu. Demokraziaren pribatizazio honek sustatu ditu hein handi batean subiranotasun aldarriak, erabakitzeko eskubidea eta sezesioa. Hori da Donostian gaurtik eta ostirala bitarte Nazioak eta Estatuak XXI. mendean nazioarteko kongresuan eztabaidatuko duguna.

Europar Batasunak autoritate politikoaren eta erabaki publikoaren pribatizazioa ekarri du globala bihurtu den heinean. Globalizazioa demokraziaren pribatizazioa baita. Ez gehiago, ezta gutxiago ere. Azken hamarkadetan herritarren eskaerak gauzatzeko eta herritarrak gobernatze prozesuan barneratzeko behar den ahalmen politikoa etengabean pribatizatu da. Ahalmen politikoa herriak bere eskaerak gauzatzeko duen gaitasuna da. Erabaki publikoa (legebiltzarra barne) loteslea izatetik hautazko aholku izatera igarotzen denean pribatizatzen da demokrazia. Herri botere eta autoritatearen, hots, herri subirautzaren pribatizazioa erabaki politikoak eta horien gauzatzea esku pribatuetan utziz hezurmamitzen da. Eta hori da finean Europar Batasuna. Hori da globalizazioa.

Subirautzaren printzipioak Estatuaren eta komunitatearen arteko erlazio zehatz bati egiten dio erreferentzia eta erlazio hori aldatzen den bakoitzean, hura birpentsatu egin behar da. Komunitate politikoen konplexutasuna handitu egin da azken hamarkadetan ongizate estatuaren funtzioen zabalkuntzarekin batera eta konplexutasun berri honek ez du inolaz ere indarrean dagoen nazio-eta-estaturik-gabeko-munduko-hiritar-kosmopolita-ergo-demokratikoa-naiz diskurtsoa berresten, alegia: estatuak eta nazioak desagertzen ari direla eta garai post-subirano batean sartzen ari garela ziurtatzen digun profezia. Guztiz kontrakoa, konplexutasun honek inoiz baino beharrezkoagoa bilakatzen du herri subirautzaren printzipioa. Bere funtzioa komunitatearen eta Estatuaren arteko erlazioa artikulatzea baita eta hori da hain zuzen ere demokratizazioak eskatzen duena. Demokratizazioa prozesu bat da, zeinaren bidez herritarrak gobernatze prozesuan barneratzen diren. Barneraketa horrek Estatuaren ahalmenaren eta gizarte mobilizazioaren arteko elkarrekintza du oinarri. Esku artean ditugun sezesio eta burujabetza prozesuak erlazio honek sortzen dituen arazoen ondorioa dira. Labur esanda, herritarren subirautza edo ahalmen politikoaren galeraren ondorio.

Burujabetza demokratikoa komunitate batek bere erabakiak gauzatzeko duen ahalmen politikoaren araberakoa da. Burujabetza demokratikoak ahalmen politiko handiko erakundeak eskatzen ditu, erakunde horiek gauzatu behar baitituzte populazioaren erabaki politikoak, hots, herri subirautza.

Herri subirautzaren helburua: herria birsortzea herriak erabaki bezala.

Hortaz, ezin demokratizatu burujabetzarik gabe.

Aro post-subiranoa des-demokratizazio aroa litzateke, kosmopolita zintzoen aroa, hots, kapitalista petoena. Ez dezagula inoiz ahaztu post-subiranotasunaz dihardutenak herria desjabetzen duten berberak direla. Erne, beraz, gobernantza eta demokrazia hitzak esaldi berean osagarriki jartzen dituztenekin, batez ere jarraian post-subiranotasuna eta post-nazionalismoa hitzak kokatzen badituzte. Estatu subirano baten altzotik proposatzen baitituzte beti ideia ilustratuok, eta nazioa osatzen duten langileek ekoitzitako aberastasunak sortzen duen kapitala, hots, soldata dela medio zabaltzen dituzte gero ideiok. Very post, very posh.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.