benat sarasola
ARKUPEAN

Dolhare (eta II)

2015eko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Nobela beltza, B generotzat jotzen diren beste zenbait literatur genero moduan, aski gutxietsia izan dela ez da kontu berria. Egia da, halaber, generoko klasikoen kalitateari esker hainbat aurreritzi ezbaian ipini direla aspaldi handitik. Gurean, lan horretan lehenengoetakoak izan genituen Pott banda eta, zehazkiago, Bernardo Atxaga. Euskarazko lehenengo nobela beltzak aurrekoak dira, baina Atxaga eta enparauak izan ziren genero hori goi literaturaren ia parean ipini zuten aitzindariak. Ross McDondald-i buruzko artikulu bat argitaratu zuten bigarren alean Pottekoek, eta Atxagak Patricia Highsmith eta Charles Baudelaire kontrajartzen zituen artikulu sonatu bat idatzi zuen urte batzuren buruan.

Euskal nobela beltza aintzatzera etorri da orobat, besteak beste, Baztango irakurle taldeak antolatu berri duen lehenengo —etorriko al dira gehiago!— Euskal Nobela Beltzaren Astea. Maltzurren batek galde lezake ea euskal nobelak ematen duen aste baterako, baina egiazki, badu mamirik euskal nobela beltzak, baita egun-egungoak ere.

Ezagun denez, nobela beltzaren ezaugarri behinenetakoa da egiten duen gizartearen disekzio eta analisi zorrotza, gehienetan gure munduaren barrunbe zikinak azalaratzen dituena. Sarritan goi literaturatzat jotzen diren lanek baino lehen eta gehiago egiten dute hori gainera. Esango nuke horixe dela baita ere gure literaturaren kasua, bai behintzat zenbait gairi dagokionez. Bakanak dira gurean migrazio garaikidearen gaia jorratzen duten fikziozko lanak, bakanak benetan gizartean fenomeno horrek duen pisuarekin alderaturik. Pablo Sastreren Leuropa izango da salbuespen ohoregarrietako bat; berriagoa, Koldo Izagirreren Dumitru.

Nobela beltzetan, baina, ugariagoak eta tematiagoak dira, proportzioan bederen, problematika horretan kokatzen direnak. Jon Arretxeren azkeneko nobeletan, esaterako, Toure izeneko burkinafasoarra dugu protagonista, paperik gabea bera, eta besteak beste prostituzio sare bati egiten diona aurre iaz argitaratu zen Hutsaren itzalak liburuan. Urte horretakoa da halaber oharkabean —aski modu injustuan, nire ustez— igaro den Katixa Dolhare-ren Biribilgune nobela, non hor ere prostituzio sareak agertzen zaizkigun. Iparluma bilduman argitaratu zuen Elkarrek, iparraldeko idazleentzat berariaz sortutako bilduman. Hegoaldekook usu gibelen uzten ditugun idazle horien bisibilitatea handitzeko sortu bilduma izango da segurki, baina nago Biribilgune bezalako liburuei mesede handiago egingo liekeela ohiko Literatura sailean argitaratuko balira.

Horrekin ez diot itzuri egin nahi, haatik, nire erantzukizunari. Izan ere, 2014ko urte literarioa errepasoa egiten zion mahainguru batean parte hartu nuen berriki, eta han nabarmendu zuen Juan Luis Zabalak Biribilgune, neronek irakurtzeke nuena —ezin urte osoan plazaratutakoak leitu, eta beste hainbat estakuru—. Migrazioaren gaiari heltzen dio bete betean istorioak, eta zehazki, Frantziako estatuan laizismo frantziarraren eta musulman askoren artean dagoen talkari. Xehetasunez agertzen zaizkigu horiek ez ezik musulman familia ezberdinen arteko kalapitak, euskaldunongandik metro eskasera dauden auzoen artekoak alegia, baina guk —eta gure literaturak—, gure mundutxo erosoan estekaturik, jaramon apurrik ere egiten ez dizkiegunak ia. Bidenabar, Charlie Hebdo-ren kontrako atentatuak baino lehen idatzi eta argitaratu zen, amaiera arte irakurri duenak badaki zergatik diodan hori. Terrorismoaren kontrako itunen hitz larrien aldean, hobeki, ezbairik gabe, literaturaren letra xehea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.