Patxi Zabaleta
ARKUPEAN

Bakegileak eta bake-aitorleak

2015eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Joan den 20an bete dira lau urte ETA erakundeak borroka armatua behin betiko utzi egiten zuela jakinarazi eta aitortu zuenetik. Geroztik askotan berretsi du erabaki eta aitorpen hura, baita une zailetan ere, adibidez aitorpen hura egin zutela dirudienak atxilotu ondoren ere.

Orain lau urteko aitorpen hura erabaki politiko baten jakinarazpena zen. ETA erakundea arrazoi politikoengatik sortu zuten eta bertan aritu direnak arrazoi politikoengatik aritu dira eta erabaki politiko baten ondorioz utzi zuen borroka armatua. Horregatik eta beste arrazoi askorengatik, aldebakarrekoa behar zuen erabaki horrek. Armagabetzeak ere nire ustez, eta ikusirik Espainiako Gobernuaren ardurarik eza aldebakarrekoa behar du, eta gainera hobe da horrela izan dadin.

Gaur eta hemen, 2015ean ondorioak eta jasandako nozimenduak eta gertatutako guztiaren azterketa egiteak kezkatzen gaitu. Egia, aitortza, kitapena... denak dira beharrezkoak etorkizuneko elkarbizitza askatasunean eraikitzea nahi badugu. Helburu nagusia horixe da, zera alegia, elkarbizitza demokratikoa eta horren baldintza nagusia eta ezinbestekoa berdintasuna da. Ez dago elkarbizitzarik irabazle eta galtzaile bezala jokatzen dutenen artean. Eta berdintasunaren sena salbuespenik eza da.

Orain dela lau urteko gertakizun garrantzitsuaren aurrekarietako bat Gernikako Akordioa izan zen eta akordio haren aldarrikapen garrantzitsuak lortu gabe daude oraindik, besteak beste, legedi eta epaitegi bereziak ezabatzea. Oraindik indarrean dago «dena ETA da» dioen leloa eta horregatik eskandalua beharko luke aste honetan bertan Askapena taldearen aurka hasitako epaiketak, eskandalua beharko luke datorren azaroaren 16an hasiko den beste epaiketa politikoak, eskandalua beharko luke Espainian preso politikoak izatea. Esandakoaren froga ukaezina delako bihurtu da Arnaldo Otegi benetako ikur politikoa eta penagarria ez ezik, lotsagarria ere bada beren buru demokratatzat daukatenak Otegiren askatasuna eskatzera ez ausartzea.

Jesus Egigurenek esan berri du Euskal Herrian Espainiako beste inon baino bake gehiago dagoela. Oraingo honetan ez nago ados Egigurenekin. Hemen nozimendua isilekoa da askotan, hemen preso politikoak dauzkagula ezin dugu ahaztu, hemen badakigu Estatuak eta Estatuko Gobernuak aprobetxatu egin nahi luketela oraindik borroka armatuaren historia beren onura politikoetarako... Bakearen itxurak etsipena ezkutatzen du batzuetan. Baina egia da baikorra izateko arrazoiak ere baleudekeela eta ausardia izan beharko litzatekeela oraindik egiteke dauden urratsetan. Adibidez, aldebakarreko armagabetzearen jakinarazpena egin, ETA erakunde zibila eta armagabetua aitortu...

Orain arte bakegintzan busti eta arriskatu ez dutenak, hemendik aurrera ere ez dutela eginen gauza jakina da.

Halere, Kolonbiara eta beste hainbeste tokitara begiratuta, inbidia samin batek inguratzen gaitu. Han bakegileak elkarri eskua ematen diote eta hemen, berriz, kartzelatu egiten dituzte. Han bake aitorpenei ongietorria egiten diete; hemen, berriz, zigortzeko froga bezala erabili nahi izaten dira. Baigorriko atxilotuak bake-aitorleak omen dira eta Arnaldo Otegiri ezin dio inork kendu bakegilearen ikur izatea.

Beste gainerako eztabaida guztiak zilegiak dira. Errelato demokratikoak soilik askatasunez egindakoak dira; nork berera alegia. Oraindik Nafarroako konkistaren errelato bateraturik ez denean, zertarako behartu ETA erakundearen inguruko errelatoa bateratua izan dadin?

Arantza Quirogaren ahalegin duinak zerbait erakusten baldin badu zera da, etorkizuneko elkarbizitza demokratikoa salbuespenik gabeko berdintasunean oinarritu beharko dela, hau da, irabazlerik eta galtzailerik gabe. Berriro ere saiatuko omen litzateke. Bejondeiola eta bejondeigula.

Bitartean bakegileek, bake-aitorleek eta preso politiko guztiek, legedi eta epaitegi berezietan zigortuak izan diren guztiek alegia bakearen, amnistiaren eta berdintasunaren zain jarraitzen dute. Nolatan izanen da bada herri hau baketsuena, adiskide Jesus? Agian beste zerbait esan nahiko zenuen, bakezaleena dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.